Donostiako Aste Nagusia

Handituz joan den olatua

Donostiako Piratek hogei urte bete dituzte aurten. 2002an, hiriko gazte batzuk, «zezenketen, su festen eta izozkien» jaiak alde batera utzita eta beste eredu baten bila, eztabaida sortzen hasi ziren. Abordatzea izan zen eztabaida sortzeko egitasmoa, eta gaur egun festen ekitaldi nagusia da.

Kideak. Ordoñez, Peña, Fernandez eta Ormazabal, Donostiako kaiko arrapalan; abordatzea ateratzen zen lekuan. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Bi urteren ondoren, festak iritsi dira Euskal Herriko hiri eta herrietara, eta Donostia ez da salbuespen bat izan. Gaur egun egitarau oparoa du Aste Nagusiak, eta ez hori bakarrik: bi motatako jaiak bizitzeko aukera izaten dute bai donostiarrek eta baita kanpotik bertaratutakoek ere. Alde batetik, udalaren egitaraua dago, ofiziala, eta bestetik, Donostiako Piratek antolatzen dutena.

Zergatik, ordea, bi egitarau? Bada, duela hogei bat urte gazte donostiar batzuk garai hartako jai ereduaren inguruan hausnartzen hasi zirelako. 2002. urtearen bueltan, gazte kuadrilla hartan zegoen Markel Ormazabal: «Gure beharrei erantzuten ez zien festa eredu batekin egin genuen topo», oroitu du Ormazabalek, eta hori ikusita, zerbait egitea pentsatu zuten.

Festa ereduaren inguruko eztabaida sortzea zen helburua, eta aurrerapauso bat eman zuten; pauso horren erantzuna zein izango zen ikusteko asmoz. Lehen pauso hori abordatzea izan zen. Kaitik talde bat atera zen baltsetan, udaletxea abordatzeko asmoz. Baltsa horiek, lehorrera iristean, udaletxeko atean amaitu zuten. «'Zuen jai ereduarekin ez gaude ados' esateko modu bat izan zen», azaldu du Haizea Fernandezek, mugimenduaren sortzaileetako batek.

Lehenengo abordatzeak izan zuen erantzuna ikusita, ekintza gehiago eginez joan ziren, eta, hasieran, hiriko gaztetxeekin, gazte asanbladekin eta Parte Zaharreko tabernariekin hasi ziren lanean. Honela, abordatzeaz gain, tabernarien arteko jokoak eta Ikatz kaleko herri bazkaria ere egiten hasi ziren. «Lehenengo urteetan, dena oso espontaneoa izan zen. Urtez urte ekintzak gehituz joaten ginen, proposamenetatik abiatuz», azaldu du Fernandezek.

«Gure jaiak akats baten arrakasta direla esan ohi dut nik», dio Ormazabalek. Akatsa, bost urteren ondoren abordatzea egiteari utziko ziotela aurreikusten zutelako, jada jai komisio bat izango zutelakoan. Hogei urte geroago, oraindik ere martxan dago abordatzea. Zortzi urtez abordatzea udalaren baimenik gabe egin zuten piratek. 2010ean, parte hartzaileen bolumena ikusita, udala piratekin bildu zen arte. «Udalak abordatzea bere egitarauan sartu zuen, eta, trukean, Flamenka gunea eman ziguten, Trinitate plazan», kontatu du Ormazabalek. Orain Flamenka kaian dago.

Piratetara batzeko aukera

Konturatzerako, ekintza soil bat mugimendu bilakatu zen. «Nahi gabe, kritikatzen genuen hori egiten ari ginen; hamar lagun 5.000 pertsonak egin behar zutena erabakitzen ari ginen», aipatu du Ormazabalek. Beraz, mugimenduari buelta bat eman, eta jendeari erabakietan parte hartzeko aukera emango zuen modu bat bilatzen hasi ziren.

Aiert Ordoñezek 14 bat urte zituela, piraten mugimendura batzeko aukera izan zuen, prestatzen zituzten ekintzetan parte hartuz: «Festetako agente aktibo bilakatu ginen, eta nire adineko jendeari erabakitzeko aukera eman ziguten, konfiantza osoz», aipatu du Ordoñezek.

2012an, 10. urteurrenaren bueltan, lehen kofradia sortu zen; Eskifaia izenekoa. Fernandezen esanetan, kofradiei esker mugimenduaren hutsune horri konponbidea eman zitzaion. Kofradia berriak sortuz joan ziren urtez urte, garaian garaiko beharrei erantzunez. Kofradia ekologista baten ekarpenei esker, abordatzean alde batera utzi zituzten baltsak egiteko material batzuk, tartean iltzeak, itsasoa ahalik eta gutxien kutsatzeko asmoz.

