Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Mundua ulertzen

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Jaio nintzenetik jokatu diren Munduko Kopen zerrenda begiratzea bururatu zait, eta bi hutsune handi deskubritu ditut nire oroimenean: ume-umea nintzeneko Munduko Kopak, eta 20 urte nituenetik aurrerakoak. Bi mutur horiek ez ditut gogoratzen.

Hiru dauzkat gogoan: 9, 13 eta 17 urte nituenekoak. Ez da kasualitatea izango: umezaroaren amaierakoa, nerabezarokoa eta gaztarokoa, ez beste edozein. Eta, bereziki, azken biak: 1986koa Mexikon eta 1990ekoa Italian.

1986koak bi izen dauzka niretzat: Querétaro, La Corregidora estadioa. Final-zortzirenak: Danimarka-Espainia. Gauerdi ingurua, ni telebista aurrean, kurtso amaierako lan bat prestatzen. Noren alde nengoen? Espainiako jokalariak ia familiakotzat nituen, ez hainbeste Ligako partidak ikusteagatik, ez bainituen ikusten, ezpada kromoen bilduma egiten nuelako (Antonio Maceda, atzelaria, 1,89 m). Ez dut argi poztu ote nintzen Espainiak 1-5 irabazi ziolako Danimarkari, baina baliteke hala izatea. Urte haren hasieran, dentistarenera joan, eta hark esan zidan harro egon beharko nukeela, 13 urte bete berriak nituela sartu zelako Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan. Dena zen ulergaitza, baina dena hain erraz ulertzekoa.

1990ekoak Irlandan harrapatu ninduen: hango selekzioa final-laurdenetarako sailkatu zen, baina ni partida horren hurrengo egunean iritsi nintzen hara, herrialde osoa jai triste baten hondakina baino ez zenean: Irlandak Italiaren aurka galdu eta biharamunean. Ez nuen espero, baina inguruan nituen irlandarrek arin topatu zuten konponbidea: Ingalaterra animatzea, oraindik bizirik segitzen baitzuen. Ordurako dena ulertzen nuen. Eta geroztik ez dut Munduko Kopa bat ere gogoratzen, zertarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.