Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Jokalari homosexualak

2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Australiatik dator notizia. Bertako nazional mailako errugbi ligan, elkarren kontra jokatzen aritu ziren bi emakumek ezpainetan emandako muxu batekin agurtu zuten elkar partida amaitu ostean. Eta nola ez, sare sozialetan aldeko eta kontrako iritziak borborka dabiltza. Bi gizonezkok gisa horretako ekintzarik gauzatu balute, sumindura eta haserrea eragingo omen zuketen; beraz, maitasun aitortzak utz ditzatela zelaitik kanpora eta etxe barrurako.

Eskerrak Ligako arduradun eta antolatzaileek berehala erantzun irmoa eman dieten iruzkin eta jarrera homofoboei.

Albiste honek duela hiru hilabete irakurri nuen beste bat ekarri dit gogora. Errusian jokoan den Munduko Kopari begira hogei futbolari gizonezkok armairutik ateratzeko asmoa zutela jakinarazi zuen Liam David futbolari homosexualak. Errusia ostadarraren kolorez jantziko zela iragarri zuen, baina nik ez dut horrelakorik ikusi. Futbola utzi ondoren, badira homosexualak direla aitortu duten jokalariak, baina Liam Davis omen da eliteko futbolean pausu hori eman duen bakarra.

Errusiako presidente den Vladimir Putinen hitzetan, Errusian ez dira homosexualak gutxiesten. Besterik gertatzen omen da, hau da, ez omen dago errusiar homosexualik. Ez dakit aurpegia nola ez zaion ostadarraren kolore guztietakoa jartzen. Lotsa gutxi eta errespetu falta handia behar dira gero horrelakoak esateko!

Futbolean urte askoan jokatu dut, eta behin baino gehiagotan entzun ditugu egiaren aitortzatik baino homofobiatik gehiago zuten iruzkinak. Futbolean jokatzen duten neska asko lesbianak dira, bai, beste asko heterosexualak edo bisexualak diren moduan. Eta zer? Denok dakigu zer dagoen estereotipo eraikien atzean. Eta ni nazka-nazka eginda nago zenbait jarrerarekin. Hobe lukete armairutik nor ateratzen den zelatan dauden horiek euren buruko tiraderetan arakatuko balute; higuina sentitzerainoko lizun usaina nabarmenduko litzaieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.