Animalien dokumentalak ikustea tradizio errotua da familian. Bazkalostean (eta siesta giroan) batik bat, baina ez soilik. Afrikako sabanak, koralezko uharriak eta Indonesiako oihanak etxeko paisaiaren parte bihurtu zaizkigu. Eta marrazoak, elur-lehoinabarrak edo orangutanak noizbehinka bisitan datozen lagun zaharrak dira. Ez dago bidaiatzeko modu merke, eco-friendly, eta lasaigarriagorik. Eguraldiaz, eltxoez eta (beste) turistez arduratu gabe, gainera. Espainiako telebista publikoaren bigarren katea izan da urte luzez horretarako gure lehoia. Barkatu: leihoa. Baina azken urteetan Netflixek hartu dio lekukoa.
2018an David Attenborough—abizena baino ibilbide luzeagoa duen dokumentalgilea— fitxatu zuten, eta A Life in Our Planet dokumental sailarekin harritu zuten batezbesteko faunazalea. Harrera ezin beroagoa izan zuen etxean: horiek ziren horiek planoak, irudien kalitatea eta une zirraragarriak. Ez sinesteko modukoak batzuk. Diskurtso (ustez) aurrerakoiarekin gainera, desazkundearen aldarria eginez. Ez zizkiguten sekula ikusi gabeko animaliak ekarri; baina inoizko tresna eta sentiberatasun finenekin hurbilarazi gintuzten haiengana. Our Planet II estreinatu berri dute orain, sailari jarraipena ematen dion dokumental sorta. Eta pentsatuko duzunez, irrikaz jaso dugu albistea. Galdera parearekin hurbildu gara pantailara: noraino eraman ote dute kalitate teknikoa? Tartean pandemia bat igaro dugula jakinda, bihurritu ote dute diskurtsoa?
Erantzunen bila jarrita, ondorioa da desazkundera jo dutela haiek ere. Dokumental zoragarriak dira bigarren uzta honetakoak, eta irudi ikusgarriak dituzte. Baina —beharbada aurrekoarekin gailurra jo zutelako— ez dute lehenengo sailaren maila gainditu. Are gehiago: koska bat beherago daude. Narratiban dago aldea, batez ere. Sorta berriarekin animalien bidaia edo migrazioetan jarri dute arreta, kritika sozialari aurrez baino leku gutxiago utzita. Ez du, dokumental multzo honek, mundua aldatzeko bokaziorik.
Hori bai: ez baduzu inora joateko behar beste sos edo denborarik; edo kontzientzia ekologistak eraginda turismoari uko egitea erabaki baduzu, animalien bidaia ederrak ikusiz baretu zaitezke. Orkak, elefanteak edo dortokak baina konpainia txarragoak badira izan.

EKOGRAFIAK
Bidaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu