Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Mikel Laboak bazekien

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Ihes betea zilegi balitz, nunbait balego bakea». Suitzako selekzioan jokatu baina jatorria Kosovon duten Xhakak eta Shaqirik ez lukete bi buruko arranoa irudikatuko euren eskuez. Albaniako banderan ageri da arrano hori. Are gehiago, 2016ko Eurokopara sailkatzeko Serbia-Albaina partida ez zen bertan behera geratuko, bakea erdilarien erdigune eta aurrelarien aurrekari balitz.

«Ni ez nintzake oinazearen menpeko mixerablea, oihu zekenen destinatzaile etsipenaren semea». Suitza, XX. mendeko gatazka eta gerrateen lurralde neutralizatzailea, errusiarren txistu-kabi bihurtu da. Zazpi jokalari balkandarrak dira, Jugoslaviaren desintegrazioaren biktima. Oihu eta irainen hartzaile, probokazio sortzaile.

«Ni ez nintzake inorentzako eskandaluzko kaltea, lur hotz batetan aldatutako landare sustrai gabea». Shaqirik, Kosovon jaio arren, urtebeteko haurra zelarik, Suitzan errotu behar izan zuen. Sekula ez du ahantzi, ordea, nondik datorren eta sustraiak non utzi zituen.

«Ihes ederra zilegi balitz urra ahal baledi katea, ni ez nintzake ontzi gabeko itsasgizon ahalgea». Xhakaren aita ez zatekeen preso politikoa izango Jugoslavia zaharrean, zer eta gobernuaren aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik. Kartzelatik atera eta ez luke Suitzako lur arrotzetara ihes joan beharrik izango, familia eskutik hartuta.

«Ni ez nintzake, ni ez nintzake...». Baina, bagara. Ihesaldiak ekarri du Shaqiriren 30 metroko korrikaldia, eta korrikaldiak buru biko arranoaren hegaldia. Futboleko botetan Suitzako bandera eta Kosovoko bandera behin ihesi atera behar izan zuten arbasoen omenez. Beti korrika, lehen ihesi eta orain bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.