Koronabirusa. Eragina Txinako ekonomian

Ekonomia kutsatua

Hondamendia ala errebotea? Koronabirusak ondorio kaltegarriak izango ditu Txinako ekonomian, batez ere zerbitzuen sektorean. Industrian, berriz, gakoa izango da epidemia dena mundura zabaldu eta pandemia ez bilakatzea.

Tenperatura kontrolatzen dute Shanghaiko eraikin publiko guztietan. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Bi hilabete eta erdi igaro dira birus bitxi bat agertu zenetik Txinako Wuhan hirian; hilabete baino gehiago Txinako Gobernuak hiria itxi zuenetik. Txinatarren Urteberri egunaren bezperaz geroztik, ia 60 milioi herritar daude beren etxeetan, eta Txinak ahalik eta gehien moteldu du bere jarduera koronabirusaren hedapena eragozteko. Orain, bi astez kutsadura berrien kasuak jaisten aritu ondoren, Txina jarduera ekonomikoa berriro abiatu beharrean dago, osasun krisiak ez diezaion kalterik egin Alderdi Komunistaren legitimotasun zutabe nagusiari: bere herritarren ongizate ekonomikoa handitzeko gaitasuna.

Baina ez da erraza izango munduko fabrikaren motorra berriro abiaraztea. Pekingo CKGSB negozio eskolak kaleratu ohi duen enpresen baldintzen indizea inoizko mailarik txikienera amildu zen otsailean: 37,3 puntuan geratu zen, urtarrilean baino hogei puntu gutxiagoan. «Prest geunden erortze bat ikusteko, baina ez genuen uste hain bortitza izango zenik», azaldu du CKGSBk. Enpresek uste dute beren diru sarrerak txikitu egingo direla eta finantzatzeko arazoak izango dituztela.

Ezkorra da Europako Batasuneko Txinarako Merkataritza Ganbera ere. Ostegunean txosten luze bat kaleratu zuen koronabirusaren ondorio ekonomikoen inguruan. Horretan agertzen denez, kide dituen enpresen %89kalteak jasaten ari dira. Bitik batek espero du urtearen lehen erdian diru sarrerak gutxienez %20 txikitzea, eta %46k txikitu egin dituzte 2020 osorako aurreikuspenak. Antzekoa diote Txinan dauden AEBetako enpresek: %10ek diote egunean milioi erdi yuan baino gehiago galtzen ari direla (66.000 euro).

Langileak ezin dira itzuli

Eskulan falta da arazo nagusietako bat —%47k aipatu dute—. Paloma Sanchez bitxigile katalanak bere kasua azaldu du: «Hiri batetik bestera joateko debekuaren ondorioz, nire langileak ezin izan dira itzuli Guangdong probintziatik. Eta, itzuliko balira ere, hamalau eguneko berrogeialdi bat ezarriko liekete. Hortaz, denda ireki ahal izango bagenu, ezingo genituzke egiteko ditugun eskaerak bete. Okerrena da ez dakigula noiz arte luzatuko den egoera. Gastuak ez dira jaitsi, alokairuak eta soldatak ordaindu behar ditudalako, baina ez dut diru sarrerarik». Merkataritza ganberak galdekatutako Europako enpresen %30 daude egoera horretan.

Ekoizteko zailtasunari gehitu behar zaio kontsumoaren amiltzea, enpresen %56k jasaten baitute. «Bagenekien txinatarren Urteberriko bi asteetan salmentak jaitsi egingo zirela. Baina, aurreko urte batzuetan ez bezala, aurten kontsumoak ez du gora egin oporren osteko bi asteetan, jendea etxean baitago, eta oinarrizkoa soilik erosten baitu. Egoera luzatuz gero, hondamendia izango da merkatarientzat», gehitu du Sanchezek.

Iritzi horretakoa da Asier Bideguren ere. Ponsa enpresak Donguan hirian duen jantzi fabrikaren arduraduna da. «Zerbitzuen sektorea izango da kaltetuena, ostalaritza bereziki. Jatetxe asko itxita daude, eta beste askok etxez etxe baizik ezin dute janaria banatu. Herritar gehienek etxean kozinatzen dute».

