Adur Etxezarreta. Eskiatzailea

«Azken lasterketetan erakutsitako maila erakutsi nahi dut Pekinen ere»

Etxezarreta estreinakoz egongo da Olinpiar Joko batzuetan. Ondo ikusten du bere burua, eta lehiatzen hasteko irrikaz dago.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Tarvision (Italia) lortutako bigarren postuarekin, bere kirol ibilbideko emaitzarik onena lortuta iritsiko da Adur Etxezarreta (Areso, Nafarroa, 1996) eskiatzailea Pekingo Olinpiar Jokoetara. Sasoi onari eutsi nahi dio estreinakoan.

Europako Kopako azken lasterketa jokatuta iritsiko zara Pekinera. Nolako lasterketa izan zen Saalbachekoa (Austria)?

Akats txiki bat egin nuen lasterketan, baina, hala ere, lehen postuetatik oso gertu ibili ginen. Ez zen beste munduko akatsa izan, baina hemen hutsegiteak garesti ordaintzen dira. Uste dut azken bi asteetan oso sasoiko nagoela, eta espero bezala joan zen azken lasterketa hori ere.

Olinpiar Jokoetan egongo zinela baieztatu zuen emaitza, Tarvision (Italia) Europako Kopan lortutako bigarren postua izan zen.

Tarvisioko probako bigarren egunean podiumera igotzea lortu nuen, Lars Roesti suitzarraren atzetik. Halere, ez dut uste emaitza hark bakarrik eramango nauenik Pekinera. Azken lasterketetan emaitza onak lortzen ari nintzen, baina egia da ere azken bultzada honek asko lagunduko zuela erabakia hartzeko orduan. Lasterketa izugarria izan zen. Dena ondo atera zitzaidan.

Tarvisoko emaitza zer izan zen zuretzat?

Poz handia sentitu nuen! Urtebete neraman lehen postuetan borrokan, eta aurretik ere podiumetik oso gertu egon nintzen, esaterako, Santa Caterinako [Italia] proban. Ehuneneko gutxirengatik ez nintzen orduan sartu lehen hiruren artean. Aurten, gainera, podiumera igo gabea nintzen, eta ilusio berezia egin zidan. Azken bi edo hiru urteetan asko borrokatu behar izan dut. Oso pozik utzi nau emaitzak.

Olinpiar Jokoetara joateko emaitzarik onena lortu duzu.

Bai, hala izan da. Denbora luzean nenbilen emaitza honen atzetik, eta, agian, garairik onenean iritsi da. Emaitza honek bultzada handia emango dit Jokoei begira, ziur nago.

Noiz esan zizuten Olinpiar Jokoetan egongo zinela?

Aipatutako bigarren postua lortu eta astebetera esan zidaten. Astebete nahiko urduri egon nintzen, baina banekien hara joateko aukerak banituela. Nik bezala, beste batzuek ere betetzen zituzten Jokoetan aritzeko irizpideak, baina bi leku besterik ez zegoen. Federazioko presidenteak deitu ninduen arte ez nintzen lasai egon.

Non zeunden Espainiako Federazioak deitu zizunean?

Italian nengoen. Tarvisioko lasterketan parte hartu eta gero, lau egunetarako etxera joan nintzen atseden hartzera. Ondoren, banekien Pekinera joan aurretik berriro ere Italiara joan beharko nuela azken proba jokatzera, eta hona iritsi nintzenean deitu zidan presidenteak.

Areson egon zinen lau egunetan zer egin zenuen?

Ezer gutxi! Txakurra paseatzera irteteko aprobetxatu dut denbora [barrezka], eta aldi berean gimnasioan ere ibili naiz. Lagunekin egoteko aukerarik ere ez dut izan, gehienbat COVID-19gatik. Ez nuen arriskurik hartu nahi, positibo emanez gero kanpoan geratuko nintzatekeelako. Etxekoekin egoteko eta atseden hartzeko ederki etorri zaizkit egun hauek.

