Beste teilatupe baten peskizan

COVID-19ak dilindan utziriko hainbat paradigmaren artean dago etxebizitzarena. Datuek diote itxialdiaren ostean nabarmen egin duela gora herri txikietan etxea erosteko interesak. Haiek biziberritzeko balioko ote duen da zalantza.
IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2020ko urriak 3

Erraz neurtzeko modukorik ez du ezer utzi COVID-19 gaitzak. Zenbakika kontatu litezke kutsatuak. Kopuruka hildakoak. Metroka distantziak. Kexaka ezinegonak. Malkoka negarrak. Baina bada itsaso erraldoi bat besarkatu ezin dena (oraindik): ondorioena. Neurria jartzeko adina jakituria pilatu ez delako bai, eta galdera marka bakoitzak berarekin milaka txikiago dakartzalako ere bai. Bitarte horretarako sortu du hemen alor bakoitzak bere galdera partikular erantzunik gabea: «Paradigma aldaketa bat dakar honek?».

Bada, demagun neurria jartzen zaila den hori itxialdi batek eragindako ondorioen zakua dela. Galdera marka nagusia izan liteke etxebizitzaren alorrean horrek zer eragin duen galdetzea, eta hark berarekin dakartzan galdera marka txikiagoen artean legoke horrek guztiak herri txikiak biziz berritzeko balio ote duen itauntzea: «Paradigma aldaketa bat dakar honek?».

Abiapuntua da kopuruz emana eta neurriz hesitua dagoen bakarra: www.idealista.com webguneak emandako datuen arabera —etxebizitzen salmentan aritzen den webgune nagusietakoa da Espainiako Estatuan—, itxialdiaren ostean nabarmen egin du gora 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan etxebizitza erosteko interesak. Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako herri txikietan etxebizitza erosteko interesa %7,4koa zen urtarrilean, eta %11,5ekoa ekainean, itxialdiaren ostean (%4,2ko igoera). Nafarroan, %18,1ekoa zen itxialdia baino lehen, eta %26,6koa itxialdiaren ostean (%8,5eko igoera). Probintziaka, Arabak izan du igoerarik handiena —hamar puntukoa—: %13,2tik %23,5era. Aldagai asko daude igoera hori azaltzen saiatzeko. Idealista.com-eko iturriek diotenez, herritar asko konturatu dira ez zaiela gustatzen euren etxebizitza, «agian terrazarik ez dutelako edo lekurik ez dutelako». Badituzte adibideak: «Bilbotarren % 13,8k kalea ikusi gabe igaro dituzte konfinamenduko hilabeteak, barruko pisu batean bizi direlako». Eta hor dator beste hainbatek ere mahai gainera dakarten aldagai bat: telelana. Etxebizitzak saltzeko webgune horretako iturriek azpimarratu dutenez, «iraultza» izango da hori: «Telelana luzerako etorri da, zalantzarik gabe, eta horrek iraultza ekarriko du hiri askotara. Hilabete hauetan telelana probatu duten langile askok egiaztatu dute funtzionatzen duela, eta ez dutela zertan etxebizitza aukeratu lanpostutik gertu dagoelako. Orain, hiri handietatik urrun bizi nahi dute langile horiek, eta prezio berean, metro karratu gehiago, argi gehiago eta gehigarriren bat —terraza edo lorategia, esaterako— dituzten etxebizitzak eskuratu nahi dituzte». Eta argudio hori indartzeko datuak ere ematen dituzte : «Herri txikietako etxebizitzen prezioa hirietakoa baino %52 merkeagoa da».

Despopulazioari aurre

Halako apetak asetzeak norberari dakarkio onura, baina izan ditzake bestelako ondorioak ere. Eta kasu jakin honetan, balantza batean jarri beharrekoak dira nola apetak hala onura posibleak. Nola mantendu oreka eta nola baliatu aukera lehendik ere abian jarritako politikekin tupust egin gabe, eta herri txiki horietako hutsuneak betetzearen aitzakian betekadarik hartu gabe.

