Hegan egitearen antzekoena?

Oraindik ere gerretan erabiltzen dira, baina oso bestelakoa da jende askok droneari ematen dion erabilera. Aisialdirako jarduera bat izateaz gain, eguneroko lanaren parte bihurtu da askorentzat. Legedia zorroztu da, eta baimen bereziak eskuratu behar dira arazo barik gidatu ahal izateko.

Aleix Garrido dronearekin grabatzen. ALEIX GARRIDO.
unai etxenausia
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Tripulaziorik gabeko aireko ibilgailu baten lehen erabilera 1849ko uztailean izan zen. Egun beste erabilera bat ematen zaien asmakizun gehienak bezala, helburu militarretarako sortu zuten lehen dronea. Austriarrek tripulaziorik gabeko globoak erabili zituzten Veneziari (Italia) erasotzeko, baina ez zuten arrakastarik izan. Oro har, gidaririk gabeko sistema horiek gerrekin egon dira lotuta. Gaur egun ezagunak diren droneak edo antzekoak, ordea, 1930eko hamarkadan sortu zituen Erresuma Batuko armadak, eta teknologia hori Ameriketako Estatu Batuetara zabaltzean ezarri zioten drone izena. Afganistango gerran gertatu zen droneen erabileraren gorakada nabarmenena, bonbardaketak egiteko modu masiboan erabili baitzituzten estatubatuarrek. Gaur egun, gerretatik urrun, Euskal Herriraino iritsi da droneen moda, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu.

Kazetaritzarako, suteak itzaltzeko, ikerketa zientifikoetarako, nekazaritzarako, ikuskizunetarako, drone lasterketak egiteko... Hainbat dira jendeak droneei ematen dien erabilera. Horregatik, forma, tamaina, konfigurazio eta diseinu ezberdinak eduki ditzakete, eman nahi zaion erabileraren arabera. Bada, drone hauek ez daukate gerretan erabiltzen direnekin zerikusirik, eta kokaleku jakin batetik gidatu eta kontrolatuak dira gehienak.

Jendeak, halere, ezin ditu edonon eta edonola erabili: 2020ko abenduaren 31tik droneen Europako araudia aplikatu behar da aireontzi txiki horiek —eta ez hain txikiak— edozeinek gidatu ahal izateko. Espainiako Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia arduratzen da horien erabilera erregulatzeaz. Besteak beste, istripuak, arazoak edo kolapsoak saihesteko dago araudia, eta drone guztiei eragiten die; erabilera ludikoa edo profesionala edo tamaina zein pisua edozein izanda ere. Gainera, gidatzeko lizentzia lortzeko, hainbat proba gainditu behar dira, dronearen ezagutza teorikoa eta praktikoa neurtzeko balio dutenak. Erabiltzaileak eskuratu nahi duen lizentzia motaren arabera beharrezko baimenak edo gainditu beharreko probak alda daitezke.

Proba horiek gainditzen laguntzen du Jose Miguel Cortesek. Autoeskolako irakaslea da duela 30 urtetik hona, eta ibilgailu mota asko gidatzen irakatsi du: autoak, kamioiak, motorrak, autobusak... Drone bat eskuratu zuen merkaturatu zirenean, eta« izugarri» gustatu zitzaion esperientzia, eta mendian argazkiak ateratzeko erabiltzen du.

Ordutik, drone gidarien irakaslea ere bada Gasteizko La Blanca autoeskolan. Drone hegaldien ikastaroak emateko baimena duen autoeskoletako bat da. «Beti gustatu izan zait droneak gidatzea. Horregatik, drone ikastaroak jartzeko aukera izan genuenean, ez genuen birritan pentsatu eta klaseak ematen hastea erabaki genuen», azaldu du.

Baimen mota asko

Droneak maneiatzea aisialdiko jarduera bat baino gehiago bilakatu da: jende askorentzat lan bat edo lanaren parte da. Bideogintzarako eta argazkigintzarako erabiltzeaz gain, gero eta gehiago erabiltzen dira beste hainbat lan eremutan ere. Asko dira zenbait jarduera egiteko drone pilotuak eskatzen dituzten enpresak. Esparru hain zabala izanik, baimen mota ezberdinak daude, baina beharrezkoa da gutxieneko batzuk betetzea. Nahitaezkoa da 16 urte baino gehiago izatea eta A1/A3 izeneko doako online ikastaroa izatea.

Baimen gehiago behar izaten dituzte autoeskolara gerturatzen direnek. Gehienak ikus-entzunezkoen arloan dabiltzanak direla aipatu du Cortesek, haien filmaketetarako «baimen profesional» bat eskuratu nahi dutenak: «A2 droneen pilotu ikastaroari esker, lau kilo arteko ontziak pilotatu ahal izango dituzte, hiriguneetatik gertu».

