U-30eko greba orokorra egitea «ezinbestekoa da», Mitxel Lakuntzarentzat

xabier martin
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Lan eta pentsioen erreformak indargabetuko dituztela «iragarriagatik», PSOEk eta Unidas Podemosek adostutako gobernu akordioan «ez da halakorik ageri», ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren ustez. Kontua zera da: haren ustez, ezagutarazi dituzten neurriak ez direla «batere argiak». «Egia da hobekuntza batzuk aipatzen direla, esaterako pentsioen erosteko ahalmena atzera bermatzea edota lan hitzarmenen ultraaktibitatea, baina duela urtebete ere neurri horiek adostu arren ez zituzten gauzatu». Horregatik, U-30eko greba orokorra «ezinbestekoa» dela esan du.

Lan erreforman eta pentsioen atalean iragarritako neurriak «benetan nola gauzatzen diren» ikusi nahi du sindikatuak. Edonola ere, «egoera ez da zain egoteko modukoa», Lakuntzaren arabera; «hori izan liteke egin genezakeen okerrena». ELAko idazkari nagusiak esan du ezagutu berri diren neurriek ez dietela erantzunik ematen greba orokorrerako plazaratu dituzten aldarri taulako puntu gehienei.

Are, negoziazio kolektiborako eskubideari kalte egiteko bidean direla ere ohartarazi du. «Ez da aipatzen, ezta lausoki ere, negoziazio kolektiboko egitura bertan behera uzteko asmorik»; gaur egun, Espainiako hitzarmenak lurraldeetakoei gailentzen zaizkie. Bada, «testuaren arabera, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa are handiagoa izan liteke», esan du Lakuntzak.

Kalera ateratzeko garaia

Mitxel Lakuntzaren arabera, «benetako lorpenak iristeko ezinbestekoa da mobilizazioa». Tesi horrekin bat, urtarrilaren 30eko greba orokorra eskaini dio gizarteari borrokatzeko tresna gisa. «Ezin dugu erori jendartea desmobilizatu nahi dutenen tranpan; horientzat lagungarri gertatzen dira ere eskuin muturreko hedabideen ildo apokaliptikoak. Kalera ateratzeko unea da, gure eskubideak aldarrikatzekoa; urtarrilaren 30eko greba horretarako aukera ezin egokiagoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.