Albistea entzun

Ion Izagirre. Txirrindularia

«Badakit Cofidisen garrantzitsua izango naizela»

Egonkortasun bila doa Ion Izagirre Cofidis taldera. Astanan segitu zezakeen, baina irtetea erabaki du. Sasoi osoan etxekoen falta nabaritzen duen arren, ziklismoaz gozatzen segitzen du.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2021eko urriak 12 - Agurain

Gelditzeak gauzak perspektibaz ikusteko aukera ematen du. Ziklistek ia ez dute bizikletatik jaisteko betarik izaten, baina, behin denboraldia bukatuta, hausnarrari lotu zaio Ion Izagirre (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Sakrifizioak sakrifizio, «zorte handia» duela sentitzen du: «Nire pasioa lanbide dut. Ingurukoek aprobetxatzeko esaten didate». Cofidisen hasiko du hurrengo sasoia, bere ibilbide profesionaleko hamahirugarrena. Ekinean «beste bost bat urtez» jarrai lezake: «Sinatuko nuke hala izatea».

Denboraldia modu ikusgarrian bukatu da, besteak beste, aspaldiko Paris-Roubaix gogorrenarekin. Muturreko baldintzetan lehiatu ziren ziklistak. Zu, ordea, oporretan zeunden ordurako.

Tenerifen nengoen, hondartzan, eta aplikazioen bidez ikusi nuen Paris-Roubaix. Ederki nengoen: umeekin jolas egin, tarteka lasterketa ikusi... Ni aurtengo lanak eginda nintzen jada, eta, behin oporrak hartuta, ez dut inbidiarik izaten. Eta Roubaixen egin zuen eguraldiarekin, zer esanik ez.

Horren eguraldi txarrarekin lehiatzen zaretenean, bada gozamenik, edo dena da sufrimendua?

Ondo bazaude, gozatzen duzu. Badakizu beste denak ere miseria pasatzen ari direla. Dena psikologikoa da. Burua prest baduzu, beste jarrera batekin aritzen zara, baldintzak penagarriak izan arren. Ordea, kexaka hasten bazara eta gogoa zalantzaz betetzen bazaizu, gorputza kutsatu egiten zaizu.

Azken denboraldia izan duzu Astana taldean. Gorputzak nahi bezala erantzun dizu?

Lehen zatia oso txukuna izan zen, Paris-Nizako hirugarren postuarekin eta Itzuliko etapa garaipenarekin. Gero, lehen hamarretan sartu nintzen Romandian eta Dauphinen, eta Espainiako erlojupeko txapelketa irabazi nuen. Horra arte, emaitzak onak izan ziren. Bigarren zatia, ordea, ez da espero bezain ona izan. Tourrean bigarren postu bat lortu nuen, baina zapore gazi-gozoa gelditu zitzaidan, akats taktiko bat egin genuelako. Vueltan, berriz, animoso eta indartsu nengoen, baina ez nintzen gai izan neure burua ihesaldietan luzitzeko. Eta Olinpiar Jokoetakoa desastre bat izan zen. Kaxkarra izan da, hortaz, bukaera; baina ez denboraldi osoa.

Hondarribiako etapa irabazi zenuen Itzulian, baina, akaso, zerbait gehiago lortzea ere espero zenuen. Azken txapelduna zinen.

Gutxienez podiumaren borrokan egotea espero zitekeen, bai. Baina Pogacar eta Roglic zeuden, eta haien pare aritzea ezinezkoa da gaur egun. Erlojupekoan denbora galdu nuen, eta hori kolpea izan zen psikologikoki. Azken garailea nintzen, eta gogotsu nengoen etxeko lasterketan berriro aurrean izateko. Fisikoki ongi aritu nintzen, baina garbi dago beste bi munstro horiek beste maila batean daudela.

Jaun eta jabe dira itzuli handietan, baina astebeteko lasterketak eta klasikoak ere nahi bezala irabazten dituzte. Apurrik ere ez dizuete uzten besteoi.

Hor daude edozein urte garaitan eta modalitatetan. Garaipenak, beraz, gero eta garestiago daude. Zaila da aurrean egotea, eta irabaztea, are eta gehiago.

Hala ere, behin baino gehiagotan altxatu dituzu besoak Astanan eman dituzun hiru urteetan. Aro arrakastatsua izan da, ala?

Denetarik egon da. Hasiera ametsetakoa izan zen, Itzuliko garaipena tarteko. Gero, pandemiak hankaz gora jarri zuen dena, eta Tourrean lepauztaia hautsi nuen. Azkar osatu nintzen, ordea, eta etapa bat irabazi nuen Vueltan. Garaipen horrek balio izan zidan urte txar bat sentipen onekin bukatzeko, eta noski, itzuli handietako bilduma osatzeko.

Euskal Herriko bost txirrindulari zeundeten Astanan, eta denek aldi berean alde egin duzue. Zergatik?

