Carlos Fernandez. Realeko jokalaria

«Tximeletak ditugu sabelean; lehiaketa hasi aurrekoak izaten dira horiek»

Lesio luzea gaindituta, Carlos Fernandezek argi du «lan egitea» dela taldeari ahalik eta gehien laguntzeko bidea: «Ilusio piztailea da sasoi hau». Realak bihar ekingo dio lehiari, Cadizen.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Zubieta</i>
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Eguerdia da Zubietan. Bero sapa egiten du Realaren entrenamendu gunean. Klubeko langileak ura banatzen ari dira han dagoen lagun orori. Gauza bera egin du Carlos Fernandezek (Sevilla, Espainia, 1996). Bi botila hartu, eta kazetariari eta argazkilariari luzatu die eskua: «Izugarrizko beroa egiten du. Eta ez pentsa Cadizen [Espainian] makalagoa egingo duenik», bota du. Realak han hasiko du denboraldia, bihar (17:30, Movistar La Liga) eta arazo fisikoak gaindituta, talde txuri-urdinean garrantzitsu izan nahi du Carlos Fernandezek: «Bide luzea izan da, baina orain ondo nago, gogotsu». Azaldu duenez, taldeak «denboraldiaurre ona» eginda abiatuko du liga.

Nola dago taldea?

Taldea ondo ikusten dut, abiatzeko gogoz. Lehen hiru puntuak eskuratzeko ilusioa igartzen da. Lan ona egin dugu denboraldiaurrean, eta ondo prestatu garela uste dut. Aste honetan tximeletak ditugu sabelean; lehiaketa hasi aurrekoak izaten dira horiek. Ondo hasteko eta lehen puntuak eskuratzeko prestatuta gaude.

Cadizen zelaian jokatuko duzue estreinako neurketa. Nolako partida espero duzu?

Partida zaila izango da. Liga geroz eta maila handiagoa izaten ari da aldian-aldian; hala da exijentziari dagokionez. Etxetik kanpo hasiko dugu, eta Cadizek talde gogorra du, zaila. Jokalari onak ditu, jokoaren alderdi ezberdinak menderatzen baitituzte. Ziur naiz gauzak oso zail jarriko dizkigutela. Hezur gogorra da hasteko.

Cadizen hasi, gero Bartzelona etxean, Elx ondoren... Zer itxura hartzen diozu egutegiaren lehen zatiari?

Talde exijenteak dira, baina ilusio piztaileak ere bai. Zerbait egiaztatu badugu, hori da edozein talde gainditu dezakegula. Egia da maila izugarria dagoela: guk edozein talde menderatu dezakegu, baina edozein taldek mendera gaitzake gu. Hasteko, gure mailarik onena ematen saiatu behar dugu; hortik aurrera, futbolean edozer gerta daiteke. Baita kontrarioa baino hobea izan eta galtzea ere. Hargatik, funtsezkoa da ahalik eta ondoena prestatzea, eta aldiro ahalik eta ondoena jokatzen saiatzea.

Denboraldiak etena izango du udazkenean, Munduko Kopa dela eta. Ondo hastea sekula baino garrantzitsuagoa izango al da?

Bai, denboraldi ezberdina izango da. Hasiera estuagoa izango da, partida askorekin. Jokalari guztien beharra egongo da; eta, bai, etena egon arteko hilabeteak garrantzitsuak izango dira, bai guretzat, baita besteentzat ere. Ligan ahalik eta punturik gehien bildu beharko ditugu azarora artean; Europan, ligaxka ona egin nahi dugu, eta [Espainiako] kopan, lehen kanporaketa gainditu. Prest gaude, eta ahalik eta emaitzarik onena biltzea da gure xedea, baita zaleena ere.

Denboraldiaren ezohiko egiturak aldatu egin al du denboraldiaurreko planteamendua?

Ez bereziki. Antzekoa izan da. Ima-ren [Imanol Alguacil, entrenatzailea] proposamena antzekoa izan da ailegatu zenetik. Beti eredu berari segitu diogu, eta uste dut taldeak ondo erantzun izan diola horri, eta ondo abiatu dituela txapelketak. Aurten ere berdin aritu gara: lan saio bat egin dugu eguneko, intentsitate handikoa, eta kontzeptuak lantzen aritu gara. Taldeak aurrez zituen ideiak landu, eta ñabardura berriak gehitu dizkiogu, taldea aberasteko. Horrela, gure taldearen jokoari eta egiteko moduari aldagai gehiago gehitu ahal izan dizkiogu.

Zuretzat ere sasoiaurre berezia izango zen, urtebete jokatu gabe egon eta gero.

Bai, noski. Urte luzea izan da, eta zaila. Bideko koskak gainditu behar izan ditut. Baina ilusioa dut; agian, urte bat amaitu eta bestea hastean baino gehiago, ez baitut jarraitutasunik izan. Klubak nire aldeko apustua egin zuen, eta konfiantza hori zelaian itzuli nahi dut; baita zaleei ere, etxeko partidetan. Futbolak ematen digun horren guztiaren falta izan dut: taldekideekin momentuak partekatzea, zaleekin konexio hori izatea... Urte polita dugu aurretik, eta horretaz guztiaz gozatu nahi dut.

Nola bizi izan duzu lesiotik osatzeko aldia, eta zer egin zaizu zailena?

