Andoni Isusi. Txakur krosetako korrikalaria

«Txakurrari zor diot podiuma»

Maiatzaren lehen asteburuan jokatu ziren Txakur kroseko ICF zirkuituko Munduko Txapelketak, Pledranen(Frantzia). Bertan, Andoni Isusi izan da protagonistetako bat, hirugarren amaitu baitu. Ezin sinetsirik itzuli da etxera korrikalari ermuarra.

MONIKA DEL VALLE/ FOKU.
Unai Ugartemendia.
Ermua
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bere jaioterrian da hitzordua Andoni Isusi txakur kroseko korrikalariarekin (Ermua, Bizkaia, 1991). Han bizi da egun ere. Balto txakurrarekin eta neska lagunarekin azaldu da. Irribarretsu dago, pozik. Lortutakoa barneratzeko ordua da.

Zer-nolako proba izan zen Munduko Txapelketa?

Lehenik, aipatu behar dut berez 2021eko mundialak izan direla jokoan. Urrian ziren jokatzekoak, baina azkenean orain jokatu dira. Espainiako selekzioarekin joan ginenen artean, lehen postuan edo lehendabizikoen artean gelditzea zen lehen asmoa, gehienbat beste korrikalari batekin oso denboraldi paretsua izan dudalako. Baina bi urte lehiatu gabe pasatu eta gero, ez nekien beste aurkari guztiak nola zeuden. Orain bi urte, Belgikako Europako Txapelketan lehiatu nintzenean, ikusi nuen lehen hiru-lauek maila handia zutela. Orduan baino aurrerago ibiltzeko asmoa geneukan, baina ez nuen podiuma gertu ikusten, nahiz eta horrekin amesten nuen.

Ametsa zena bete egin da.

Bai, hala izan da. Oso lehia estua izan nuen bi egunetan, eta, azkenean, hamarreko batzuen gorabeheran egon zen podiumeko hirugarren lekua. Ezin sinetsirik nabil oraindik!

Bi egunetan lehian ibili ondoren, marka da podiuma hamarreko batzuetan erabakitzea.

Bai, berdin pentsatzen dut nik ere! Gertatu izan da lehen ere, baina ez da ohikoa. Larunbatean, erlojuaren aurka jokatu genuen, eta erreferentziarik gabe atera nintzen. Lehen bosten artean sailkatu ondoren, igandean, batera atera ginen, eta hortzak estutzea tokatu zitzaidan lasterketak iraun zuen hamar minutuetan.

Ibilbidea mozteak mesede egin zizun?

Zalantzarik gabe! Hasieran, 5,7 kilometroko ibilbidean jokatu behar zen, baina, beroagatik, 3,8 kilometroko zirkuituan jokatu zen. Nik lasterketa motzak ditut gustuko, oldarkorra naizelako gehienbat. Aldaketa izango zela jakinarazi zigutenean, aukera handiagoa ikusi nuen podiumean sartzeko. Larunbatekoan jada laugarren amaitu nuen, hirugarrenarekin berdinduta. Igandean banekien dena eman beharko nuela podiumean egon nahi banuen.

Finalean dena ondo atera zitzaizun.

Hala izan zen, bai. Irteteko lekuetan jarri gintuztenean, zur eta lur geratu nintzen! Lehen 20-30 metroetan ezin zara inguruko txakurrekin elkartu, eta jendez gainezka zegoen irteera. Oso lehia estua izaten da txakur krosean, eta ikusmin handia sortzen den modalitatea izaten da. Txiki sentitu nintzen! Irteera eman orduko, nirera joan nintzen. Denbora guztian dena emanda joan nintzen, eta leher eginda amaitu nuen hamar minutu eta gero. Pentsa, 2 minutu eta 48 segundoko erritmoan egin nuen finala.

Batere lorik egin al zenuen finalaren bezperan?

Larunbateko emaitza ikusita, ingurukoek esaten zidaten aukerak banituela, eta saiatu egin behar nuela. Presioa sentitzen hasi nintzen, eta, nahiz eta ohera nahiko goiz joan, ezin izan nuen lo askorik egin. Itzulika ibili nintzen ohean, alde batetik bestera. Finala askotan imajinatu nuen, eta bazirudien serieak egiten ari nintzela ohean [barrezka]. Lau edo bost ordu besterik ez nuen lo egin.