Bidegureni arrazoia eman dio Sergio Morenok, Shanghaiko Comune Social jatetxeko sukaldari nagusiak. Hilabete bat egin du Txinatik kanpo, ezin baitzen Afrikako oporretatik itzuli. Bueltatutakoan, ez du ia bezerorik. «Langile batzuk ez dira itzuli, eta ez dugu espero itzultzea, baina oraindik ezin dugu jatetxea zabaldu. Etxez etxeko banaketa martxan jarriko dugu, baina hori ez da nahikoa kostuak ordaintzeko. Espero dugu normaltasuna itzultzea martxoaren 10erako, bestela itsasontzia hondoratu egingo baita», azaldu du sukaldari espainiarrak.

Hornitzaile bila

Industriarentzat ere gauzak ez dira errazak. «Txinari asko eragingo dio koronabirusaren krisiak. Batez ere enpresa txikiei eta pribatuei, gobernuak eginahalak egingo dituelako sektore publikoari laguntzeko eta datu makroekonomikoak makillatzeko», uste du Bidegurenek. «Sektoretik sektorera desberdintasun handiak izango dira. Gurean, jantzigintzan, batez ere kotoiarekin lan egiten dutenei egingo die min. Argi dago modaren kate handiek beste lurralde batzuetara joko dutela hornitzaile bila».

AEBetako Txinarako Merkataritza Ganberaren txosten baten arabera, herrialde horretako enpresen herenak prestatzen ari dira ekoizpena beste herrialde batera eramateko, Asia hego ekialdeko beste herrialdeetara nagusiki. «Koronabirusak negozioak egiteko moldea aldatuko du; hornitzaileak dibertsifikatzea ekarriko du», ziurtatu du Joerg Wuttke Europako Ganberako presidenteak. Baina ohartarazi du hainbatek arazoak izango dituztela: «Askorentzat, Txinatik alde egitea ez da aukera bat, ez dagoelako beste Txinarik».

Ponsak ez du joateko asmorik.«Gure lehengaia plastikoaren eratorri bat da, eta haren prezioa ez da aldatzen ari. Horregatik, urte zaila izan arren, iazko antzeko datuak espero ditugu. Uste baino hamar egun beranduago ireki dugu, eta orain galdutakoa berreskuratu nahian gabiltza, astean beste ordu bat lan eginez. Oraingoz, inork ez ditu eskariak bertan behera utzi. Arazoaren muina izango da bezeroekin eta hornitzaileekin prezioak berriro negoziatzea», azaldu du Bidegurenek.

Autogintza, larriago

Gauzek itxura okerragoa dute autogintzan. Txina da munduko merkaturik handiena, eta koronabirusa kolpe gogorra ematen ari zaie jada gainbeheran zeuden salmentei. Datu ofizialen arabera, otsaileko lehen astean 4.909 auto berri baizik ez ziren matrikulatu, iaz baino %92 gutxiago. «Saltoki gehienak itxiak izan dira, eta ireki dutenek ia ez dute bezerorik izan», azaldu du Txinako Autogileen Elkarteak.

Pedro Segoviak baieztatu ditu susmo txarrak; RTS autoen osagai egileak Jinhua hirian duen plantako zuzendari nagusia da. «Hondamendia izango da. Koronabirusa trantsizio garai erabakigarri batean etorri da, dieselaren krisiaren ondoren eta auto garbien hedatzearen aurretik. Ziurgabetasuna salmenten jaitsiera handitzen ari da, eta, logikoki, osagaien egileei kalte egiten digu». Uste duenez, geldialdiak hondoratu egingo ditu jada larri zebiltzan enpresak, eta eragingo du ekoizpenaren zati bat Mexikora, Indonesiara eta Turkiara joango dela. «Mexikon lanean ditudan adiskide batzuek baieztatu didate eskaera gehiago egin dizkietela, badaezpada ere. Hazteko aukera dute orain, baina hor dagoen zalantza honako hau da: egoera normaltzen denean, eskaera horiek Txinara itzuliko dira, ala beste lekuetan geratuko dira?».

