Albistea entzun

Koronabirusaren aurka, garbitasuna

Garbiketa izan liteke koronabirusaren aurkako tresna eraginkorrena, Guillermo Quindos EHUko katedradunak azaldu duenez. Horregatik, kutsatua ez izateko gomendioak eman ditu: eskuak eta etxea garbitzea, eta garraio publikoan eta lanean bete beharreko irizpideak betetzea.
CC0 Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2020ko martxoak 14

Aste batetik bestera goitik behera aldatu da Euskal Herriko egoera. Konturatzerako, biztanle denen egunerokoa hankaz gora jarri du koronabirusak. Ezohiko egoeraren erdian, gaitzaren inguruko informazio eta ohar ugari helarazten ari dira osasun agintariak, eta Guillermo Quindos EHUko mikrobiologiako katedradunak ere ildo beretik jo du. Haren esanetan, garbitasuna ezinbestekoa baita birusari aurre egiteko. «Oso zaila da garbitasun prozesu guztia perfektu eta behar den bezala egitea, baina oso garrantzitsua da ahal bezainbeste gerturatzea emandako aholkuetara». Izan ere, higiene neurri batzuk hartuz gero, koronabirusarekin kutsatzeko gero eta arrisku txikiagoa izan dezakete herritarrek. Bost ataletan banatu daitezke Quindosek emandako gomendioak.

ESKUEN GARBITASUNA

1. Aholku guztietan oinarrizkoena eskuak garbi edukitzea da: «Kutsatzeko modu nagusietako bat delako. Gaixo baten ondoan egonez gero, partikulak arnastuta kutsatu daiteke norbanakoa, baina, bestela, gaitza eskuetatik iristea da normalena». Hau da, gaixotasuna duen edonork erabilitako edo ukitutako edozein elementu eskuekin ukituz gero, gaitza hartzeko arrisku handia dago. «Birusa ahotik, sudurretik eta begietatik sartzen da; eskuekin aurpegia askotan ukitzen dugu, eta horregatik da garrantzitsua eskuak garbi edukitzea». Aurpegia ukitzeko ohitura handia izaten dute norbanakoek, eta, horregatik, ahal den heinean joera hori gutxitzea ere garrantzitsua dela dio. «Baina hori zaila dela ere badakit».

Mikrobiologoak ez du zehaztu zenbatean behin komeni den eskuak garbitzea, baina beste pertsonaren batek ukitu ahal izan duen objekturen bat ukitzen den aldiro eskuak garbitzea komeni dela dio. Gutxi gorabehera ordubetean behin eskuak garbitzeko ohitura hartzea gomendatu du. «Eskuak ohiko moduan garbitzea komeni da, urarekin eta xaboiarekin. Eskuaren atal guztiak ondo garbitu behar dira, gainera: hatz puntak, azkazalak...». Denetara minutu erdi inguru igarotzeko gomendioa egin du. «Prozesua ondo amaitzeko, eskuak ondo lehortu».

Enpresa askotan ere eskuak garbitzeko gelak eskatzen ari dira, eta horien erabilera egokikoak diren arren ez du ezinbestekotzat jo Quindosek. Claudio Cordero Limpiezas Txindoki garbiketa enpresako arduraduna da, eta, dioenez, une honetan lantokietan gel horiek dira gehien eskatzen dituztenak. «Gero eta zailagoa egiten ari zaigu eskuratzea, denek nahi baitituzte eskuak garbitzeko gel horiek».

ETXEKO GARBITASUNA

2. Eskuak garbi edukitzeaz gain, etxea ere hala egotea garrantzitsua izan daitekeela azaldu du Quindosek, batez ere gaixotutako norbait berrogeialdia egiten ari baldin bada. «Gaixo dagoenak ukitu ahal izan dituen euskarri denak garbitzea komeni da: ateetako eskutokia, kisketa, atea bera, mahaiak...». Horretarako onena edozein detergente edo lixiba urarekin nahastuta erabiltzea litzateke, mikrobiologoaren hitzetan «horiek edozein bakteria hil dezaketelako».

Horrez gain, gaixoak darabiltzan arropa, maindire eta toallak ahal bestetan garbitzeko esan du. «Toallak, esaterako, ezin ditu gaixoa ez den beste inork erabili», eta ahal izanez gero egunean behin aldatzeko aholkua egin du. Izan ere, bakterioek gehiago irauten dute eremu hezeetan, eta, horregatik, ahal bestetan aldatzea egokiagoa dela dio, gaixorik ez dagoenarekin kontakturik ez izateko. Berdin gaixoak lo egiten duen oheko maindireekin, edo erabiltzen dituen arropekin. «Garbitu behar duen pertsona kutsatu gabe baldin badago, komenigarriena litzateke garbigailua jartzerakoan eskularruak erabiltzea», horrela ez baitu eskuetan inongo bakteriorik izango.

Garbigailua jartzerakoan, 60 gradutik gorako programak jarri behar direla azaldu du, tenperatura horietatik gora hiltzen baitira bakterioak. Ondoren, arropa ahalik eta hoberen lehortu beharko da. «Birusa erabat hiltzen duena lehortasuna da: hezetasuna galtzen duenean, bere egitura guztia galtzen du». Horregatik, arropa tenperatura altuan garbitzeaz gain ondo lehortzea ere garrantzitsua dela dio. Baldintza horiek etxeko baxerari ere ezarri behar zaizkiola dio, plater edo edalontzietan bakterioak hiltzeko modu egokiena baita.