STS ikastaroa da bestea. 25 kilo arteko droneak pilotatzeko aukera ematen du hiri inguruneetan, hirigune horietatik kanpo eta dronea gidatu eta zuzenean ikusten duena betaurreko bidez ikusteko aukera ematen du ikastaroak. STS-arekin, inspekzio teknikoak, nekazaritza lanak edota beste lan konplexuago batzuk egin daitezkeela zehaztu du Cortesek: «Ikastaro espezializatuak eman dizkiet suhiltzaileei, adibidez. Hala ere, haiek ere berariazko baimenak behar dituzte, guk eman ezin ditugunak». Derrigorrezkoa da bost orduko prestakuntza eta azterketa praktikoa egitea.

Aipatutako ia baimen guztiak eskuratu ditu dagoeneko Aleix Garridok, beharrezkoak baititu haren pasioaz gozatu ahal izateko. Betidanik gustatu izan zaio argazkigintza eta ikus-entzunezko edukien sorkuntza, baina duela bi urte hasi zen droneen munduan murgiltzen. «Txundituta» geratu zen Youtuben errealitate birtualean ikusteko erabiltzen diren moduko betaurrekoekin droneak gidatzen zituzten pertsona batzuen bideoak ikusi ondoren. Mundu berri bat zabaldu zion horrek. «Beti gustatu izan zait grabatzea, batez ere kirolak. Jakin nuenean drone batean kamera bat jarri eta hura gidatzean kamerakoa zuzenean ikusi ahal nuela betaurreko batzuen bidez, horixe egin nahi nuela erabaki nuen».

Droneekiko zuen pasioak gauza gehiago egin nahi izatera eraman zuen Garrido. Lasterketetan parte hartzera bultzatu zuen horrek. Ez dira lasterketa errazak, hainbat oztopo, zulo eta bestelako arrisku igaro behar dira zirkuituan zehar.«Oso modalitate zaila da, droneak muntatzen eta maneiatzen ikasi behar da, orduko 160-200 kilometrora iristen baitira. Drone asko daude lasterketetan, eta normala da elkar jotzea», gehitu du.

Garridok berak muntatu ditu filmatzeko zein lasterketetarako erabiltzen dituen drone gehienak, baina haien artean ezberdintasunak dituztela azaldu du. Izan ere, ikus-entzunezkoak produzitzeko erabiltzen dituen droneak astunagoak eta handiagoak izaten dira, kamerak jartzen baitizkiete. «Lasterketa drone batean, berriz, ahalik eta arinena izatea nahi dute, eta, beraz,ahalik eta osagai gutxien edukitzea».

Lege aldakorra

Legezko hutsune asko daude droneak gidatzeko araudian. Lege berria denez, moldaketak eta berrikuntzak egiten dituzte sarritan. Baina, aldakorra eta «kaotikoa» izan arren, Cortesek nahiko ondo ezagutzen du araudia. Are, orokorrean uste du beharrezkoak direla droneak gidatu ahal izateko: «Gauza batzuk ondo eginda daude. Adibidez, ondo iruditzen zait hiriguneetan baimen bereziak eskatzea. Izan ere, ez dakien pertsona batek maneiatzen badu eta erortzen bazaio, norbait hil dezake». Badira, ordea, «zentzugabeak» iruditzen zaizkion beste arau batzuk: «Aireportuetatik gertu drone bat 10-15 metrora altxatzen baduzu, aireportu baten eremuan gidatzen ari zarelako salatu zaitzakete. Hori gehiegizkoa iruditzen zait».

Cortesek entzun duenez, errege dekretu bat bultzatu nahi dute pilotuei gauzak errazte aldera. Batik bat, droneen zale amorratuei erabilera errazteko, «oztopo burokratiko gehiegi» baitaude: «Oso konplexua eta luzea da leku batzuetan dronea gidatu ahal izateko baimena eskuratzeko prozesua».

Ideia kontrajarriak ditu Garridok droneen araudiaren inguruan: «Niretzat ez da justua legea, eta iruditzen zait gehiegizkoa dela». Badaki, halere, drone batek pertsona bat hil dezakeela, eta horregatik ulertzen du legea: «Zentzuz erabiltzen baduzu, badakizu ez duzula erokeriarik egingo eta ez duzula inor arriskuan jarriko. Baina droneekin erokeriak egiten dituen jendea dagoen bitartean, ulertzen dut legea zorrotza izatea. Droneen legea ez dago zentzudunontzat bakarrik egina, mundu guztiarentzat egina dago».

Oztopoak egon arren, argi esan dute biek: «Droneak gidatzea katigatuta uzten zaituen zerbait da, eta gehiago nahi duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.