60 urtera arteko zigor eskea, andrea eta amaginarreba hiltzea egotzita

Defentsak eskatu du kartzela zigorra zortzi urtera jaisteko, argudiatuta akusatuak «buru nahasmendua» zuela eta ez zela hilketa izan

Hilketa matxista salatzeko manifestazioa, 2018an, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bikotekide ohia eta haren ama hiltzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten 2018an Gasteizen, eta atzo hasi zen haren kontrako epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian. Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatuarentzat, genero eta ahaidetasun larrigarriak dituen hilketa egotzita. Halaber, bi seme-alaben gaineko guraso agintea kentzea eskatzen du. Clara Campoamor elkarteak (herri akusazioa), berriz, 60 urteko zigorra eskatzen du. Defentsak zigorra zortzi urteko espetxealdira jaistea nahi du, argudiatuta akusatuak «buru nahasmendua» zuela eta hilketa ez, baizik eta giza hilketa egin zuela.

Akusatuak bere abokatuaren galderei soilik erantzun zien. Esan zuen «egoera depresiboan» zegoela hilketaren unean, horren ondorioz lanean bajak hartu behar izan zituela eta suizidio saiakera bat ere egin zuela. Gaineratu zuen egoera horren arrazoia emazte ohiarengandik banatzea izan zela. Hilketaren inguruko xehetasunak ere eman zituen. Haren bertsioaren arabera, gertaeraren egunean emaztearen etxera joan zen, emazteak eta amaginarrebak bultza egin zioten, eta horrek «burua galtzera» eraman zuen. Ondoren, labana atera zuen. Labana bere buruaren kontra erabiltzeko asmoa zuela erantsi zuen, horregatik zeramala gainean.

Oso bestelakoa da fiskaltzaren bertsioa, bere akusazioan baitio akusatuak ez zuela jasan emaztea beragandik banatu izana, ezta haren amak hori galarazi ez izana ere, eta horregatik erabaki zuela biak hiltzea. Atzoko saioan, fiskalak esan zuen saiatuko dela erakusten genero arrazoiengatik hil zituela eta bazekiela zer egiten ari zen. Aitortu zuen instrukzio fasean ez dela frogatzerik izan akusatua «ankerkeriaz» aritu zela, baina ziurtatu zuen epaiketan frogatuta geratuz gero zigor eskaerari larrigarri hori gehituko diola.

Hildakoen familiaren abokatuak adierazi zuen akusatuak bazekiela zer egiten ari zen, «jabetzen» zela. Emaztearen familiarekin harreman txarra zuela azaldu zuen. Hala baieztatu zuen emaztearen anaiak ere, eta erantsi bere arrebak beldurra ziola gizonarengandik banatzeari, akusatuak egin zezakeenagatik.

Gaur jarraituko du epaiketak, eta martxoaren 9an edo 10ean amaitzea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.