IRITZIA

Hegalak motz, hegaldia luze

2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Azken egunotan Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak aurtengo edizioaren nondik norakoak aztertu ditu hainbat elkarrizketatan. Bat-bateko bertan behera uzteen arriskuak sortzen duen ziurgabetasuna nagusi izan den arren, oztopoak oztopo, ez dago zalantzarik besaulkien betetzeari dagokionez jaialdi arrakastatsua izan dela: %95 batezbestekoan, eta ia %100 Kursaal auditoriumean. Ez dira zifra makalak, nahiz eta aretoak soilik edukieraren erdiraino bete zitezkeen. Aurrekontua estutu, katxeak murriztu eta programak egokitu egin dira —aurten ere ez da ohiko opera ekoizpenik egon, eta, hala ere, jaialdiaren bidea zabaltzea lortu dute antolatzaileek, atzerritik etorritako musikarien zein tokiko artisten presentziari esker.

Emanaldi bikain ugari izan dira. Batzuek nahikoa izan dute izen propioaren indarra giro berezia lortzeko: irrikaz espero zen Grigory Sokoloven errezitala, Mitsuko Uchidaren Schubert samurra, Leonidas Kavakosen paregabetasuna, Yuja Wangen bizitasuna, Anne-Sophie Mutter eta Lambert Orkisek egindako ibilbide luzearen handitasuna, Elisabeth Leonskajaren dotorezia eta zuhurtzia. Besteetan, programetan murgilduz topatu dira perlak eta leundu harribitxiak: Budapest Festival Orchestrak eskainitako Darius Milhauden Idia teilatuan, Maurice Ravelen Pianorako kontzertua Dejan Lazicen eskuetan, Stephen Houghek ekarri zuen Frederic Mompouren Musika isila, Zapico anaien Farándula castiza, eta, tartean, Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak oparitutako Beethovenen 5. sinfonia distiratsua.

Kursaaleko taulan pianoa eta biolina gailendu diren honetan, jaialdiak beste zikloen bideak erabili ditu askotariko instrumentuek tokia har zezaten: Organo zikloak nazioarteko izarrak ekarri ditu berriro bertako altxorren tutuak miatzera, biola eta flautak entzun dira San Telmoko klaustro ederrean, Trio Zukanen txistua, perkusioa eta akordeoia Kursaaleko areto txikian. Dantza espazioa hartzen hasi da, eta ekoizpen berriei atea ireki zaie, Musika garaikideko zikloan aurkeztutako enkargu-obren zein Hirira haurren operaren erabateko estreinaldiak jazo baitira. Eta ahotsak ere bere tokia izan du: Carmen Artaza eta Frederic Josten errezitalean, irekiera eguneko abesbatzen hedatzean eta errepertorio sinfoniko-korala berreskuratzeko egindako ahalegin logistikoan.

Izan ere, inozoa litzateke pentsatzea gisa honetako jaialdi batean musika bakarrik dagoela jokoan. Hori une bateko haize iragankorra baino ez da, ilea lazten den azala. Teknikariak, errejidoreak, garbitzaileak, komunikazio arduradunak, afinatzaileak, ostalaritza, garraiobide, segurtasun, produkzio zein aretoko langileak, eta beste hainbat profesional biltzen dituen makineria jarri behar da martxan. Horiek guztiek ematen dute musika mututu egingo ez delako ziurtasuna. Ezin uka arrakasta, aurten ere, aurten gehiago: hegalak moztu dizkiete, eta, ostera, aireratzea lortu dute. Horiek bai txori onak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.