Gaur egun hamar kofradiak osatzen dute Donostiako Piratak, eta piraten barne antolaketaren atal garrantzitsua dira. Kofradiez gain, lantalde espezifikoak ere badaude, hainbat alorretan banatuta, eta bi organo horiek erabakitzeko gune batean biltzen dira; ontziola deritzonean. «Ontziolan proposamenak eta galderak helarazten zaizkie kofradiei, eta, kofradia bakoitzak eztabaidatu ostean, berriro ere ontziolara itzultzen dira», azaldu du Ordoñezek.

«Erabaki garrantzitsuak hartu behar direnean, mugimenduari buelta bat eman behar zaionean, edo zerbait birmoldatu behar denean, Flamenkadara deitzen dugu», esan du piratetako kide den Maddi Peñak.

Flamenkadak piraten bilera irekiak dira, eta kide bakoitza norbanako gisa joaten da proposamenak egitera, kofradiak alde batera utziz.

Pandemiaren eraginez, geldialdi bat egin zuten, eta 2021ean hasi ziren berriro Flamenkadekin. «Pandemiaren sarraskiak militantzian min handia egin du orokorrean, eta gu ez gara salbuespen bat izan», argitu du Ordoñezek. Jendea prestakuntza lanetara animatzeko orduan, 20. urteurrena pizgarri bat izan dela diote piratetako kideek, baina, hala ere, «zaila» izan omen da.

«2019an eskualdatze bat izan behar zen; jende berria sartu behar zen lantaldeetara, eta, pandemiaren eraginez, ez da eskualdatze hori gertatu», azaldu du Peñak. Hala ere, aurten jende berria sartu dela gehitu dute, horrek aipatutako trantsizio prozesua gerturatuko duelakoan.

'Boom'-a nola kudeatu

2018. eta 2019. urteak mugarria izan ziren piratentzat. Jende asko batu zen ekitaldi eta ekintzetara, horrek ekar dezakeen guztiarekin. Esaterako, abordatzean ia 500 pirata ibili ziren txandatan lan egiten; Peñak oroitu du «lan egiteko egun bat» bihurtu zela abordatzea. «Disfrutatzeko eta festak egiteko egiten dugu lan, guk disfrutatzeko; eta ideia hori berreskuratu behar genuen», argitu du Ormazabalek.

2019an, gau bakar batean izandako sexu erasoen kopuru handiagatik, piratek Flamenka gunea ixtea erabaki zuten lehen aldiz. «Gau hartan izan ziren eraso gehienak gure gunetik kanpo gertatu ziren, eta, hala ere, gurera etorri ziren laguntza eske. Horrek asko esaten du», esan du Peñak. Aurten udalak protokoloa jarri du martxan, eta piratek «aurrerapauso» gisa hartu dute erabakia.

Aurtengo Aste Nagusia baino lehen, piraten talde feministak formakuntza eskaini die mugimenduko kideei, izan daitezkeen erasoen aurka egongo den protokoloa azaltzeko. Azken urte hauetan Donostiako Piraten talde feministak egin duen lana goraipatu nahi izan dute lau protagonistek.

Garaipena

Gaur-gaurkoz, piratak oso harro daude sortu duten jai ereduaz. «Lauzpabost zoro elkartu ginen garai hartan, eta berdin zitzaigun gauzak ondo egin edo erdizka egin. Beharra zegoenez, ondo atera ziren gauzak, eta horregatik daukagu orain dugun Aste Nagusia», nabarmendu du Fernandezek.

Ormazabalen esanetan, Donostia «hiri zaila» da, bereziki duela hogei urte eta festei dagokienez. «Garaipen gutxi lortzen ditu herri mugimenduak hiri honetan, eta hau horietako bat da», esan du.

Ordoñezek azaldu du mugimenduan eztabaidak izaten direla hainbat auzi kudeatzeko orduan, eta horrek egiten duela mugimendua bizi: «Eztabaida egoteak dinamikotasuna ematen dio taldeari; etengabe birpentsatuz eta aldatuz joan behar dugulako». Gizartearen beharrei egokituz joan dira eta joango dira piratak, jai kolektibo eta parte hartzaileak eraikitzeko asmoz.

Hogei urte hauetan, Donostiako piratek jaien lehen mailara egin dute salto. «Udalaren aurretik jarri gara, eta orain jende askok Donostian piraton egitaraura jotzen du, ofizialera jo beharrean», argitu du Peñak. Mugimendu dinamiko eta plural horrek ez du inongo beldurrik datorrenerako: «Gu ez gara hiriaren postal zoragarri horietako bat; lokatzez bete nahi dugu, eta zikindu nahi dugu, gure espazioen alde borrokatuz», aipatu du Ordoñezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.