Uztarik preziatuena

Abenduan hasi eta ekaina bitarte, orburua biltzeko garaia izaten da Nafarroako Erriberan. Eskuz egiten da bilketa osoa. Azken hiru urteetan %30 jaitsi da orburuaren ekoizpena bertan.

Bertakoa. Tuterako zuria izena du Nafarroa hegoaldean landatzen den orburu motak. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Fontellas
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun

Nafarroako Erriberako landen horiarekin kontrastea egiten dute orburu landareen berdeek. Neguaren amaiera eta udaberriaren hasiera orburu garai oparoa da han, eta horien bilketa egiten ari dira. Tutera eta inguruko 33 herritan ekoizten da batez ere orburua Nafarroan, eta, munduko bertze eskualde batzuetatik bereizteko, Tuterako orburuaren adierazpen geografiko babestuaren barruan dago. Munduan orburu mota ugari dauden arren, Nafarroan bakarra ekoizten dute: Tuterako zuria deitua. Negu guztian zehar jaten da, baina batez ere udaberri hasieran biltzen da. Aurten ere, orain arte egindako tenperaturak tarteko —batez ere urtarrilean eta otsailean egindako hotza—, oraintsu ekin diote ekoizleek kantitate handian horiek biltzeari eta saltzeari. Freskoan zein kontserban ontziratuta, bi eratara saltzen da. Jateko, berriz, gordinik zein hamaika modutan kozinatuta jan daiteke.

Ortzegun Saindu eguna da, eta, jaieguna den arren, mugimendua nabari da Fontellasko (Nafarroa) Agorreta enpresaren atean. Bezperan bildutako orburuak kontserba fabriketara saltzeko prestatzen ari dira biltegi barrenean, eta kamioilarien joan-etorria etengabea da. Jaieguna izanagatik, lanean dira lantegian. «Egun hauek arraro xamarrak dira, leku denetan ez dira jaiegunak, eta gaur behintzat lan egin beharko dugu uzta biharko merkatuan egon dadin», kontatu du Alberto Agorreta nekazari eta enpresako jabeetako batek. Kamioilarien lana antolatzen ari da, bezperako uzta merkatura bidaltzeko.

Bertatik sei kilometrora, Buñuelen orburuak dituzten zazpi landetako batean dago Guillermo Agorreta bertze jabea eta Tuterako Orburuak jatorri izeneko kontseiluko lehendakaria. Egun bakarrean landa batean baino gehiagotan dute bilketa, eta dena koordinatzeko lanetan da. Orburu landare baten ondora hurbildu, bildu beharrekoa jasota dagoela ikusi, eta agindua eman du: egunekoa eginda, erretiratzeko ordua da.

Lau ordu inguruko lana izan dute orburuak biltzen; izan ere, erabat eskuz egiten den langintza da orburuaren bilketarena. Ilara luzeetan daude landatuta landareak, eta langileak ere ilaraka paratzen dira horiek biltzeko. Langile bakoitza banaka-banaka igarotzen da orburu landare bakoitzetik, eta bertatik aukeratzen ditu bildu beharreko fruituak. Ondotik, zurtoin zati bat hartu eta lorea labanarekin moztea izaten da lana.

Labana batekin orburuak moztu, eta eskuetan gordetzen dituzte saskira bota aitzinetik. Jagoba Manterola / Foku

Orburu landare bakoitzean lore bat baino gehiago izan ohi da, eta tamaina egokia duena aukeratu behar izaten da. Freskoan saldu edo kontserbarako izan, tamaina ezberdinetakoak bildu behar dira, gainera. Freskoan saltzekoak neurri handiagokoak dira; kontserbarakoak, berriz, txikiagoak. Orburuak bilduta, inguruan saskiekin dabiltzan langileei ematen dizkiete, eta hortik zuzenean joaten dira traktoreetara. Eskuz egin beharreko lana da orburuaren bilketa, eskuz eta pazientziaz. Hogei langiletik gora ari dira bilketan, eskularruak, maskarak eta txapelak buruan dituztela. Bilketan lanean ari zen langileetako batek kontatu duenez —ez du izenik eman nahi izan—, lan gogorra da: «Bilketa dena eskuz egin behar da, eta gogorra da, batzuetan pisua hartzea ere egokitzen delako, eta eguraldi txarrarekin ere bildu behar izaten delako».. Landako lana bukatuta, biltegira eramaten dituzte, eta bertan bigarren aukeraketa bat egiten dute, merkatu freskorakoak eta kontserbarakoak sailkatuz.