Bere galderari erantzun dio Segoviak: «Nik uste dut lan asko ez direla itzuliko, enpresa askok Txinako fabriketan lortzen dituzten irabazi tarteak ez direlako duela hamar edo hamabost urtekoak, ezta hurrik eman ere. Txinan bertan saltzen dutenentzat soilik da interesgarria Txinan ekoiztea. Munduko fabrika zen lehen, eta munduko kontsumitzaile handiena da orain. Horregatik, ekoizpena biziberrituko bada, barne kontsumoaren eskutik izango da».

Errebotea izango dela uste dute askok. «Egoera normaltzen denean, espero dut jendeak bizitzaz gozatu nahi izango duela, eta egin ez dituen erosketa horiek egingo dituela», adierazi du Sanchez bitxi saltzaileak. Iritzi horretakoa da Goldman Sachs ere: boom bat iragarri du krisia amaitzen denerako. Are urrunago joan da Wuttke; uste du krisiak aitzakia perfektua ematen diola Txinako Gobernuari mundura gehiago zabaltzeko eta erreforma ekonomikoetan sakontzeko.

Agian horregatik, Pekingo agintariek iragarri dute %6ko hazkunde helburuari eutsiko diotela. «Koronabirusaren epidemiak soilik eragingo du lorpen hori epikoagoa izatea», esan zuen Xinhua berri agentzia ofizialak, triunfalismo ulertezinaz betetako editorial batean.

Ekoizpena beste herrialde batzuetara eramatea oso garestia izan daitekeela ohartarazi zien Xinhuak horretarako tentaldia izan dezaketenei, eta iragarri zuen krisiak ez diola kalterik egingo Txinak munduko hornidura katean duen lekuari. «Esportazioek martxoan eta apirilean jotzen dute goia; epidemia ordurako kontrolatuz gero, Txinako industriak ia ez du kalterik izango», azaldu zuen informazio horretan Xu Qiyuan Txinako Giza Zientzien Akademiako ikertzaileak.

Gobernuaren mezua aspertu arte errepikatu du prentsak: txinatarrek konfiantza izan behar dute ekonomiaren gaitasunean. Lortze aldera, agintariek jarduera sustatzeko hainbat neurri onartu dituzte: langileak doan mugitu ahal izatea, hiruhileko batean BEZa ez ordaintzea, alokairuak eta Gizarte Segurantzako kuotak txikitzea... Gehienek espero dute diru laguntza gehiago etorriko direla, kolpea arintzeko.

Europaren beldur

Baina, Xuk berak onartu duenez, Txinatik kanpo gertatzen denak baldintzatuko du dena. «Geure beldurra da Europan eta AEBetan zer gertatuko den. Birusa hara iristen bada, Txinak hartutako neurriak hartuko dituzte han ere? Eraikitzeari utziko diote? Hala balitz, arazo oso larriak izan ditzakegu», onartu du Antxon San Miguelek, Kataluniako Tucal hodi egileak Ningbo hirian duen lantegiko zuzendariak. «Geure produkzioaren zatirik handiena esportatu egiten dugu. Otsaileko emaitzak txarrak dira, gutxiago saldu dugulako, baina martxoko eskaerak iazkoen pare daude». Oraingoz, ekoizpen gaitasunaren %75 erabiltzen ari dira Tucain. Ningboko herritarrak kontratatzen ari dira Txinako beste leku batzuetatik itzultzerik ez dutenak ordezkatzeko, eta espero dute martxoaren 15erako %100ean funtzionatu ahal izatea.

Bideguren ere baikorra da, baina pixka bat zuhurragoa. «Epidemia mundu osora zabalduz gero, urtea bai izango dela dramatikoa, geure esportazioei eragingo dielako. Txina izango da kaltetuena, baina mundu osoko ekonomiara iritsiko da kutsatzea. Kontsumoa herritarren konfiantzaren menpe dagoelako. Horregatik, zaila da jakitea zer gertatuko den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.