Eneko Larrarte Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendariaren ustez, lehendik mahai gainean lokartuta zeuden zenbait eskari berriz ere indarrez hauspotzeko aukera ematen du egoera berriak. Etxebizitzaz hitz egitekoa bai, baina bizitzeko moduaz hitz egitekoa ere bai. «COVIDaren krisiak gauza asko jarri ditu zalantzan: etxean nahikoa espazio izatearena, aire zabalean gehiago egotearena, aireztapenarena... Eta egia da horrelako etxe handiak gehiago egoten direla nekazaritza eremuetan, hiri handietan baino. Horregatik piztu dute orain interesa eta hartu dute balioa».

Baina Nafarroan eskaera hori lehendik datorrela dio: «Nekazaritza eremuetako udalak jada hasita zeuden eskatzen etxebizitza berriak, eta jada ari gara zenbait udaletan horrelakoak egiten. Ez bakarrik etxebizitza berriak eraikitzen, baizik eta zaharkituta zeudenak berritzeko laguntzak ematen. Horrela, gauzak errazten zaizkio nekazaritza eremu batean bizi nahi duenari».

Larrarteren ustez, izan ere, bi gauzak egiten dute bat afera honetan: etxebizitza mota horren eskaria handitu izana bai, baina «bizimodu» horrek indarra hartu izana ere bai: «Despopulazioari buruz egin genituen jardunaldietan behin eta berriz irten zen etxebizitzaren gaia». Lortu nahi dutena da «balioa» ematea herri horietan bizitzeari, eta herri horietako «bizimoduari». Nola? «Udalen eskariari eta gobernuaren laguntzari esker, ea lortzen dugun herri eta ingurune horiek biziberritzea, eta herri horiek galtzen ari diren jende gaztea herrian gelditu dadila lortzea. Konektibitatea, garraioa eta abar ere lantzen baditugu, mugituko dira herritik lanera, baina herrian geldituko dira».

Eta Nafarroako Etxebizitza zuzendariak ere tartean sartu du telelanaren aldagaia. «Egia da badaudela lanak etxetik egin daitezkeenak, eta jarraian ez bada, bai behintzat egun batzuetan. Horrek nekazaritza ingurunean dagoen etxe horri oraindik balio handiagoa ematen dio garai honetan. Horregatik ari dira udalak ere konektibitatean eta banda zabalean indarra egin dezagula eskatzen».

Etxebizitzen salmentarako webguneek emandako datuen arabera, Nafarroa da interesik handiena piztu duten herrialdeetako bat. Larrartek dioenez, Nafarroak dituen «ezaugarriek» ematen duten horretarako aukera: «Biztanleria Iruñerrian kontzentratzen da, baina inguruko herri txikiak ongi konektatuta daude errepidez hiriburuarekin. Lizarra aldea, Zangoza aldea... Mugikortasunak bermatuta egon behar luke horietan, nekazari inguruetako biztanleriari eutsiz».

Baina nola jarri zurrunbiloari neurria? Bat-bateko fenomeno bat da hau? Agertzera doa berriro galdera: «Paradigma aldaketa bat da hau?». Larrartek baietz dio: «Paradigma aldaketa bat da hau ere. Izan ditugun barne eztabaidetan kontua zen ohartzea aldaketa egiturazkoa ote den, luzerako ote datorren... Eta esango nuke badela egiturazkoa, badela positiboa, eta nolabait zirikatu ditzakeela lehendik lozorroan zeuden eskari batzuk, administrazioak erantzuna eman diezaien».

«Bizimodu mota» aipatzen du Larrartek, eta bizimodu mota horren bila egin du aldaketa Ilazki Azaldegik (Ordizia, Gipuzkoa, 1986). Gipuzkoako Goierrin dago Ordizia, eta 10.000 biztanle baino gehiago dituen bakarrenetakoa da eskualdean —13.000 pasatxo ditu Beasainek—. Ez da, beraz, herri oso handia ere. Baina Azaldegik dioenez, «beti dago jendea». Bazuen buruan toki lasaiagoren bat bilatzea, eta Ordiziako kalean ikusi zuen horman itsatsita Zeraingo etxebizitza sozialen esku orria. Halaxe abiatu zuen prozesua: «Eman nuen izena, eta ez nuen espero tokatzea, baina tokatu zait, eta pozarren nago».