Arrazoi asko dago. Azken urteetan aldaketak izan dira taldearen kudeaketan. Desadostasun handiak zeuden, goitik hasi eta beheraino. Orain, ematen du Vinokurovek boterea berreskuratu duela. Izan diren gerra guztiek ezegonkortasun giroa sortu dute. Zalantza handiak genituen: taldeak aurrera jarraituko zuen, zer baldintzatan... Nik baneukan jarraitzeko aukera, baina sentsazioa nuen bakarrik gelditu behar nintzela, eta nire bidea jarraitzea erabaki dut.

Cofidisen egingo dituzu hurrengo urratsak. Zergatik hautatu duzu talde hori?

Denbora asko pasatu dut zein taldetara joan pentsatzen. Cofidisen baditut ezagunak: Herrada anaiak, Ruben Fernandez, Bingen Fernandez kirol zuzendaria... Gainera, berriki Gorka Gerrikagoitia fitxatu dute. Bigarren mailako talde gisa hartua izan da Cofidis, baina World Tourrean daude, eta egutegi nahiko finkoa daukate. Cedric Vasseur managerrarekin hitz egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan nirekiko zuen ideia. Taldeko liderretako bat izatea nahi dute, Guillaume Martinekin eta Herrada anaiekin batera. Niregan sinesten dute, eta badakit garrantzitsua izango naizela. Horretaz aparte, Cofidisek, enpresa gisa, urte asko daramatza txirrindularitza taldea babesten. Oso proiektu egonkorra da.

Nolakoak izaten dira kontratua bukatzen zaizuneko urteak? Gogaikarria da talde bila aritzea?

Lehenik, zauden taldeak eta bestelakoek zer eskaintzen dizuten ikusi behar duzu. Talde askorekin hitz egiten duzu, baina kontuak itxi gabe izaten dira, eta pixka bat itxaroteko esaten dizute batzuetan. Eskaintzak ere aldatuz joaten dira: orain urte bat eskaintzen dizute, gero bi... Dantza bat izaten da, aste askoan luzatzen dena. Ate batzuk itxi egiten dira, eta beste batzuk ireki. Okerrena denboraldi bukaerara gauzak zehaztu gabe iristea da. Aurrekontuak agortuz doaz; jada ez dago hainbeste tokirik taldeetan, eta zifrak ez dira lehengoak. Batzuetan presaka aritu behar izaten duzu, eta lasterketetan nabaritu egiten duzu presio puntu hori.

Asko hitz egin duzu Bingen Fernandezekin?

Bai, kontratua itxi aurretik batez ere. Talde berri batera joan behar duzunean, zer egoeratan dagoen eta gauzak nola egiten dituen jakin nahi duzu. Esan zidan berehala egokituko naizela, nahiz eta ziurrenik frantsesa ikasi beharko dudan. Hori ez da erraza izango, ideiarik ere ez baitut. Baina tira, bere garaian italiera ere ikasi nuen.

Aurten ez ezik, datorren urtean ere kontratu kontuei erreparatu beharko diezu, urte bakarrerako sinatu baituzu Cofidisekin. Formula horrekin sentitzen zara erosoen?

Nonbait finkatzeko intentzioa izan dut azken urteetan, baina, gauza batengatik edo bestearengatik, ez da posible izan. Orain, Cofidisek aukera ona eman dit, eta oso eskertuta nago harekin, baina nire denbora hartu nahi dut aldaketara ohitzeko. Horregatik sinatu dut urtebeterako. Oso gustura aritzea espero dut, eta, hala balitz, luzatuko genuke hitzarmena.

Dagoeneko baduzu datorren denboraldiko bide orria?

Laster kontzentrazio txiki bat egingo dugu Frantzian, arropak eta bizikletak hartzeko eta mediku proba guztiak egiteko. Hor hasiko gara plana zehazten. Abenduan Denian [Herrialde Katalanak] elkartuko gara, eta pentsatzen dut orduan finkatuko dugula denboraldiko lehen zatiko egutegia. Astebeteko itzulietan lider gisa aritzea da asmoa, baina oraindik ez ditugu zehaztu zeintzuk izango diren itzuli horiek. Bat Euskal Herriko Itzulia izango da, hori ziur. Eta itzuli handietan, ikusi egin behar zer asmo duten Guillaume Martinekin eta nirekin. Oraindik mahai gainean dago dena.

Cofidisek 2008koa du Tourreko azken etapa garaipena. Madarikazioa apurtzeko pertsona aproposa izan zaitezke?

Baliteke, zergatik ez. Lehenik, ikusi beharko da Tourrera noan, eta zer helbururekin. Sailkapen nagusia lehiatzea beti da erakargarria. Azkenaldian Martin oso erregular ibili izan da itzuli handietan, baina lehen bosten artean sartzea oso zaila da gaur-gaurkoz. Beste aukera etapen ehizan buru-belarri aritzea izango litzateke.

Anaia ez duzu aldamenean izango. 2017an ere zure kasa ibili zinen. Ezinbestean sumatuko duzu haren falta, ezta?

