Txirrindularitza. Eta, gainera, txirrindularitza zaleak (IV). Alatzne Etxaburua.

Errepidea da plazarik handiena

Herri kirolen aurretik probatu zuen txirrindularitza, eta, erretiroa hartu eta gero, errepide bazterretik urrundu ezinda jarraitzen du: «Txirrindulariek, guztiek, egiten dutenak sekulako errespetua ematen dit».

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Alatzne Etxaburuak (Tolosa, Gipuzkoa, 1978)) txirrindularitza munduarekin eta txirrindulariekin duen harremana hitz bakarrean laburbildu behar izanez gero, miresmena litzateke. «Niretzat, sinesgaitza da egiten duten lana. Nik barrutik ezagutu izan dut, eta sekulako errespetua diet, egun bat, eta bestea, eta bestea... Lan guztiak dira gogorrak, baina txirrindulariena izugarria da». Barrutik ezagutzen duela dio, eta hala da, herri kirolen munduan bide luzea eginikoa den arren, belardi eta plazak zapaldu aurretik, errepideak eta belodromoak ezagutu baitzituen.

Euskadiko sega txapela edota aizkorako Urrezko Kopa dira haren trofeo gelako piezarik distiratsuenetako bi, baina duela 30 urte, bizikletak bete zuen gerora segak edo aizkorak hartu zuten tokia. «14 urterekin hasi nintzen txirrindularitzan, eta 17rekin utzi behar izan nuen gerriko lesio batengatik. Baina mundu hura pila bat gustatzen zitzaidan, han zegoen saltsa hori. Eta kirol masajista ikasi ondoren, horrela jarraitu nuen». Afizionatu mailako talde batzuekin ibili zen, baita pistako Euskadiko selekzioko maila guztiekin ere. «Jendea ezagutzen duzu, eta esaten dizute, 'Etorriko al zinateke?'. Eta baietz, aurrera. Besteak beste, Asier Maezturi eman nion masajea, olinpiar domina irabazitakoari. Bada zerbait».

23 urterekin utzi zion masajea emateari, baina txirrindularitza erraietaraino sartua zuen. Etxean jaso, eta etxekoei transmititu die pasioa. «Ni ia urtero joan naiz Tourra ikustera. Etapa bat gutxienez: 12-13 urte nituenetik urtero, eta orain 41 ditut. Urteren batean kale egin izan dugu, baina arraroa da». Familian joaten dira, guraso eta seme-alabekin. Tira, haiek hamar egun inguruko bidaia egiten dute, Alpeetara-eta, eta Etxaburua senarrarekin joaten da asteburuan. Itzulia eta Espainiako Vueltara ere joandakoa da, eta argi du zein duen tokirik gustukoena: «Tourmalet. 13-14 urterekin igo nintzen hara, eta beti izan dut maitea». Argi duzein proba bisitatu nahiko lukeen ere. «Italiako Giroa. Ez naiz joan, eta ez pentsa inbidia ematen ez didanik!».

Baina, zergatik joan? Zergatik urtero? Zergatik txirrindularitza? «Saltsa ederra da, giroa... Plazera da kirola gustuko dugunontzat. Txirrindularitza baloratzen dugunok badakigu zenbat kostatzen den hor egotea. Lehen esan dut, sinesgaitza da egiten duten lana, eta txirrindulariek asko eskertzen dute zaleen babesa». Zaleen jarduna, baina, ezbaian jarrita dago azken urteetan, askok gehiegizko protagonismoa hartu nahi izaten baitute, istripuak eragiteraino. Etxaburuarena esperientziaren ahotsa da. «Hasteko, orain jende pila bat joaten da, eta asko ez zaletasunagatik, parranda giroagatik baizik, eta horiek sortzen dituzte arazoak. Gehienak txirrindularitza errespetatzen duten zaleak dira, eta txirrindulariek eskertzen dute, baina bultzada bat emateko ere bultzada hori ematen jakin behar da.». Iritziari ondorio bat gehitu dio. «Gero, errepidean hesiak jartzen dituzte, eta ez zaigu gustatzen, baina askotan, beharrezkoak dira».

Eta animatzen jarrita, nor ozenen? «Marino Lejarreta. Ez dut zalantzarik, eta ez dut inoiz izango. Horren pertsona ona da. Gaztetan haren koadroa nuen logelan, eta ezagutzeko aukera izan dut, eta haren ilobak ere bai. Ni, beti Marinoren alde». Eta oraingoen artean asko ditu gustuko, Alejandro Valverde esaterako, baina Gari Bravo izendatu du. «Pertsona izugarria iruditzen zait, eta ez dut esan nahi besteak ez direnik. Baina ni pertsonek berenganatzen naute, bihotz onekoek». Etxean, baina, belaunaldi berriek beste kutun batzuk dituzte. «Semeari Nairo Quintana gustatzen zaio. Iazko Vueltan ezagutzeko aukera izan zuen, Jose Luis Arrietaren bitartez, eta zoratzen utzi zuen. Oso atsegina izan zen. 'Oso jatorra da', esaten zidan. Aldare batean jarria du». Txirrindularia du semea, kimuetan.

Asteburuan saiatuko da Itzulian egoten, eta udan ere Tourrera joango da. Aurretik, baina, izango du txirrindularitzari buruz hitz egiteko aukera, bizikleta denda batean egiten baitu lan. «Urte askoan kirol denda batean egin nuen lan, eta iaz hasi nintzen bizikletekin. Horri esker, aspaldian ikusi gabeko jende piloa ikusten ari naiz. Sekulako ilusioa egiten dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.