Hiriaren iruditegian ezinbesteko

Gaur egun 'Azkuna zentroa' izena duen Bilboko gizarte eta kultura garaikideko zentroa ardo biltegia izan zen hasieran. Sute baten ondoren berreraiki egin zuten, 1919an.

Obrak. XIX. mendearen hasieran obrak hasi ziren alondegia kultura zentro bilakatzeko; Philippe Starck arkitektoak izan zuen ardura. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Alondegiak, batik bat, ardoa gordetzen zuten biltegiak ziren. Bilbok zenbait alondegi izan zituen XX. mendearen hasiera arte; nagusia hiriaren erdigunean zegoen, eta gainontzekoak baino handiagoa zen: hots, gainontzekoek ez zituzten betetzen garai hartan hiriak zituen beharrak. Ricardo Bastida Bilboko Udaleko arkitektoa izan zen alondegi nagusiaren proiektuaren gidaria. 1905. urtean hasi ziren lanak, eta lau urte geroago inauguratu zen, 1909an. 60 urte inguruz egon zen martxan gutxi gorabehera. Baina, gero, tokiz aldatu zuten biltegia, eta hasierako eremu hartan egun martxan dagoen gizarte eta kultura garaikideko zentroa eraiki zuten. 2010. urtean inauguratu zuten zentro berria. Alhondiga izena jarri zioten hasieran, baina badira urte batzuk 'Azkuna zentroa' duela izen ofiziala, eta hiriaren iruditegian toki esanguratsua hartu du.

XX. mendearen lehen erdialdean alondegian aritzen ziren langileak biltegizainak ziren: hau da, alondegia salgaiak biltegiratzeko eta banatzeko erabiltzen zuten. Errioxako (Espainia) elkarrizketa batean sortu omen zen proiektua, Bilbo erreferentzia puntua zelako hainbat merkatutan: bertatik zabaltzen zen inguruan edaten zen ardoa. Halaber, pisu handia izan zuen hiriko gizartean: hain zuzen, alondegiko ardogileek salgaiak hiriko tabernetara eta jatetxeetara banatzen zituzten. Hala, ekonomikoki sektore garrantzitsua izan zen hiriarentzat; are gehiago kulturalki.

Eraikin esanguratsua

Alondegiaren erakina eraikin industriala izan arren, atentzioa ematen du oraindik ere. «Arkitektura industrialaz hitz egiten dugunean, beti pentsatzen dugu beste arkitektura mota batean, baina Bastidak argi izan zuen non ari zen eraikitzen, zein zen bere eraikinak hirian izango zuen rola», azaldu du Mikel Bilbao Artearen Historiako irakasleak. Arantza Pereda kidearekin batera, egun 'Azkuna zentroa' izena duen eraikinari buruzko Ardo biltegitik gizarte eta kultura garaikidekora ikerketa lana plazaratu du, Azkuna zentroaren enkarguz. «Monumentaltasun puntu bat duen eraikin bat da, inguratzen duten gainerakoarekin bat ez datorrena», gaineratu du Bilbaok. Azpimarratu du ez dela kasualitatea «burgesen» etxebizitzaz inguratuta egotea: «kalitate jakin bateko etxebizitzak dira, eta Bastidak oso ondo zekien eraikinak nolabaiteko itxura eta monumentaltasuna izan behar zuela». Hain zuzen, hiriaren erdigunean dago eraikina, Indautxu auzoan, Moyua plazatik gertu.

Biltegi garrantzitsua eta, batez ere, erreferentziazkoa zen alondegia, ez Bilbon bakarrik, baita inguru osoan ere. «Bastidak asko pentsatu zuen: alondegi zaharraren planoan, adibidez, bi galeria ikus daitezke, salgaientzako sarrera bat eta beste irteera bat, pasabidea ez oztopatzeko», azaldu du Peredak. Horrez gain, eraikinak igogailuak zituen, hainbat solairutara salgaiak igotzeko. Hala, merkantziak zuzenean sartzen zituzten, eta ez zuten gurdirik deskargatu behar izaten.

1919an sute bat izan zen Bilboko alondegian, baina ez zen kasu bakarra izan hirian: Arriaga antzokia ere erre zen. «Material berriak erabiltzen zirenean, suterik ez zegoelako uste xalo samarra zegoen, eta alondegiaren kasua nahiko kasu paradigmatikoa da, hormigoi armatuzko eraikina zelako», azaldu du Bilbaok. «Eraikinak izan zuen arazo handietako bat barruan zeuden materialak izan ziren, eta ondorioz lau egun behar izan zituzten sutea itzaltzeko; are gehiago, suhiltzaile bat hil zen sua itzaltzen ari zirela», azaldu du Peredak. Herritarrak hunkitu egin zituen gertakari hark, eta, ordutik aurrera, alondegiaren araudi osoa aldatu zuten, eta gauez norbait egotera behartu zuten, berriro gerta ez zedin.

