Artibismoa, gizartea eraldatzeko tresna

Gizakiz besteko animalien kontrako indarkeria artearen bidez mahai gainean jartzeko beharra azpimarratu dute zenbait artistak. Hausnarketa eta eztabaida kolektiboak oinarri hartuta, beste borroka batzuekin lotzen dute antiespezismoa.

'Animalion askapena'. Antiespezismoa islatzen duen ilustrazioa. HISTERIKA HAYFIELD.
Olaia L. Garaialde.
Artaxoa-Iruñea
2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun

Arteak eta aktibismoak ez dute zertan bereizirik egon. Artista batzuek gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzen dute artea; adibidez, Micky Paiano, Beatriz Gonzalez eta Ziortza Larreategi Gomez artistak. Begirada transbertsal batetik espezismoa salatzen dute, eta ez dute erabiltzen animalia jatorriko edota animalietan probatutako produkturik.

Aspalditik antiespezismoan eta herri jaien defentsan militatu du Larreategik, eta irudigintzaren bidez gai horiek landu, eta ilustrazio digitalak egiten ditu. Bi helburu argi ditu: «Batetik, barne lanketa bat dago, eta nik neuk kezkak lantzeko prozesu bat izan daiteke. Bestetik, hausnarketa horiek kanpora bideratzeko aukera bat da, eta horren bidez kontzientzia pizteko edo hausnarketarako espazio bat sortzeko». Batez ere, antiespezismoan jartzen du arreta, baina transbertsaltasunez lantzen ditu gaiak: «Ez da izanen soilik animalien defentsan zentratzen den lan bat, beti izanen du lotura beste zapalkuntzekin; hala nola antiespezismoa eta feminismoa, antiespezismoa eta klase borroka, edo antiespezismoa eta kolonialismoa». Borroka horien artean sortzen diren intersekzioak interesatzen zaizkio.

Arte hori ikusgai egiteko, Histerika Hayfield proiektua sortu du. Proiektu horren bidez, egunerokoan gertatzen diren gauzei erantzun bisual bat emateko «beharra» sentitu du. Horrez gain, duela urtebete Ahizpak izeneko seriea sortzen hasi zen: «Ez dakit noiz arte iraungo duen, baina proiektuak luze iraungo du, erreferenteen beharra dagoelako». Seriearen helburua historian atzera egitea da, eta gizakiz besteko animalien defentsarekin lotuta egon ziren emakumeen istorioak biltzea erretratuen bidez. Hala nola Ahlam Tarayra, Margaret Robinson, Angela Davis eta Jill Phipps aktibisten erretratuak egin ditu. Ahizpak erakusketa martxoaren 1era arte ikusgai dago Zazpi tabernan, Bilbon.

Indarkeria mahai gainean

Hitzaldietara joan, norbaitek egindako bideoak ikusi edota testuak irakurtzen ditu ilustrazioak egiteko; hortaz, bere kabuz lan egin arren, kolektibotasunean oinarritzen dela azpimarratu du: «Artibismoa ere kolektibo baten barruan dago, eta gehiago kolektibizatu behar ditugu gure sormenak».

Gonzalez margolariak, berriz, arte abstraktutik urrundu, eta oinarri politikoa duten gaiak jorratzen ditu. Horretarako, koadroen bidez, gizakiz besteko animaliek jasaten duten indarkeria islatzen du: «Beharretik sortzen dut; esanen nuke terapeutikoa dela. Beharrezkoa da indarkeria ateratzea eta mahai gainean jartzea jendeak hausnartu dezan».

‘Toreroen bazkaria’. Gonzalezek margotutako giza belarriak eta txerri bat ohiuka.IÑIGO URIZ FOKU

Artista bakoitza garai bakoitzean dauden aferak azaleratu behar dituela aldarrikatu du: «Ezin ditut bitxiloreak margotu, irratian etengabe entzuten badut norbait bortxatu dutela edo ez-dakit-zenbat-mila txerri hil dituztela». Indarkeria hori azaleratzeko, Unidades (Unitateak) izeneko seriea sortu du, eta, bertan, animaliak hilik marrazten ditu, gizarteak jaten dituen animaliei aurpegia jartzeko: «Atzean zer dagoen erakusten dut; hau da, oilo bat ez dela 2,5 euro, baizik eta animalia bat, eta bizitza bat».