Batez ere, lehiatu aurreko tentsioaz ez gozatzea, bidaiarik ez egitea... horren falta sumatu dut gehien. Errota horretatik ateratzea da zailena. Hasieran, ez zara gertatutakoaren jabe —nahiz eta Sevillan ere lotailu gurutzatua hautsi nuen —, eta, lehen-lehenik, norberak hauspotzen ditu gertukoak. Gero, denbora igarota, denak aurrera segitzen du, baina zu errota horretatik kanpo zaude. Futbolari batentzat hori da zailena: zelaian ezin gozatzea. Ahal duzunean, sortzen dira bestelako kezkak: gehiago edo gutxiago jokatzea, esaterako, baina, egiaz, zelaian egoteko aukera hori ez duzunean, askoz gehiago baloratzen da guztia. Horrez gain, urte normaletan sortzen diren arazotxoak ere gutxiago dira. Beraz, urte gogorra izan da, zaila, baina asko irakatsi dit. Arlo mentalean, gerarazi egiten nau, eta ikusmira zabaltzen lagundu. Gauza askoren inguruan hausnartu dut. Urte honek kendu egin dit, baina eman ere bai.

Eta orain, hozkada egitera? Gosea izango duzu, noski.

Orain, hozkada egitera. Lanean segitu behar dut, iaz bezala, baina beste era batera. Prozesu batean segitzen dut, erritmoa bilatzen-eta. Arlo fisikoan ere arazotxoak ere agertzen dira, baina normala da, geldirik egoteagatik. Urte honetan adi egon beharko dut gertatukoarekin, gorputzak hala behar duelako, baita hala eskatzen didalako ere. Halere, iruditzen zait urte polita dudala aurretik, eta guztiontzat ere zoragarria izan daitekeela.

Zeuk zer eskain diezaiokezu taldeari?

Nire ustez, gaur egungo futbolariak prest egon behar du erregistro ezberdinetan aritzeko. Futbolak hori exijitzen du, eta uste dut entrenatzaileek ere hori bilatzen dutela: postu batean soilik ariko ez dena, ezaugarri jakin bat soilik ez duen jokalaria. Iruditzen zaitRealean jokalari asko gaudela profil kameleoikara hori dugunak; hau da, egoera eta postu ezberdinetara egokitzeko gai garenak. Horrela, arriskuko aukera gehiago sor daitezke, arean aritzeko eta. Uste dut taldean horrelako ezaugarriak dituzten jokalari asko daudela, eta horrek on egin diezagukeela, bai talde gisa, baita niri neuri ere.

Zer esaten dizu Imanolek? Zer eskatzen dio taldeari?

Beti bezala ari da. Asko estutzen gaitu, eta exijitu, kontziente baitaurtetik urtera lehia handiagoa dagoela. Bai lehiaren arloan, baita jendearen itxaropenetan ere. Horri erantzuteko lan egin behar da, eta Imanolek bide horri segitzen dio. Azkenean, hori izan da azken urteetako lorpenen arrazoia. Nik uste dut, zalantzarik gabe, bide horri jarraitu behar zaiola.

Taldeak zein helburu ezarri ditu hurrengo denboraldirako? Zertaz hitz egin daiteke?

Txapelketa hasi aurretik, dena da ilusioa. Denboraldiaurre ona egin dugu, exijentzia handikoa, eta gustura gaude. Etorri diren taldekide berriak ere kalitate handikoak dira, eta hori dena hoberako da. Baina ez dut postuez hitz egingo, baizik eta ahalik eta partidarik gehien irabazteaz, taldeak joko ona egiteaz, eta jendea horri lotzeaz. Realeko zaleek taldearekin bat egiteaz eta gozatzeaz. Partida asko irabaztean jarri behar da arreta, eta, hala eginez gero, gauza politak lortuko ditugu, ziur.

Beraz, zelaian lehiakorrak izatea da negoziatu ezin den baldintza, eta hortik etorriko dira garaipenak?

Zalantzarik gabe. Partida bakoitzak eskatzen duenaren neurrira aritu behar dugu. Gaur egun, xehetasun asko daude, aldaketa asko, eta garrantzitsuena horri egokitzea da, erantzun on bat emateko.

Zaleentzat ilusio piztailea da heltzear den sasoia, jokatuko dituzuen txapelketengatik. Sentipen bera al duzue jokalarien artean ere?

Bai. Aurrez esan dizudana: nik uste dut taldeak transmititzen duena ikusita, talde barruan ere badakigula zer-nolako denboraldia dugun aurrean. Sasoi polita dugu zain, eta guztiak ere horri begira prestatzen ari gara buru-belarri. Ziur naiz guztiok dugun onena emango dugula beti. Horrek ez du esan nahi beti asmatuko dugunik: batzuetan gehiago, eta bestetan gutxiago. Baina talde honek larrua utziko du zelaian, ahalik eta emaitzarik onenak eskuratu eta ahalik eta gauzarik garrantzitsuenak lortzeko.

Zuk zer eskatzen diozu bihartik aurrerako sasoiari?

Lehenik eta behin, sasoi berriari eskatzen diodana da partida asko irabaztea [barrez]. Ez, txantxarik gabe: ilusio handiko denboraldia izatea nahi dut, zaleentzat batez ere, baina baita guretzat ere. Denok gozatzea gustatuko litzaidake, eta, horretarako, gure lana da ahalik eta gehien saiatzea, eta ilusioa piztea. Uste dut ilusioa sasoi osoan zehar mantentzea funtsezkoa dela. Argi eduki behar dugu bolada zailagoak eta hobeagoak izango ditugula: partida kopuru handia dagoelako, nekatuta gaudelako, eta beste hainbat arrazoirengatik. Baina horrek ezin du ilusioa zapuztu; uste dut horrek ezin digula alde egin, eta gure egitekoa da hori horrela mantentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.