Etxean gaixorik egon ezean neurri horiek guztiak hartzea gehiegizkoa dela uste du Quindosek, baina oinarrizko garbitasuna ezinbestekoa dela dio.

ENPRESAKO GARBITASUNA

3. Lantokietako garbitasunari dagokionez, Corderok azaldu du protokolo bereziak jarri dituztela martxan Limpiezas Txindokin: «Garbitzaileek ezin dituzte lantokietako mahaiak ukitu, eta behargin bakoitzari dagokio bere mahaia garbitzea, alkohol apur batekin». Garbitzaileek, beraz, langile denek ukitzen dituzten euskarriak garbitu behar dituzte: ateak, eskutokiak... Eskularruekin lan egin behar dute, gainera. Quinosek ere gomendio bera eman du, behargin bakoitzak, besteak beste, bere ordenagailuko teklatua eta sagua garbitu ditzala. Gainerakoan, aholku orokorrari jarraituz, lantokian ere eskuak maiz garbitzeko eskatu du.

GARRAIO PUBLIKOKO GARBITASUNA

4. Azken egunetan asko hedatu diren irudiak dira: garbitzaile brigadak garraio publikoa garbitzeko lanean ageri direnak. Koronabirusarekin kutsatua izateko beste eremu bat izan baitaiteke hori. Horregatik, garbitasunerako hartzen diren ahaleginak handiak eta egokiak direla azaldu du Quinosek. Dena den, autobus, tren, tranbia eta metroko barrak ahal den gutxienetan ukitzeko aholkua eman du, jende askok ukitzen baititu. Kutsatua izatea saihestu nahi izanez gero, barra horiei paperezko mukizapiekin eutsi ahal zaiola esan du. «Baina neurri hori gehiegizkoa iruditzen zait; zentzuzkoagoa litzateke garraio publikoa erabili ondoren eskuak garbitzea».

BAKARTZEA ETXEAN

5. Aipatutako garbitasun neurri horiek guztiak kutsatuak ez izateko eraginkorrak direla azaldu du mikrobiologoak. Etxe barruan koronabirusak gaixotutako norbait izanez gero, ordea, garbitasunaz haragoko neurriak hartu daitezkeela azaldu du Quindosek. Gaixotua nola bakartu, hain zuzen. Horretarako etxe ideal bat dagoela dio: gaixoa egon ahal izateko gela bakartu bat egotea, eta berak bakarrik erabili ahal izango duen komun bat. Berrogeialdia egiten duen denboran, gela horretatik atera gabe egon beharko du gaixoak, eta ahal duenean leihoa irekita eduki dezala, bertako giroa egurasteko. «Gela horretan gaixoarentzako behar adina paperezko mukizapi eduki beharko lirateke, eta baita ondo itxi daitekeen zakar poltsa bat ere, mukizapi horiek erabili ondoren zakarretara ondo itxita bota ahal izateko». Komunean badaezpada norberarentzako xaboi propio bat edukitzea ere komenigarria izango litzatekeela azaldu du.

Dena den, etxe ideal hori ez da denek edukitzeko modukoa. Hau da, etxe guztietan ez dago gaixoarentzako gela bereizi bat edo komun bat baino gehiago. Halakoetan, kutsatuarekiko bi metroko distantzia edukitzea aholkatu du, eta gaixoak maskara eraman beharko luke. Komunean, bestalde, koronabirusa duenaren toalla, xaboi eta garbiketarako euskarri oro bananduta izatea gomendatu du. «Neurri hauek guztiak hartuta ere kutsatzeko arriskua izan dezakegu, oso zaila baita dena behar den bezala egitea». Horregatik, tentuz ibiltzeko esan du Quindosek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MERINA GRIS

«Aurreiritziak sortzeko zailtasunak jarri nahi genizkion entzuleari»

Miren Mujika Telleria

Gaur joko du Merina Gris taldeak Donostiako Aste Nagusian, Flamenka gunean. Etxetzat dute kaia, eta, horregatik, «inoiz baino urduriago» daude, baina, era berean, «gogotsu, oso».
Agirre, Arruti, Otamendi eta Enbeita, atzoko saioan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Emozioak, babesean

Jakes Goikoetxea

Izan Inurri elkartearen aldeko bertso saioa egin dute Trinitate plazan. Minbiziaren ondorioei buruz hitz egin eta kantatu dute: batzuetan, modu gordinean; besteetan, umorea baliatuz.

1 ©JON URBE / @FOKU

Bi dantza talde emanaldi berean

Iraia Irazusta Mujika

Euriak baldintzaturiko arratsaldea izan zen asteazkenekoa. Eskola dantza taldeak emanaldia egin zuen, eta ez ziren bakarrik egon oholtzan. Berrikuntza modura, Miarritzeko Oldarra taldea izan zuten lagun.

 ©Jagoba Manterola / FOKU

Euriak egitaraua ere busti du

Amaia Jimenez Larrea

Euria izan da azken egunetako osagai nagusia. Tamalez, Aste Nagusiko ekitaldi batzuetan eragina izan du, baina, hala ere, moldaketak egin dituzte festak aurrera jarrai dezan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...