Pandemia baino lehenagokoa zen herri txiki batera joateko nahia, beraz: «Ordiziarra naiz, eta ez da herri handia, baina beti dago jendea. Nortasun kontua ere bada. Toki lasaien zalea naiz, hots gutxi dagoen tokiena, asfaltorik gabekoena». Nahi hori areagotu, horixe egin du pandemiak: «Ez dakit joera orokor bat den edo pandemiaren aitzakian herri txiki batzuk biziberrituko diren. Gehiago da konfinamenduak utzi digun ondorio edo hausnarketa bat: naturgune bat gertu izatea zer garrantzitsua den paseorako, arnasa hartzeko... Pentsa balkoi bat izateak berak hartu duen garrantzia».

Zerainek 260 bat biztanle ditu. Alokairu sozialeko eta bioeraikuntzako zortzi etxebizitza dira eskaini dituztenak, eta jada eman dituzte giltzak. Herrikoentzat edo ingurukoentzat izan dira: «Niri, gainera, dena irten zait biribil. Etxea tokatu zitzaidalako lehenengo, eta lana topatu nuelako ondoren Zerainen bertan».

Oreka eta ardura

Sortzen baita afera honetan beste korapilo bat. Kanpokoari jartzen zaizkion ustezko erraztasunak bertakoei ere ematen zaizkienekin uztartzea. Xole Aire Urepeleko auzapeza da (Nafarroa Beherea), eta sumatu du bisitarien kopuruak ez ezik herriaren inguruko interesak ere gora egin duela: «Jende aunitz dabil ibarrean eta herrian, eta konfinamendutik hona, gehiago. Jendea herriaren bisitatzen dabil. Herrian bizitzeko galdeak ere baditugu».

Garbi du Airek:«Demografia apaltzen ari den memento honetan, guk, herriko etxean, herrian bizi nahi duenari lehentasuna eman nahi diogu». Baina sortzen da zalantza bat: «Etxe bat salgai delarik, argi da dirua egin nahi bada saltzean, dirudunak erosteko ahala duela, eta noizbehinka jinez herrira, noizbehinka dio herriari bizia emaiten. Eta diru guttiago duten herriko gazteek herriko etxe bat ezin erosi...».

Horregatik dio modu antolatuan egin behar direla gauzak: «Etxe hutsen kanpaina bat badugu ibarrean, AIBA elkarteak (Aldudeko Ibarra Beti Aitzina) eta herriko etxeek bultzaturik. Helburua da etxe hutsen betetzea, saltzailearen eta eroslearen artean lotura eginez, baita alokatzeko ere. Landuz bakoitzaren ardura, ohartzeko zer ondorio duen bakoitzaren hautuak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Eskoletako Urmaelen Sareko kideak, Ataungo Joxemiel Barandiaran herri eskolako urmaelean, atzo. ©JON URBE / FOKU

Mundu bat putzu eginda

Enekoitz Telleria Sarriegi

Eskoletako Urmaelen Sareak lehen topaketa egin du Ataunen. Urmael bat sortzeak eta kudeatzeak dituen onurez eta proiektuak saretzeko beharraz aritu dira. «Laborategi natural batzuk dira».
1 ©- / EZEZAGUNA

Baratzeak loratzen duen guztia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hiri baratzeek gero eta erabiltzaile gehiago dituzte. Eskariak gora egin du, eta eskaintzari neurria jarri nahian ari dira euskal hiriburuetako udalak. Onurak baino ez dizkiote ikusten nola teknikariek hala erabiltzaileek.

Aktore protagonistak Nicole Kidman eta Hugh Grant. ©BERRIA

Burbuila bezain hauskorra

Mikel Yarza Artola

David E. Kelley estatubatuarrak 'The Undoing' telesaila aurkeztu du, 'Big Litte Lies' goratuaren ostean

Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo eta Sara Cozar, filmaren grabazioan, Bizkaian. ©ERLAUNTZA

Umorez blaitutako ziztada

Nagore Arin

Zinema aretoetara iritsi da 'Erlauntza' ekoizpena, bi urtez antzokiz antzoki ibili ondoren. Sei emakume ditu protagonistatzat, eta ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna