Katu kontari

Animaliak babesteko onartu dituzten lege berriek udalen esku uzten dute kaleko katuen erregularizazioa. Koloniak babesteak, katuak harrapatzeak, antzutzeak eta berriz itzultzeak, ordea, ezadostasunak sortzen ditu eragileen artean.

Katuak, haiei jaten emateko sortutako kolonia batean. SALAS / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Badira katu kontuak, katu kantuak eta katu kontariak. Bada katu jendea, eta ez dira lau katu. Badira katuajeak, badira katu kaleak, eta katuari kaskabiloa jartzen diotenak. Hitz jokoetarako ematen dute jokoa katuek, eta hitz gurutzatuetarako haien kudeaketak eta ajeek. Urrumak bai, baina harramazkadak ere bai.

Izan ere, animaliak babesteko onartu dituzten azken legeek —Espainiako Gobernuak joan den astean onartutakoak eta Eusko Jaurlaritzak iazko ekainean adostutakoak, kasurako— kaleko katuen koloniak erregularizatzeko irizpideak ezartzen dituzte; besteak beste, horien tratamendu «etikoa» bermatu, HAI metodoa lehenetsi —harrapatu, antzutu eta itzuli—, eta udalen gain ezarri kaleko katuen kudeaketa oro. Orain arte, izan ere, udal batzuek hartu dute kolonia horien ardura, aritu dira katuei jaten ematen zietenekin elkarlanean... «Baina sekulako nahastea egon da», azaldu du Rafa Elizondok, Naturkon talde naturazale eta ekologistako kide eta ekologoak.

Kaleko katu talde bat, Otsagabian. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Talde horrek, lege horiek ezartzen dituzten neurriekin «kezkatuta», dokumentu bat helarazi die Gipuzkoako udalei, kaleko katuen inguruan egin beharreko kudeaketa egokiari buruz euren argudio «zientifikoak» emateko. Eta argudio nagusietakoa da ez dela balekoa katuak atzematea, antzutzea eta, batez ere, berriro kalera itzultzea: sasiko katuak etxeko animaliak ei direlako, ez ei direlako animalia kolonialak —«katu koloniarik ez dago naturan, kolonia horiek jaten ematen dieten pertsonek sortuak dira»—, eta horiek mantentzea katuen «etologiaren» kontrakoa ei delako. Garbi dute kopurua txikitzeko neurririk eraginkorrena horiek «ez elikatzea» dela: «Jaten emateari uztea. Populazioa autorregulatu egingo da, ugalketa txikituz». Eta galdera bat: «Txakur edo ahuntz talderik onartuko ez genukeen herrietan, zergatik onartu eta sustatu behar dira katu taldeak?».

Oinarri zientifikorik ez

Elizondok dio beren kritika «orokorra» dela: «Oinarri zientifikorik gabe arautzen ari dira. Areago, zientziaren irizpideen kontra, eta gainetik. Eta horri kontra egiten saiatzeko argudioak pentsamendu magikoak dira. Hori ez da herrialde oso bati eragingo dion lege bat egiteko modua».

Izan ere, nabarmendu dute antzutuak eta mutilatuak izan diren katuak berriro askatzeak ez duela eragozten katu talde horiek biodibertsitatean eragiten duten kalte handiena: harrapakaritza. «Antzututako katuek ez dute galtzen ehiztari sena. Ondo elikatutako katu horiek nekez ehizatzen edo jaten dituzte arratoiak. Baina hegazti habiagileak eta itsas hegaztien koloniak dauden lekuetan, horien umealdirako arazo bihurtu dira sasiko katuak».

Sasiko katu bat, zuhaitz baten adarrera igota, Iruñeko parke batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

Arazoa bai, baina konponbidea? «Sasiko katuak etxekotutako animaliak dira. Etxeko animaliak, modu askean, espezie inbaditzaileen gisa portatzen dira basabizitzarekin. Horregatik, kaletik atera behar dira: babestutako edo kontrolatutako lekuetan jaso eta zaindu». Eta beste galdera bat: «Zergatik ordaindu behar dira diru publikoz basabizitzan edo biodibertsitatean kalteak eragin ditzaketen jarduerak?».

Koloniak ongi kudeatzea

Barakaldon (Bizkaia) 80 katu kolonia baino gehiago dituztela dio Alba Delgado Garapen Jasangarriko eta Natur Inguruneko zinegotziak, eta katuak harrapatu, antzutu eta itzuli egiten dituztela. Lege berriek behartzen dituzte horretara, baina aspaldian ari dira haiek horretan: katuei jaten eman behar dietenak izendatzen eta identifikatzen, eta irizpideak ezartzen. «Lege berriek diote kolonia horien arduraduna udala dela, katuei jaten ematen dieten elkarteekin batera. Alegia, egon behar du talde edo elkarte bat. Barakaldon, katuei jaten ematen zieten kide guztiak elkarte berean batu genituen, eta hitzarmen bat daukagu haiekin, 2017tik».