Halaber, Bastidak berreraikuntzan parte hartu zuen. «Sutea itzaltzeko ardura izan zuen. Are gehiago, errehabilitazioa ere bere esku egon zen, eta ustez egin ziren akatsak aldatzen saiatu zen», azaldu du Peredak. Eraikinak hainbat ondorio izan zituen: horma perimetralaren zati bat pitzatzen hasteaz gain, dorre baten zati bat erori egin zen. Hala, zaharberritze lan dezente egin behar izan ziren. Horrez gainera, salgaiak barruan zituzten biltegizainek dirutza galdu zuten: «Udalak eraikinaren aseguru bat zuen, baina biltegizain askok ez zuten aseguru berezirik, eta material dena galdu zuten».

Ofizialki, hiriaren erdiguneko alondegiko jarduera 1962. urtean gelditu zen bertan behera. Baina jarduerak 1970eko hamarkadan ere jarraitu zuen, Gaztelondoko alondegi berrira lekualdatu zen arte. Hiriko gainontzeko alondegietako bat Santos Juanes plazan zegoen: Alberca alondegia, hain zuzen. Egun, eraikina zaharberrituta dago, eta banketxe bat da. Gainera, egun epaitegiak dauden tokian beste bat egon zen: Barroeta alondegia. Hirugarren lokal handi bat ere erabili zuten, gaur egun Pasoen Museoa dagoen tokian. Hura XVIII. mendeko eraikina da. Aitzitik, gaur egun hirian gelditzen den alondegi bakarra Gaztelondokoa da, Errekalde auzoan. Egun, ez dira soilik likoreak eta olioak biltegiratzen; beste erabilera batzuetarako ere erabiltzen dute. Hala ere, izena mantentzen du.

Erreferente

Alondegi nagusian jarduera amaitu zenean, hiria birgaitzeko plana mahai gainean zeukan udalak, kultura arloko beste proiektu eta jarduera batzuekin batera. Hala, nazioartean pil-pilean zegoen modarekin bat egin zuen: hots, jarduera tradizionalarekin bukatu, eta industria guneak eraberritzen hasi zen. Alondegiaren kasuan, funtsezkoa izan zen kultura eta gizarte mailako eskaera bat: interes kulturaleko ondasun izendatzea. 1998an lortu zuen monumentu kategoria.

Kultur zentro bilakatzeko egindako birmoldaketa prozesuan, kirol zentro bat egitea ere pentsatu zuten; baita higiezinen agentzia bati saltzea ere, etxeak eraikitzeko. Horiek horrela, lorpen eta borroka bat izan zen hiriarentzat mantendu izana. «Hirian betidanik denentzat izan den eraikin bat da alondegia; nolabait herritar guztiek uste dute haren parte direla», adierazi du Bilbaok. 1970eko hamarkadan, adibidez, kolektibo batzuek eraikinaren erabilera aldarrikatu zuten, baina gero paperean geratu ziren proiektu horietako asko. «Ahaztu egiten den memoria baten parte da, aztarna materialik ez dagoelako», gaineratu du. Zehaztu duenez, egiteko egon zen proiektuetako bat Gorordo alkate ohiak bultzatutako makro proiektua izan zen, Jorge Oteiza eskultorearekin elkarlanean. «Proiektu horiek guztiak egin ez baziren ere, lubakia utzi zuten. Azkenean izan dena izateko bidea markatu zuten».

2003. urtean bideragarritasun plan bat egin zen kultura eta aisialdi zentroa egitearen inguruan, eta 2004an Bilboko Udalak Philippe Starck arkitekto ezaguna kontratatu zuen erreforma horren arduraduna izan zedin. Hala, gaur egun ezagutzen den eraikina sortu zuten. 2010eko maiatzean inauguratu zuten, hain zuzen. Alondegia dagoen auzoan zenbait gabezia kultural zeuden, eta, beraz, hutsune horiek konpontzeko asmoa zuen proiektuak.

Mende baten ostean egitura fisiko bera geratzen bada ere, funtzio anitzeko zentro bat da alondegia. Bisitaria arte garaikideko erakusketa zein pelikula bat ikustera, kontzertu bat entzutera,ardo bat hartzera edota mediatekan irakurtzera joan daiteke alondegira. Hain zuzen, Azkuna zentroaren proiektuaren helburuetako bat publiko aniztasun horri guztiari aurre egin ahal izatea da. Fernando Perez egungo zuzendariak adierazi duenez, alondegia Bilboren historiaren zati garrantzitsu bat da «Funtzioa asko aldatu den arren, mende bat geroago udal zerbitzu publiko bat da oraindik ere». Halaber Perezek azaldu du jende askorentzat izan dela erreferente, eta beraien asmoa gerora ere hala izatea dela. Artea eta kultura egunerokotasunean bizi dira egungo alondegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.