Otsailaren 6an jaitsieran, eta 8an erraldoian hasiko zara lehian Olinpiar Jokoetan. Europako Kopa bai, baina hura beste kontu bat izango da.

Bai, halere ez zait arrotza egingo. Olinpiar Jokoetan izango diren asko, Europako Kopan ere lehiatzen dira, eta, alde horretatik, ez da gauza asko aldatuko. Baina eskiatzaile gehien eramango duen herrialdeak lau eramango ditu, eta hor bai, hor jada munduko onenak daude. Izugarrizko maila egongo da, eta aurrean ibiltzea oso-oso zaila izango da.

Askotan zaila izaten da urteko helburu inportanteenera nahi bezain sasoiko iristea. Aurreikusi bezala iritsiko zara Pekinera?

Oso ondo iritsiko naiz! Azken bi asteetan gauzak ondo egiten ari naiz. Gu izango gara, gainera, lehian hasten lehenak, eta ahalik eta ondoena egokitzen saiatuko naiz Pekinen. Gero, ez dakit zein egoeratan izango dugun elurra. Orain arte egindakoari segida ematen saiatuko naiz.

Askok diote eskiatzaileen sasoirik onena 30 urteren inguruan lortzen dela. Zuk 26 dituzu. Zer duzu esateko?

Bai, hala diote! Abiadurako probetarako eskarmentua izatea ezinbestekoa da. Nik, alde horretatik, esperientzia pixka bat bildu dut urte hauetan guztietan, baina oraindik ere falta zait. Iruditzen zait nire onena lau urte barru emango dudala, Cortina d'Ampezzoko [Italia] Jokoetan.

Zure ibilbidea 2026ko Jokoetara bideratuta zegoen gehiago, ezta?

Oraingoetara ere ez naiz batere gaizki iristen, baina agian bai, hurrengokoetarako zegoen gehiago. Orduan 30 urte izango ditut, eta hura izan daiteke garairik onena. Hori espero dut.

Jaitsieran eta super erraldoian arituko zara Pekinen. Non ikusten duzu aukera gehien?

Bi lasterketak oso antzekoak izango dira, gehienbat jende berbera lehiatuko delako. Aukera gehien jaitsieran ikusten ditut. Denboraldia ere horrela antolatuta geneukan; lehen erdian jaitsieran egin genuen apustua, eta denboraldiaren bigarren erdian, berriz, super erraldoian. Dortsal aldetik ere, jaitsieran hobea izango dut. Super erraldoian maila apalagoan ikusten dut neure burua, baina ahalik eta ondoena egiten saiatuko naiz.

Zer espero duzu Jokoez?

Oraingoz ez dut ezer espero! Pista ere berria da, eta egoera ikusi beharko dugu. Zer-nolako jaitsiera den, elurraren egoera... Badirudi oso elur hotza eta aldakorra aurkituko dugula. Hara iristeko gogoz nago, zer topatuko dugun ikusteko.

Helburu zehatzik badaramazu Pekinera?

Azkeneko lasterketetan erakutsi dudan maila erakutsi nahi dut lehenbizi. Horrela ibiliz gero, ziur nago dena ondo joango dela. Gero, emaitza beste kontu bat da. Beste eskiatzaileak ere lehiatzen dira, eta hori ere kontuan hartu behar da.

Zu ez ezik, beste hiru euskal herritar ere izango dira Pekinen. Horrek zer esan nahi du?

Oso pozgarria da! Asko ari gara hobetzen azken urteetan. Iruditzen zait lan ona egingo dugula. Ziur Lucas Egibar dominen lehian ibiliko dela, eta iruditzen zait Rojok ere lan polita egin dezakeela. Gainera, Manex Salsamendi ere han izango da Brasilekin, eta hori ere pozgarria da. Bi nafar elkartuko gara Pekingo Olinpiar Jokoetan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.