Euskarri birziklatuak

Egunerokoan bilatzen du inspirazioa Gonzalezek; horretarako, supermerkatuetara edota animaliak esplotatzen dituzten zentroetara joaten da: «Zakarrontziak irekitzen ditut, hilik dauden animaliak ikusteko eta usaintzeko. Ukuilu baten ondotik pasatzen naiz, eta bertan dauden animalien oihuak entzuten ditut». Horrez gain, militante antiespezista da, eta horrek ere inspiratzen laguntzen dio. «Etxetik hurbil txerri pila bat dituzte, eta mugitzen direnean leihotik kaka usaina sartzen da. Hori margotzeko unea da», esan du Gonzalezek.

Orain arteko bidea alde batera utzi, eta bide «poetikoagoa» bilatzen ari da. Koadroetan margotu ordez, bestelako elementuetan margotzen hasi da; esate baterako, erretiluetan eta plateretan. «Animaliak erailda agertzen diren elementuetan margotzen hasi naiz, edo saihets batzuen ondoan arrosa bat jartzen txerri horri omen egiteko», azpimarratu du Gonzalezek. Euskarriak aldatu arren, gehienetan birziklatuak edo bigarren eskukoak izaten dira. Esate baterako, armairu zatiak, nonahi aurkitzen dituen mihiseak eta zakarrontzitik hartutako gauzak erabiltzen ditu: «Hondakin pila bat dago; zertarako erosiko dut?».

Paianorentzat, musika eta tatuajeak dira borrokatzeko tresna, eta bozgorailu gisa erabiltzen ditu. Duela 25 urte sartu zen musikaren munduan, eta, ordutik, zenbait musika taldetako abeslaria izan da. Gaur egun, Shock musika taldeko abeslaria da. Haren ustez, borrokak transbertsalak dira; hortaz, antiespezismoa zabaltzeaz gain, antifaxismoa goraipatu edota LGTBIfobia salatu ere egiten du musikaren bidez. «Txikitatik erakusten digute ohikoena animaliak jatea dela, baina ez digute erakusten horren atzean zer sufrimendu dagoen», salatu du Paianok. Abeslariaren arabera, artea «oso baliagarria» izan daiteke sentsibilizatzeko eta desikasteko.

Omentzeko musika

Shock punk musikako talde bat da; gai askoren artean, gizakiz besteko animalien kontrako zapalkuntza salatzen dute. Horren adibidea da Topsy izeneko kanta. Topsy jaioterritik bahitu zuten elefante bat zen, Ameriketako Estatu Batuetara eraman zuten zirkuan erabiltzeko, eta elektrokutatuta hil zuten. Topsyren istorioa kontatzen du kantak. «Zuzenean kantatzea asko kostatzen zait, hitzak oso gogorrak direlako», esan du Paianok. Un paso al frente kantan militante antiespezistek egindako ekintzak txalotzen dituzte; hala nola gizakiz besteko animaliekin probak egiten dituzten laborategietan sabotajeak egitea eta animaliak askatzea.

'Topsy'. Elefante baten omenez kanta bat du Shock musika taldeak.SHOCK

Musika gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzeaz gain, tatuajeez ere baliatzen da. Hala ere, alde handia dagoela dio: «Musikarekin eta eskulturarekin, erraza da zuk nahi duzun forma ematea, baina tatuaje bat egiten duzunean, eskatzen dizutena egin behar duzu. Hala ere, nire etikari jarraitzen diot».

Micky Tatto Bilbao proiektuaren bidez, batez ere, emakumeak, landareak eta gizakiz besteko animaliak tatuatzen ditu: «Feminista eta antiespezista naiz, eta hori ateratzen zait». Ezin du guztiz aukeratu zer tatuatzen duen, baina bai uko egin gauza batzuk tatuatzeari. Teknika tradizionala gustuko du, eta teknika horretan oso ohikoa da animaliak zeharkatzen eta hiltzen dituzten dagak egitea. Paiano kontent da ez diolako inork eskatu horrelako zerbait tatuatzea: «Ez nuke egingo; animaliak aske tatuatu eta ikusi nahi ditut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.