Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Iker Vicente. Aizkolaria

«Teknikoki, nik dakidan ondoen egin nuen aizkoran»

Gizonezkoetan, Sherpako bakarkako Aizkolari Txapelketako garaile zerrendak izen bakarra du: Iker Vicente. Otsagabiko aizkolaria bigarren urtez segidan nagusitu da, eta adierazi du aurrerantzean ere bide beretik segitu nahi duela: «Oraindik badut hobetzen segitzeko esperantza».
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2021eko azaroak 23

Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) beste txapel bat gehitu du bere garaikur zerrendara. Aizkolari nafarrak bere mailarik onentsuena eskaini zuen Bilbon, bigarren aldiz Sherpako txapelketa irabazi eta herri kirolen goiko tontorrean segitzeko. Txapeldunaren esanetan, azken hilabeteetan egindako esfortzuak «merezi izan du».

Giharrak beren onera bueltatu al zaizkizu?

Oraindik min handia dut, eta egun batzuk igaro beharko dute horretarako.

Nola ospatu zenuen garaipena?

Lagun artean. Bazkari eder bat egin genuen, bazkalondo eder batekin, eta dantza pixka bat ere egin genuen. Gustura.

Azken enborra moztean, amorru keinua egin zenuen. Bazenuen irabazteko grina, ezta?

Bai. Hainbeste entrenamendu eta sakrifizio, urtea luze egiten da. Momentu politak badaude, baina gogor asko ere bai, eta, helburua lortuta, barrutik ateratzen diren gauzak dira, ohartu ere egin gabe.

Nagusi izan zinen, hasi eta buka. Uste baino aiseago aritu al zinen?

Kanpotik agian itxura hori emango zuen, baina ez. Hasieran nahiko martxa azkarrean hasi nintzen, eta ikusi nuen aurrea hartzen ari nintzela. Asko saiatu nintzen hasieratik, nuen guztia jo nuen lehen zati horretan, eta abantaila dezente lortu nuen. Gero, eutsi egin behar zitzaion horri, eta, zegoen lanarekin, sufrituta lortu nuen eustea. Baina ez zen izan kanpotik eman zezakeen bezain erraza.

Lehen kana-erdikorako hemezortzi segundoren aldea zenuen. Erritmo handiak fruituak eman al zizkizun?

Egurrek ere kalitate hobeagoa izango zutela uste nuen, eta askoz lan gutxiago egongo zela. Indartsu atera nintzen, eta gero ohartu nintzen agian indartsuegi atera nintzela, zegoen lanerako. Abantaila polita atera nuen, eta eutsian lortu nuen amaierara heltzea. Ongi atera zen.

Zer moduz ikusi zenituen aurkariak?

Lan txukuna egin zuten. Egurrak ere exijenteak ziren. Bai, uste dut [Mikel] Larrañaga hori baino gehiago dela. Beste txapelketa batzuetan lan gehiago eman dizkit, eta udan, edozein erakustalditan, hari irabazteko lan handiak ematen dizkit. Badakit koska bat gehiago dela, eta beste txapelketa batean aterako duela.

Zenbatgarren egurrean ohartu zinen txapela lortzea eskura zenuela?

Hasieratik abantaila polita lortu nuela ikusi nuen, eta neure buruari esaten nion ezin zidala ihes egin. Baina bukaera ere urrun ikusten nuen, eta amaiera aldera konturatu nintzen abantailari eutsi egiten niola, eta uste nuen horrek ezin zidala ihes egin. Halere, azken kolpera arte segi egin nuen, kontrarioez gutxi fidatzen naizelako.

Bikaintasuna lortzeko zorian egon zinela uste duzu?

Teknikoki, nik uste dut oso ondo aritu nintzela. Bideoa ikusi dut aitarekin, eta hori esan dugu: teknikoki, nik dakidan ondoen egin nuela. Aizkorarekin ere oso ondo asmatu nuen. Igual, hasierako martxa hori atera nuen erritmotik kanpora, baina, bueno, horrek ere balio izan zidan abantaila hartzeko eta bukaerara arte segitzeko.