Zure lehen mundiala zen Frantziakoa. Uste baino gogorragoa izan al da?

Aurreikuspen handirik gabe joan nintzen, egia esan. Lehen aipatu bezala, Espainian lehiatzen ibili naizen lasterketetan, aurkari gogor bat izan dut azken bi urteetan: Javier Sanchez. Espainiako Txapelketan ere nire aurretik amaitu zuen, eta mundialean ere banekien ondo ibiltzeko aukerak zituela. Baina ez zen uste bezain ondo ibili. Nik, berez, haren parean ibili nahi nuen. Ibilbidea ez zen hain korrika egitekoa, eta, alde horretatik, nire mesederako izan da. Baina sufritzea tokatu zitzaidan, zalantzarik gabe.

Balto txakurrarentzat ere lehen Munduko Txapelketa izan da. Aldaketa handia nabaritu al diozu azken bi urteetan?

Ia-ia beti ondo ibili izan naiz Baltorekin. Arraza honetako txakurrek odolean daramate korrika egitearena; ez zaie asko erakutsi behar tiraka ibiltzeko. Beste askori gehiago kostatzen zaie martxan jartzea, baina, niri, alde horretatik, ez dit lanketa berezirik eskatu. Asko dira, esaterako, Norvegiatik txakurrak ekarri baina mailarik ematen ez dutenak. Zortea izan dut Baltorekin. Lortutako domina hari zor diot gehienbat.

COVID-19aren ondorioz, azken bi urteetako etenaldia asko nabaritu al da?

Bai, baina onerako. Maila asko igo da. Lehen, esaterako, Espainian ehun lizentzia inguru zeuden, eta, gaur egun, berriz, ia laurehun lizentzia daude. Espainiako Txapelketan ere jada ikusi zen gorakada, eta mundialean ere gauza bera gertatu da. Oro har, denen maila asko igo da. Halere, nire aurretik gelditu zirenak, Ben Robinson ingelesa eta Toma Jaa txekiarra, lehen ere onenak ziren. Robinson beste maila batean dago: txakur kroseko Messi deitzen diogu. Betiko denborak egiten jarraitzen du. Hark ez badu hutsik egiten, ia ezinezkoa irabaztea.

Mundialera joan aurretik, zer-nolako denboraldia egiten ari zinen?

Espainiako Kopa eta txapelketa jokatu nituen. Lau lasterketa izan ziren Kopan, eta txapelketa Olvegan [Soria, Espainia] jokatu genuen. Espainiako Txapelketan eta Kopako hiru probetan, txapeldunorde gelditu nintzen, eta Kopako azken proban, Burgosen, irabazi egin nuen. Irabazteak indarra eman zidan mundialerako. Javier Sanchez izan da aurkaririk gogorrena urte guztian, eta, inoiz irabaziko ez niola pentsatzen nuenean, irabazteko gai izan nintzen. Ondo irabazi nion gainera.

Denboraldia amaitzeko ez da emaitza txarra mundialeko podiuma.

Ez, ezta gutxiagorik ere! Denboraldia, berez, otsailean amaitzen da, baina aurtengoa, pandemiagatik, inoiz baino beranduago amaitu da. Halere, hurrengoa hasteko desiran nago. Aurki hasiko naiz hurrengo denboraldia prestatzen. Azaroan Alemanian jokatuko den IFSS zirkuituko Europako Txapelketa begiz jota daukat.

Podiumean amaitu zenuen txapelketa, baina lortutakoak ez dizu aldaketa handirik ekarriko.

Ez, berdintsu jarraituko dut. Udalak diru laguntza bat ematen dit nazioarteko txapelketetarako. Iaz ere eman zidan, baina, hasieran bertan behera gelditu zenez, dirua itzuli nuen. Orain, berriz, berriro ere lehiatu da, eta ez dakit berriro ere diru laguntza berreskuratuko dudan. Horren esperantza daukat! Bestalde, babesle berri batek deitu dit hurrengo denboraldirako. Mushing-ean dagoen markarik indartsuenetako bat da gainera, Non Stop izena duena. Norvegiarrak dira, eta nazioarteko talde bat ere badaukate. Ea akordio batera iristea lortzen dugun.