Ia urte oso bateko bizitza du orburuaren landareak, uztailean eta abuztuan landatu eta heldu den urteko ekain hasierara arte biltzen baita. Landatzerako orduan, bi motatako landaketak egiten dituztela nabarmendu du Guillermo Agorretak: goiztiarra eta berantiarra. Goiztiarra uztaila hasieran landatzen dute, eta berantiarra, berriz, abuztuan:«Orburu goiztiarra urri erdian biltzen hasten gara, eta abendu hasierara arte-edo biltzen dugu», kontatu du. Ondotik, abendu eta urtarrilean eten egiten dute bilketa, hotzaren etorrerarekin bat landarea izoztu eta ematen duen lorea ez delako saltzeko modukoa. Tenperaturak igo, eta udaberriaren etorrerarekin bat hasi, eta ekain hasiera arte biltzen dute. Hala, uztarik gehiena martxotik aitzinera izaten dutela kontatu du Agorretak, orduan loratzen baitira bi garaitan landatutakoak.

Bilketa ez da eguneroko lana, neguan nabarmen murrizten baita uzta kopurua. Hala, neguan aski da landa bakoitzean bilketa hamar egunetik behin eginda. Udaberri ernatzearekin bat, ordea, biziberritu egiten da landarea, eta landa bakoitzean lau edo bortz egunez behin egiten dute bilketa. Behin bilketa lan denak bukatuta, berriz ere landatzeko garaia izaten da. Horretarako, ordea, lehendabizi eskuz atera behar izaten dituzte landare eta sustrai denak, berriz ere landatzeko. Ardiek jaten dituzte landarearen hostoak eta sustraiak datorren uztan landatzeaz gain, bertze nekazari batzuei saltzen dizkiete horiek landatu ditzaten: «Urteen joanarekin desitxuratu egiten dira orburu landareak, eta, hori dela eta, batez ere Espainiako Levante aldeko nekazariei saltzen dizkiegu sustraiak, hemengo orburu mota gal ez dadin», azaldu du.

Gutxituz doan landaketa

2017-2018ko aldian batez ere orburu landaketak igo baziren ere, azken denboraldian landatutako hektarea kopurua nabarmen jaitsi da. 2017an, 924 ziren jatorri izenaren barruan zeuden landaketak, 2019-2020koan, 677; eta 2020-2021ekoan, berriz, 594, %30 gutxiago. Horren atzean arrazoi ekonomikoak daudela nabarmendu du Agorretak: «Orburu landek zaintza lan handiak eskatzen dituzte. Dena eskuz egin behar da, eta horrek kostu ekonomikoa asko igotzen du. Gainera, orburua landatzen denetik biltzen denera arte urtebeteko epea izaten da etekin ekonomikoa lortzeko». Horrez gainera, urtez urte lanerako jende falta handiagoa izaten dutela nabarmendu du ekoizleak. Orburuez gain, bertze hainbat fruta arbolatan ere landatutako hektarea kopurua nabarmen murriztu dela dio Agorretak, eta horien ordez automatizatuago dauden landaketak egiteko joera nabarmendu dela. Orburuaren kasuan, alta, esperantzaz mintzo da Agorreta, jatorri izenak, hein batean,  «babestu» egiten duelako.

Oraindik uztaren zati handi bat biltzekoa bada ere, aurtengorako esperantzaz mintzo da nekazaria. Orain arte jasotakoa nahiko mailakatua izan dela nabarmendu du: «Neguan oso uzta txikia izan dugu: iazkoaren aldean hektareako bildu dugun kilo kopurua erdia da oraingoz, eta landaketak gutxitu direnez, nabarmen jaitsi da bildutakoa ere». Oraindik biltzeko garaia amaitu ez denez, ordea, esperantzaz mintzo da: «Landaketa denek itxura oso ona dute, eta ziur gaude eman beharrekoa emango dutela». Geroago biltzeak, ordea, ekoizleei ekonomikoki kalte eginen diela uste du: «Ez da gauza bera kilo horiek garai hotzagoan biltzea, prezioak garestiagoak direnean, edo uda hurbildu ahala biltzea. Tenperaturak igotzearekin bat, jendea bertzelako barazki eta frutak jaten hasten da, eta ahaztu egiten da orburuak ere hor daudela».

Ohiko barazkia

Tuteran eta inguruko herrietan ohikoa da baratzean orburuak landatzea. Hori dela eta, inguruan baino gehiago, Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian saltzen dute gehienbat uzta. Herrialde bakoitzeko merkatuak bere berezitasunak dituela kontatu du Alberto Agorretak. Hala, merkaturik zorrotzena Frantziakoa da, haren hitzetan: «Frantzian orburu handiak nahi izaten dituzte, eta edozein marka dutela ere atzera botatzen dute. Oso merkatu zorrotza da». Horren kontrara, Ebro inguruko merkatuan, itxurari baino produktuari garrantzi handiagoa ematen diotela dio: «Bertako kontsumitzaileek ezagutzen dute produktua, eta badakite edozein marka duela ere ona egongo dela». Oraindik ere badute lana Erriberan aurtengo uzta biltzen. Helburua argia da: iazko 3.324.819 kiloak gainditzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.