Finalera sasoirik egokienean iritsi al zinen?

Nik uste dut alde horretatik %100 asmatu dudala. Prestaketa gogor eraman dut, asko entrenatu naiz. Kanporaketan ez nintzen oso gustura geratu egindako lanarekin; Mikelek [Larrañaga] aldea atera zidan, eta zalantzak nituen, hiru astetan jarriko nintzen ala ez. Entrenamendu oso gogorrak eginda nengoen, eta gorputza nekatua nuen. Nire entrenatzaileengan konfiantza handia hartu dut azken urteotan, ikaragarri asmatzen dute nirekin. Orain ere, haiek esandakoa eginda, asmatu dute.

Sherpako bi txapelak lortu dituzu, eta 2019an Federazioak antolatutakoa ere bai. 24 urterekin, goia jo al duzu?

Ez da erraza. Ez esatea, ezta jakitea ere. Ni saiatuko naiz oraindik gora egiten. Uste dut adin ona dudala, eta sasoiz ere ondo sentitzen naiz. Saiatuko naiz orain arte bezala segitzen, eta badut hobetzeko esperantza.

Halako emaitzekin, mereziko du saiatzeak.

Bai, merezi du. Halako emaitzekin, hurrengoan ere lanean hastea errazagoa da. Beste batzuetan, lana berdin egin, eta gauzak ez dira hala ateratzen. Hurrengorako entrenatzen hasteko gogo handiarekin nago.

Miribillako finalean zaleek emandako erantzunarekin gustura geratu al zineten?

Oso gustura. Jende pila bat izan zen, eta berotasun handia eman ziguten. Giro ederra zegoen. Eskertu nahi nieke zaleei; beste urte batzuetan ere txapeldun geratu izan naiz, baina aurten zoriondu naute gehien. Harrituta geratu naiz zenbatek zoriondu nauten, eta nolako mezu politak bidali dizkidaten. Haiei ere eskerrak.

Finala amaitu eta gero, zertaz hitz egin zenuten aizkolariek?

Ez genuen denbora askorik eduki. Aldageletan banatuta geunden; koronabirusarengatik, aldagela bereizietan egon ginen. Ni Larrañagarekin eta [Eneko] Otañorekin nintzen, eta dopin analisia eduki genuen. Hitz egingo dugu denari buruz, baina Bilbon tarte txikia eduki genuen.

Zein da Iker Vicenteren hurrengo helburua?

Saiatuko naiz gero eta gehiago hobetzen. Saiatuko naiz etorkizunean txapel gehiago lortzen. Horretarako gaude; aizkoran saiatzeko. Gogo handia dut horretarako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Panpi Ladutxe, 2005ean. / ©Andoni Canellada, Foku

Panpi Ladutxe hil da

Paulo Ostolaza-Julen Etxeberria

Ezkerparetako txapelketa nagusi bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria izan zen lapurtarra: 1987ko eta 1989ko binakako txapeldun izan zen Joxean Tolosarekin. Entrenatzailea eta kantaria ere bazen, besteak beste. 66 urterekin hil da.

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Jokoen osteko munduko txapelketetan ezusteak egon ohi dira»

Ainara Arratibel Gascon

Gaur hasiko da Eskubaloiko Munduko Txapelketa. Imanol Alvarez lehen aldiz arituko da Espainiako selekzioko entrenatzaile laguntzaile. Maitane Etxeberria eta Ainhoa Etxeberria jokalariak ere lehian izango dira.
Braulio Vazquezek 2026ra arte berritu du Osasunarekin
Athleticeko atezain Unai Simon baloi bat aldentzen, aurreko sasoiko partidan. ©JUANJO MARTIN / EFE

Sufritzeari etekina atera

Haritz Gallastegi

Athleticek ligako partida jokatuko du gaur Real Madrilen zelaian. Zuri-gorriek bost partida daramatzate irabazi gabe. Agirrezabala eta Paredes deialdian dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.