Andoni Imaz.
Donostiako 67. Zinemaldia. VOYEURENEA

Egoteko modu bat

2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Egotea da eguneroko zaratari izkin egitea. Gaur ez dago boladan, berehalakotasunaren mundu urdurian, baina, oraindik ere, egoteko tokia da zinema, egotera behartzen zaituena ia. Donostiako Zinemaldian, ordea, egonezinek eta eginbeharrek aztoratzen dute giroa. Ikusi orduko esan, eta esan orduko agertu, muturren arteko talkan.

Pelikula ikusteak egotearen onurarik ez badu, beste nonbait topatu behar ihesbide terapeutikoa. Presaren erritmoan dantzarik egin nahi ez duenarentzat, ilara da egonlekua, txartelaren zama atseginak gorritutako garondoekin eta jaialdiko egunkaria iltzatua daramaten besapeekin adiskidetasunean. Pelikulak ikustea ilaran zain egon artean egin beharreko tramite traumatikoa da egonzalearentzat.

Zinema aretoko argiak itzali osteko txalo-jotzeen atzeko swingak iragarri du hasi dela eginbeharren festa. Kourtrajme kolektiboko kidea da Ladj Ly zinemagilea, eta Les misérables filma aurkeztu du, Perlak sailean. Kolektiboaren sortzaileetako bat Romain Gavras da, gaur Donostia saria jasoko duen Costa-Gavrasen semea. Argia astekariari emandako elkarrizketan kontatu du Costa-Gavrasek berak ez duela «zinema militantea» egiten, «espektakulua» baizik. Thrillerrak edukiz betetzeagatik da ezaguna: Greziako Koronelen diktadura ustela salatu zuen Z filmean (1969), esaterako. «Amorrutik» sortu zuen.

Amorrutik baino gehiago du gorrototik Lyren Les misérables-ek; La haine-ren (Mathieu Kassovitz, 1995) gorrototik. Poliziaren ustelkeria ekarri du lehen lerrora, kronika sozial zabal batean. Frantzia marjinalaren erretratu pesimista —eta, tarteka, tremendista— osatu du. Ohikoa ez den zentzu narratiboa emanez dronearekin filmatutako irudiei, gainera. Buzz mutiko begiluzea da voyeurraren konplizea, auzoko zelataria, pantailari zein behatxulotik begira.

Costa-Gavrasek posizio argia hartu zuen Z egiteko: salatu zituen militarren azpijokoa eta inpunitatea. Argiak dira pertsonaien morala zein zinemagilearen konpromisoa. Lyk, baina, beste bide bat aukeratu du filmaren mezua adierazteko. Kalean nagusikeriaz jokatu eta etxean amaren sorbaldan negar egiten duen poliziaren moral anbiguoa irudikatu du hark. «Ez dago plantazio, ez gizon txarrik. Kultibadore txarrak daude soilik», ageri da filmaren amaieran. Egoteko bakarrik ez, egiteko modu ugari daude Donostiako Zinemaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.