BILBOKO ASTE NAGUSIA

Indarrak biziagotzeko hauspoa

Alde ekonomikoan ez ezik, parte hartzean ere igarri dute Bilboko Konpartsek pandemiaren eragina. Hasieran, kide askoren jarduna apaldu zen, baina, festak berreskuratu ahala, aktibatuz joan dira asko. Nolanahi ere, aurtengo Aste Nagusia mugarria izango delakoan daude. Gaur hasiko da.

3. Txinbotarrak. Zorrotzako taldearen txosna ia bukatuta, herenegun goizean. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Tantaka bada ere, festak berreskuratzen ari dira bilbotarrak. 2020an, inauterien osteko jaiak desagertu egin ziren, eta iaz lehortea apalki hautsi ahal izan zuten zenbait ekitaldi kulturalekin, nahi baino xumeago halere, birusaren oldarraldien eta ondoriozko neurrien eraginez. Baina bestelako aldartearekin ekin zioten konpartsek 2022ari. Otsailean, jai urteari hasiera ematearekin batera, hura «nagusia» egingo zutela iragarri zuten, eta hala da, oraingoz: inauterietatik, kasik oztoporik gabe ospatu ahal izan dituzte ohiko ekitaldiak. Gaur hasiko da Aste Nagusia, eta hurrengo domekan agurtuko dute, datorren urtera arte, ondo bidean.

Mugarri kutsua du aurtengo festak, eta ez soilik hiru urteko itxaronaldiaren ondoren datorrelako. «Aurtengo Aste Nagusia oso inportantea izango da», Joxemi Campillo Hor Dago Abanteko kidearen irudiko. «Konpartsa askorentzat gakoa izango da gora edo behera joateko; asko kili-kolo daude, diru faltan. Abanten ondo gaude, baina, Aste Nagusi honetan ez baditugu diru sarrera onak edukitzen txosnan, arriskutsua izan daiteke». Izan ere, abuztuko egun horiekin elikatzen dira konpartsak, eta hala ordaintzen dituzte gainontzeko egitasmoak: aratusteak, San Joan gaua, Konpartsakide Eguna eta aurten sortutako Kapela Eguna, esaterako.

Parte hartzea, gora

Baina, ekonomiari ez ezik, parte hartzeari ere erasan zion pandemiak hasieran, Txomin Barulloko kide Dabid Rosalesek gogoratu duenez. «Guk bi urte hauetan nabaritu dugu inoiz gertatu ez zaiguna: sare bat garela, eta sareak desegin egiten direla». Amarauna berrosatzen ibili dira aurtengo inauterietatik, eta, ekitaldiak antolatu ahala, konpartsakideak «progresiboki» berraktibatuz joan direla igarri du. «Aratusteetan ohi baino jende gutxiago batu zen, baina, haiei esker, Kapela Egunean jende gehiago batu zen, eta Konpartsakide Egunean 2018ko eta 2019ko datuetara itzuli ginen; areago, hobeak izan ziren». Aurtengo Aste Nagusia garrantzitsutzat jo du, orobat.«Alde guztietatik; epe labur, ertain eta luzera».

Nolanahi ere, konpartsakide kontzeptua «lausoa» dela uste du Campillok. Abantek 60 pertsonako taldea du orain, baina parte hartzea «txikia» dela dio, eta jaitsiera sumatu dute izurriaren urte hauetan. «Ulergarria izan daiteke: jende asko biltzen dituzten ekitaldien beldurra dute adin batetik aurrerakoek, eta beste batzuk nekatuta daude». Hala ere, Konpartsakide Egunean bi kide batu zitzaizkien, eta itxaropentsu dago Aste Nagusiari begira; dirua lortzeko ez ezik, taldekide berriak lortzeko ere eraginkorra izaten baita.

Kaskagorrin ere, etenaldiak kide batzuen jarduera hoztu zuen, Oier Arostegi Gorostiagak azaldu duenez. Hori horrela, «proba urtea» da aurtengoa. Baina txosnaren muntaketa baliabide eraginkorra da jendea aktibatzeko. «Muntaketan nabaritzen da benetan jende kopuruaren igoera». Kideek eurek eraikitzen dituzte oso-osorik 9 tonako txosna eta 14ko dorretxoa, eta prozesuan «harreman estuak» sortzen dira. «Ilusioa dakar, berriz ere biltzen garelako hainbat auzotakoak, komunitate bat egiteko».

Auzoaren alde behar egiteko gogoak batzen ditu, bestalde, Zorrotzako Txinbotarrak konpartsako kideak. Itsasne Aurrekoetxearen arabera, pandemia «larria» izan da denentzat, baina jarraitzea beste aukerarik ez dute izan une oro burutan. «Nahi dugu auzoak ikus dezan nola egin dugun aurrera bi-hiru urtez gelditu ondoren». Gaur egun, 80 kide inguru dira, gutxi gorabehera, eta erdiak baino gehiago ibili dira txosnaren muntaketan eta gainerako lanetan; beste askok txosnan lan egiteko prestasuna adierazi diete. «2019an baino jende gehiago nabaritzen da, eta gogo handiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.