Babesleak zer eskaintzen dizu?

Gehienbat materiala. Oso material ona daukate. Horrez gain, Norvegiara entrenatzera joateko bidaiak ere bai. Niretzat, mundu honetan dagoen markarik garrantzitsuena da Non Stop, eta alde horretatik oso pozik nago. Ez naiz ateak jo zalea, baina laguntzeko prest dagoenari eskerrak ematea ezinbestekoa da.

Dirurik ez dagoen kirolean askok egiten duten galdera da: nik zer egiten dut hemen? Zuk ere askotan egin izan al diozu galdera hori zeure buruari?

Ufa, nik ere askotan egin izan dut! Jendeak gauza asko egin izan ditu kirol honengatik, baina nik erokeria handiegiak egin izan ditut. Inguruan ez daukat zirkuiturik eta girorik ondo entrenatzeko, eta askotan Burgoseraino edo Soriaraino joan izan naiz entrenatzera. Dena kudeatzea oso zaila da. Askotan, goizeko seietan edo gaueko hamaiketan joan izan naiz entrenatzera. Erokeria bat da kirol hau!

Urteak daramatzazu jada txakur krosean, baina nola hasi zinen honetan?

Lehen, Tyson izeneko beste txakur bat nuen. Beti gustatu izan zaizkit txakur handiak, mendira joateko, paseatzeko... Egun batean, telebistan txakurrak hezteko programa bat ikusten ari nintzela, gizon bat ikusi nuen korrika txakurrari lotuta. Unean bertan esan nuen: nik hori egin nahi dut. Txakurrari arnes bat erosi nion, eta harekin hasi nintzen orain dela sei urte. Hasieran, ez zion arnesari tiratzen, baina gutxinaka hartzen joan zen.

Zein izan dira zure erreferenteak kirol honetan?

Euskal Herrian, Jose Felipe Larrazabal, Pedro eta Mikel Etxeberria anaiak, Ekaitz Erauskin, Josu Varona... Ni hasi nintzenean, garaiezinak ziruditen, eta niretzat horiek izan dira ispilua.

Lehen lasterketaz gogoratzen al zara?

Bai, noski! Aixolako presan prestatu zuten lasterketa batean izan zen. Txakurrei harrera berezia egiten dieten batzuek antolatutako lasterketa bat izan zen, eta gogoan daukat irteera eman orduko atzeraka hasi zela nire txakurra, izututa. Behin bere lekura itzuli zenean, korrika hasi zen, eta, amaieran, bigarren amaitu genuen. Handik aurrera, harra sartu zitzaidan. Urte askotan Euskal Herriko zirkuituan hartu dut parte, baita Espainiako Kopan eta txapelketetan ere. Hemengo lasterketek ez dute zerikusirik Espainiako Kopan jokatzen direnekin: askoz ere gogorragoak izaten dira.

Behin lehiatzen serio hasi zinenean, txakurra aldatu zenuen. Nolakoa izaten da txakur batetik besterako trantsizioa?

Hiru urte daramatzat Baltorekin. Gutxinaka joan behar da. Beste txakurrarengandik asko ikasi du Baltok. Bestea ere oso lehiakorra zen, eta honek ere ikasi du harengandik.

Txakurrak bakarrik ez, zuk ere aldaketa handia egin duzu.

Ni ere entrenatzailearekin eta nutrizionistarekin hasi nintzen. Ander Romarate kirolari paralinpiarraren eta Mikel Quelleren eskutik, emen4sport enpresarekin hasi nintzen. Kirolariak eramaten dituzte, eta orain dela urtebete hasi nintzen haiekin. Asko hobetu dut azken urte honetan. Oso gustura nago egiten ari garen lanarekin.

Udan zer egingo duzu?

Txakurrarekin hasiko naiz gutxinaka-gutxinaka entrenatzen. Ohitzen joan behar du berriro ere, eta ez da komeni geldirik egotea. Nik, bestalde, mendiko lasterketa motz batzuk egin nahi nituzke, eta atletismoan ere lasterketa batzuk egiteko gogoa daukat. Distantzia motzean ibiliko naiz, 1.500-3.000 metro inguruko lasterketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.