Aferari buruzko bere iritzia garbi dauka Delgadok: HAI metodoak funtzionatu egiten du, eta kontua ez da koloniak desagerraraztea, baizik horiek ongi kudeatzea. «Zergatik atera behar ditugu hiritik, beti hirian bizi izan badira? Batzuek planteatzen dute guztiak harrapatu eta kolonia erraldoi batean sartzea hiritik kanpora. Hiriak orduan zer dira? Bi hankako animalientzat bakarrik? Konturatu behar dugu oreka bat egon behar duela hiriko faunan. Ezin dugula erabaki haiek ezin dutela hemen bizi, gu hemen bizi garelako».

Egoitz Bikandi Bizkaiko Albaitarien Elkargoko presidenteordea da, eta gaiaren «konplexutasuna» nabarmendu du. Garbi dauka albaitariek badutela zeresana afera horretan, ez direla ados jartzen katuek biodibertsitatean sortzen dituzten kalteen inguruan, baina bai katu horien «identifikazioan». Izan ere, harrapatzeari, antzutzeari eta itzultzeari, beste bi ekintza gehitzen dizkie Bikandik: «Markatzea eta identifikatzea. Jaurlaritzak onartutako legeak dio kaleko katu horiek identifikatu behar ditugula talde edo elkarte baten izenean. Espainiako Gobernuaren lege berria ez da oraindik argitaratu, baina udalen izenean identifikatu beharra aipatzen du».

Katuak, kalean, itxialdi garaian. Valentziako da argazkia. EFE

 

Eta garrantzia ematen dio Bikandik kolonia bat zer den definitzeari ere: «Kolonia bat eremu kontrolatu bat da, identifikatuta dauden katuez osatutakoa, perimetro jakin batekin. Eta kontrol bat badago, oreka bat badago, lortuko dugu haietako batzuk etxera bueltatzea, eta populazioa murriztea».

Bikandik aitortu du antzutzeak ez duela desagerrarazten katuen ehizarako sena: «Baina koloniak murrizten ditu. Oso sinplea da: urtebeteko eme bat harrapatu eta antzutzen baduzu, lortuko duzu eme horrek urtero sei edo hamar kume ez edukitzea».

Bikandik dio «oinarri batzuk» ezarri behar direla, katu horiek kalekoak direla, baina etxekoen «eskubide berberak» dituztela. «Ebakuntza egin behar bazaie, baldintza berberetan egin behar zaie. Kalekoak izan arren, segurtasuna eta ongizatea behar dute, eta haien osasuna zaindu egin behar da».

Albaitariak ari dira horretan, eta kalean katuekin lanean ari diren boluntarioak ere ari dira horretan. «Katuek emozioak dituzte, katuek sufritu egiten dute... hori egunero ikusten dugu guk», azaldu du Feli Sanchezek, Barakaldoko Lagunak taldeko elikatzaileak. 75 inguru dira, boluntarioak guztiak, eta guneka antolatzen dira, sei edo zazpi laguneko taldetxoetan: «Helburua da kolonien informazioa eguneratuta edukitzea: elikatzera joaten denak katuak ongi daudela egiaztatzen du, baten bat falta ote den... Kolonia kontrolatzea, katuek ez dezaten sufritu».

Eta kontrolerako, ezinbesteko eta egoki ikusten du Sanchezek katuak harrapatu, antzutu eta itzultzea: «Kopurua murrizten du, eta, batez ere, haien ongizatea bermatzen du. Ez da horrenbeste borroka egoten haien artean, ez dira horren lurraldekoiak, eta, antzututa daudenean, ez dira horrenbeste mugitzen batetik bestera, eme bila».

Kaleko katu bat, Arga ibaiaren ertzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

Baina ez diote kalterik egiten biodibertsitateari? «Katuen erruz desagertu den espezierik ez da existitzen; hori guztia, azkenean, alarma sortzeko baino ez dute esaten. Ehizatu dezaketela zerbait? Jakina, bere senak agintzen diona da. Baina iritzi horiek ez daude kontrastatuta. Badaude alde batekoak eta bestekoak. Espezie guztiak desagerrarazten dituen bakarra gizakia da».

Sanchezek dio hiritarrek «kontzientzia» hartu behar dutela gaiaren inguruan: «Katuak kalean daude, eta ikusi egiten dituzte. Koloniaren seinalea ikusten dute, eta gehienek errespetatu egiten dute, baina elkarbizitza ezinbestekoa da». Izan ere, Sanchezek ez ditu ulertzen protesta batzuk: «Geroz eta gehiago ari gara mendialdera eraikitzen. Eta jendea protestan: 'Animaliek molestatu besterik ez dute egiten'. Molestatu? Zu ari zara une oro haien lurraldean sartzen». Gonbidapena: «Egin bisita bat kolonietara, ikusi elikatzaileen lana, ikusi animaliak... aldatu ikuskera».

Eta ohartu badituela gaiak urrumak, eta harramazkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.