Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Guraso izatea

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur ez dut zuzenean eta erabat mundialei buruz idazteko asmorik. Kasualitateak, edo kausalitateak agian, opari txiki bat jarri dit begien aurrean. Eta ez diot muzin egin nahi.

Badirudi Ingalaterra orain arteko mundialetako pitxitxi gabe gera daitekeela. Oraindik urrun dago finala; amesten ez duenak, ordea, nekez lortzen omen ditu helburuak. Harry Kane aurrelaria aita izatekoa da gutxi barru, eta etxerako bidea har dezake hauetako egun batean.

Albiste hori irakurtzen ari nintzela Leire Olaberriak Espainiako Txirrindularitza Federazioan salaketa jarri duela jakin dut. Amatasuna eta kirola uztartzeko zailtasunak jarri dizkiotela eta baztertua bezain gutxietsia sentitu dela adierazi du, besteak beste.

Eta horri tiraka erraiak estutu dizkidaten goiburuak irakurri ditut. Ama izatea eta goi mailako kirolean aritzea batera errazak al dira? Ez, noski. Baina ez gorputzak bere mugak eta amatasunak bere ezaugarriak dituelako soilik. Berez bateragarriak dira, baina erditze batean ez da amaren eta haurraren arteko zilbor-hestea soilik eteten. Arrakalak nonahi zabaltzen dira. Adibide asko topa ditzakegu, asko. Haurdun zeudela jakitean bati baino gehiagori beka kendu zaie... Edo haurdunaldiko lehen lau hilabeteak disimulatzera kondenatuta egon dira... Ama izatearren ibilbide profesional oparoa zapuztea leporatu zaie... Haurraren zaintzaren inguruko prozesu judizial batean murgilduta zegoelako ez zioten haurrarekin mundu mailako lehiaketa batera joaten utzi... Ulertzeko eta mintzeko aski adibide badira, ezta?

Gizarte patriarkal eta arretik emerako goitik beherako harremanak daude oinarrian. Mahai gaineko teorizazioetan berdintasuna bezalako hitz ederrekin betetzen zaie ahoa, baina oraindik sukaldeko lan asko dago egiteko. Sutan jartzean probatu ohi da nolakoa den eltzea! Hobe aurretik gaiari serio heltzea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.