Liburu artean harrapatuta

Liburuak arazo bihurtu zaizkio Andoni Mendizabali, 5.000 liburu inguru jaso baititu herentzian. Dohaintzan ematen saiatu da, baina liburutegiek zenbait baldintza dituzte. Horregatik, udal zerbitzu bat sortzea proposatu du, liburuak sobran dituztenen eta behar dituztenen arteko zubi lanak egiteko.

Andoni Mendizabal, herentzian jaso dituen liburuen artean, Donostiako etxean. Genero eta gai askotariko 5.000 liburu inguru dituzte. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Gurasoak hil ostean, 5.000 liburu inguru jaso dituzte oinordetzan Andoni eta Beñat Mendizabal anaiek. Irakurzaleak ziren bai aita eta bai ama, eta mota guztietako liburuak dauzkate pilatuta Donostiako pisuko apaletan: liburuki askotako entziklopediak, eleberri sorta handi bat edota liburu espezializatuak; hala nola psikiatriaren, Euskal Herriko historiaren edo urbanismoaren ingurukoak. Etxea saltzerakoan, ordea, ez dakite haiekin zer egin.

Izan ere, arrunta da liburuak gordetzeko ohitura. Askok gozamena ere aurkitzen dute liburu pilen artean. Japoniarrek izena eman diote jarrera horri. Tsundoku deitzen diote etxean liburuak gorde eta pilatzearekiko amodio edo gozamenari. Askotan, ordea, mendizabaldarren kasuan bezala, arazo ere bilakatu daiteke.

Andoni Mendizabalek ez ditu liburuak, besterik gabe, zakarretara bota nahi: «Liburu horiek bazuten balio bat, eta hori da lotzen nauena, eta ez didana uzten liburuak botatzen. Gure etxean liburua sakratua zen». Haientzat tokia bilatzea zaila den arren, badirudi liburu batzuentzat, behintzat, topatu dutela tokia: «Donostiako Udal liburutegietako koordinatzaileak esan dit batzuk jasoko dituztela. Ez liburutegi osoa, baina bai batzuk. Begiratu behar dute nol dauden, zeintzuk badituzten, zeintzuk interesatzen zaizkien bigarren ale gisa... Aste honetan etorriko dira ikustera».

Jaso bai, baina baldintzekin

Izan ere, liburutegi gehienek dohaintzan onartzen dituzte liburuak, baina zenbait baldintzekin. Hori da Donostiako eta Bilboko udal liburutegien kasua, baita Nafarroakoarena ere.

Iruñean dagoen Nafarroako Liburutegiko zuzendaria da Anabel Olaso. Duela urte batzuk liburuak «bereizketarik gabe» jasotzen zituztela azaldu du. Gaur egun, aldiz, onarpen masiboari «balazta zapaldu» behar izan diote, espaziorik gabe geratzeaz aparte kudeaketa ere zailtzen baitiete. Hala ere, Nafarroan, herri bakoitzeko liburutegiek «beren onarpen baldintzak» dituztela jakinarazi du.

«Donostiako liburutegietan, liburuak dohaintzan jasotzen ditugu», argitu du Arantxa Urkia Donostiako udal liburutegi sareko zuzendariak. Ez dituzte liburu guztiak jasotzen, baina zuzendariak argi utzi nahi izan du jaso, jasotzen dituztela. «Dena gordetzea nahi izaten dute, baina beti ez da posible. Ez dauzkagunak jasotzen ditugu, edo egoera hobean badaude, aldatu», azaldu du Urkiak. Liburuak eman nahi dituztenak kexatu izan direla ere baieztatu du Donostiako udal liburutegi sareko zuzendariak: «Kexak jaso ditugu. Ez dut ezetzik esango. Toki faltagatik da. Beste kasuren bat egon da, liburutegira joan eta pertsona egokiarekin ez dutenak topo egin». Horregatik, gogorarazi du liburutegira joan aurretik arduradunekin harremanetan jarri behar dela.