Azkenean anaia da, oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta beti da errazagoa bera alboan izanda lehiatzea. Gainera, oso ondo irakurtzen ditu lasterketak, eta nortasun irmoa du erabakiak hartzeko garaian. Laguntza eta segurtasun handia ematen dit egoera askotan. Dena den, orain ez da mundua bukatzen. Begira Yates anaiei: bikiak dira, banatu egin dira, eta ez dabiltza gaizki. Gainera, egunero batera entrenatzen jarraituko dugu, eta ziur lasterketa askotan ere bat egingo dugula, talde ezberdinetan bada ere. Espioi bat izango dut Movistarren, eta berak Cofidisen.

32 urte dituzu. Dagoeneko beteranotzat zauzkate tropelean?

Irteten ari diren txirrindulari gazte guztiekin, baietz esan beharko. Eta gazteak izateaz gain, oso onak dira. Lehen, profesionaletara pasatzean, normala zen lasterketak ezin bukatu aritzea. Liderrarentzat lan egiten zenuen, eta ikastera joaten zinen. Baina orain, hasiberriek lasterketarik onenak irabazten dituzte. Behetik gora begiratzen diegu, eta lehen alderantziz izaten zen. Gazteak oso prest iristen dira profesionaletara. Karga handiko entrenamenduak egiten dituzte, eta milimetroan zaintzen dute dena. Nik erdia ere ez nuen egiten.

Baina, luzera begira, jasangarria da horren gaztetatik norbere burua hainbeste estutzea?

Hori da kontua. Ikusi beharko da zer garapen duten. Hobekuntza ikaragarria ere ezin dute izan, jada goi mailako lasterketak irabazten ari baitira. Ea gorabeherak ere nola kudeatzen dituzten, urte txarrak eta lesioak ezin baitira saihestu. Gainera, hedabideek idealizatu egiten dituzte, iraganean izan diren mitoekin alderatuz. Maila sekulakoa dute, baina presioa ere bai.

Zuk urte asko daramazu elitean, horrek eskatzen duen sakrifizio mailarekin. Ez zaude nekatuta txirrindulari bizimoduaz?

Gehien kostatzen zaidana etxetik joatea da. Hiru ume ditut orain, eta horrek gauzak asko aldatzen ditu. Emaztea bakarrik gelditzen da dena eramateko. Lan handia da. Eta haien falta nabari dut, gero eta gehiago. Horrez gain, denbora asko pasatu dut betiko lagunengandik urruti. Baina lasterketen prestaketak ez nau gogaitzen. Ziklismoaz gozatzen jarraitzen dut; nire pasioa da, eta zorte handia dut, lanbidea ere badelako. Ingurukoek aprobetxatzeko esaten didate. Uste dut oraindik beste bost bat urte geratu ahal zaizkidala txirrindularitzan. Sinatuko nuke hala izatea.

Hamabost garaipen lortu dituzu orain arte: horietatik hiru, itzuli handietan. Non irabazi nahiko zenuke erretiratu aurretik?

Klasikoak asko gustatzen zaizkit: Ardenetakoak, Lombardia, Donostiako Klasikoa bera... Baina egun bakarreko lasterketak dira, eta dena alde izan behar duzu irabazi ahal izateko: sasoia, zortea, ibilbidea... Ez da batere erraza. Baina nahiko nuke halakoren bat poltsikoan sartu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kike Barja, gaur, jokaldi batean. ©Biel Aliño / EFE

Osasunak hutsean berdindu du Levanteren zelaian

Berria

Gorritxoek zazpi jardunaldi daramatzate irabazi gabe, baina zortzigarren postuari eusten diote. Gaur hobea izan da Levante, sailkapeneko azkena.

Urrutikoetxea eta Aranguren besarkatuta, gaur, Bilbon, Albisuri eta Peñari irabazi berritan. ©Marisol Ramirez / Foku

Bigarren garaipena Urrutikoetxea-Arangurenentzat

Berria

Ezustekoa eman eta bikote faboritoetako bati irabazi diote. Urrutikoetxea izan da partidako onena. Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala Miriam Arrillagak eta Amaia Aldaik jokatuko dute.

Alaveseko eta Valentziako jokalariak lehian, gaur. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alavesek eta Realak irabazi, Eibarrek berdindu

Paulo Ostolaza

Emaitza bikainak eskuratu dituzte gaur jokatu duten hiru euskal taldeek. Alavesek Valentziari irabazi dio (3-1), Realak Madrili (1-2), eta Eibarrek Huelvan berdindu du (1-1).

Realeko jokalariak burumakur, Real Madrilek bigarren gola sartu eta gero. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Biguntasuna ordaindu du

Ainara Arratibel Gascon

Lehen zati amaiera on baten ostean, Realak bi gol jaso ditu bigarren zatiaren hasieran, atzean gaizki zaindutako bi jokalditan. Ezin izan du suspertu. Txuri-urdinek hirugarren porrota kateatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.