Urkiak azaldu duenez, pandemian ez da ideia ona liburuak hartu eta zuzenean liburutegira eramatea. Joan aurretik, telefonoz edo posta elektronikoz jakinaraztea eskatzen dute, bai Donostiako liburutegietan zein Nafarroakoan. «Ustez dohaintza interesgarri bat edukiz gero, eta liburuak ondo badaude, deskribapena egin behar digute. Zergatik den interesgarria», azaldu du Urkiak. Nafarroako liburutegiko prozedura ere antzekoa da.

Liburutegiei tokiko ondarea interesatzen zaie gehien. «Batez ere Nafarroaren inguruko argitalpenak interesatzen zaizkigu, nafarren eta euskararen ingurukoak, gutaz hitz egiten dutenak», adierazi du Nafarroako liburutegiko zuzendariak. Donostiako liburutegiek ere antzeko lanak nahi dituztela argitu du Urkiak: «Batez ere funts lokalak interesatzen zaizkigu, Donostiari eta Gipuzkoari buruzkoak». Aldizkariak ere, jendeak gutxitan eramaten dituen arren, hartu izan dituztela esan du batak zein besteak. Bildumak osatzeko falta zaizkien zenbakiak hartzen dituzte.

Testuliburuak eta entziklopediak, berriz, ez dituzte jasotzen ez batean ez bestean. Andoni Mendizabalek ere badaki hori, «inon ez dituzte nahi» egongelako apaletan dituen liburuki handiak.

Dohaintzan jasotako liburuak, batzuetan, maileguan jartzen dituztela esan du Urkiak; eta beste batzuetan «kontserbaziorako», gordailuetarako, izaten direla. Baina, adierazi duenez, «jendeak oso gaizki hartzen du liburu bat eman eta gero liburutegian ez jartzea».

Pandemia aurretik, Donostiako liburutegietan orga batzuk eduki ohi zituzten, herritarrek sobran zituzten liburuak utzi eta beste edonork hartzeko. Bookcrossing du izena liburuei bizi berri bat emateko modu horrek. Pandemiarekin, ordea, eten egin dute, baina «ahalik eta azkarren» berrabiarazteko asmoa azaldu du Urkiak. Gainera, gogorarazi du bookcrossing-a martxan ez egonagatik ere dohaintzak jasotzen jarraitzen dutela.

Bitartekaritza zerbitzua

Nafarroako liburutegian ere ingelesezko izena duen egitasmo bat dute abian: Fast Books. Dohaintza guztiak jasotzen zituzteneko zenbait libururi «azken aukera bat emateko» jarri dute martxan. Anabel Olaso liburutegiko zuzendariak esan duenez, edonork har ditzake, baldintza bakarrarekin: irakurtzeko edo irakurriko duen norbaiti oparitzeko.

Bestetik, Donostiako liburutegiak zein Nafarroakoak jasotzen ez dituzten liburuak bideratzen saiatzen dira. Arantxa Urkiak aipatu du hainbat kontaktu dituztela jasotzen ez dituzten liburuei beste helmuga bat emateko: «Mapa bat edukitzen saiatzen gara, gauza bakoitza nork jaso dezakeen esateko».

Mendizabali beste irtenbide bat bururatu zaio, eta kanpaina bat abian jartzeko asmoa du: «Iruditzen zait jendeak behar eta nahi dituela liburuak. Baita jendeak liburuak gainetik kendu behar dituela ere. Bitartekari bat falta da, zerbait sinplea: lokal bat, udal zerbitzu bat, jendeak liburuak utzi eta behar dituenak hartzeko».

Jakitun dago, zerbitzu hori sortzen bada ere, eurentzat berandu izango dela. Horregatik, etxea husterakoan ateak irekitzeko asmoa dute, jendeak liburuak har ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.