Ezkilen hotsak badu ahotsa

Unescok ondare immaterialeko kultur ondasun gisa onartu du Espainiako Estatuko ezkilen eskuzko jotzea. Iruñeko katedraleko, Iurretako, Aretxabaletako eta Oiartzungo kanpai joleek eman dute beren lekukotasuna. Ipar Euskal Herrian ez da haboro ezkila jolerik atzematen.

3. Arientzako kanpandorrea. Julen Abasolok ortziralero eta besta egun nagusietan jotzen ditu ezkilak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainize Madariaga
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako ezkilen eskuzko jotzea ondare immaterialeko kultur ondasun gisa onartu du Unescok egun zortzi. Hor sartzen dira Hego Euskal Herriko kanpaiak ere.

Elizetako kanpaia jotze gehienak automatizatuak dira jada; alta, batzuek oraino segitzen dute eskuz jotzen. Menderen mende, komunitateek baliatu izan dute elkarren berri emateko eta hartzeko, izan gai erlijiosoarendako nola zibilendako.

Lau ezkila jolek BERRIAri kontatu diote haien zaletasuna. Ipar Euskal Herrikorik, alta, ez da ediren, Ttotte Elge berrogei urtez aritu da ezkila automatizatuak paratzen, eta ez du «maluruski» eskuz jotzen duen nehor ezagutzen. «Joale itunak danba dagie/ eleiz torreko ganean/ Danba dagie, itunez bete,/ sartzen dira bihotzean», izkiriatu zuen Lauxetak, Seinai abestu olerkian.

ANTTON MARI ALDEKOA-OTALORA
Iurretako ezkila jolea
«Automatizazioekin arimarik gabe gelditu ziren eliza kanpaiak»

Badira 27 bat urte Aldekoa-Otalora ezkilak jotzen hasi zela Iurretan (Bizkaia). Ttipitatik apaintzen diote ezkilek bere soinu paisaia, etxondotik aditzen baitzituen angelusa eta gainerako doinuak.

Haatik, 1970eko hamarkadako industrializazioarekin eguneroko kanpai jotzeari utzi zion sakristauak, besta egunetan izan ezik. Eta, gutinaka, ez zituzten herriko jaietan baizik jotzen. Izugarri poztu du Unescoren deliberoak, erran duenez, industrializazioarekin batera elizak hustu ziren, eta aldi berean «teknifikazioa» jin zen: «Automatizazioekin arimarik gabe gelditu ziren eliza kanpaiak, galtze bat gertatu zen, gogo onez baina zoritxarrez galdu ziren, aitzinamendua ez da beti onaren baliokidea. Lehengo gauzen alde ari garenok ondorengoei eman behar diegu; horregatik nabil honetan. Duela lau urte apirilaren 21ean Europa osoan jo ziren ezkilak, eskuz. Unescok lortu du hori babestea eta mantentzea».

Musikazalea da Aldekoa-Otalora, eta besta garaian sakristau zaharrari lagunduz zen sartu kanpandorrean: «Entzuten nuen soinu hori, halako batean, eskura izan nuen: «'Joko duzu zuk ere?', Eta horrela, urtean behin edo birritan. Erretiratu zenean, jarraitu nuen herriko jaietan bakarrik jotzen». Gerora, besta egun guzietan jotzea berreskuratu ere du.

Laket du karriketako erreferak entzutea: «Gaur topera ibili zara», edo «Berandu jo dituzu».

Jotzeaz gain, Aldekoa-Otalorak ezkilen 21 doinu bildu zituen CD batean 1991n, Anton Abbadiaren mendeurrena kari: «Doinu horiek berreskuratu genituen kanpai joleak bizirik zeudela. Antzerako tokeak dira hemen, Alemanian, Nafarroa Beherean eta ez dakit non». Astegunaren arabera, mezarako doinu ezberdinak bildu zituen disko horretan: «Antzekoak badira ere, hiru toke gisaerregistratu ditugu. Tokearen iraupenean luzetxoago edo laburxeago dira doinuak». Zerrendatu ditu haietako batzuk: 12:00etako kanpaiak, Agur Marietakoak, trumoi kanpaiak, su kanpaiak, aingeru kanpaiak... Ohartarazi du ez dela musikaria izan behar kanpaia jotzeko.

Iurretako elizan bortz ezkila dauzkate, Aldekoa-Otalora bakarrik izan ohi denez, din-donak bakarrik jotzen ditu, gehiago badira, berriz, ezkila guziak. Halaxe deskribatu du berak kanpandorrearen anatomia: «Kanpandorre normalek lau kanpai dituzte, din-don bi handi, bata tenorra: «Din don, nor hil da? Peru Zapataria...», eta beste bi txikiagoak. Bosgarrena eskura dago, egunerokoa baita, 07:00etako mezakoa...». Gehitu du, parrokien buruetan sei kanpai izan ohi direla, Durangon (Bizkaia), konparazione. Justuki, gogoan du nola Eguberri kari, entzuten ziren ezkilen arteko elkarrizketak, bederatzi egunez Andra Mari eta Santana parrokia handien artean: «Tinki-taun, tinki-taun elkarrizketa egiten zuten, hori galdu da, molestatzen duelakoan...horiek ezagutu ditut».

JULEN ABASOLO
Aretxabaletako Arientzako ezkila jolea
«Tokiko kanpaiek soinu bedera daukate;ez daude bi berdin»

Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arientza auzoko elizan jotzen ditu ezkilak Abasolok. Bi izan ohi dira. Duela hamabortz bat urte, kanpai joleak bizirik bai, baina ari ez zirela ikusiz, doinuak bildu eta grabatu zituzten; alta, ohartu ziren ez zirela entzuten. Horregatik sortu zuten ikus-entzunezko material didaktikoa, ordenagailuz ikasteko. Hola xehatu du Abasolok: «Kanpandorre simulakrotxo bat daukagu eginda trebatzeko, eta horrela kanpai-jole eskola sortu genuen. Polita izan zen».

Unescoren onarpena berri zinez pozgarria zaio: «Aitortza bat da, Elizarekin lotzen du jendeak, baina eguneroko funtzio bat eduki zuen; gure kapritxo bat da, ez dugulako galdu nahi; orain, behintzat, eskuz jotze hori babesten du, ez da horregatik gehiago entzungo, baina gauza ona da». Bozkarioz jo zituzten joan den larunbatean ezkilak, hain xuxen ere, berri onaren ospatzeko.

Bera ez da ezkila-jole familiako semea, baina «lehengo gauzak» maite baititu hasi zen berreskuratzen; elkartea muntatua dute, bai eta bloga ere, zeina «kanpai joleak» joz, berehala agertzen baita.

Kanpai doinuek hainbat informazio komunikatzen dutela azpimarratu du: «Badakizu nor dabilen jotzeko moduagatik, eta ere zer pasatzen den ze auzotan: jai bezpera, jai eguna, lehorte garaia, ekaitza uxatu behar den, auzoa bildu behar den, sutea dagoen... Aingeru kanpaia hil kanpai alegera bat da ume sortu berrien kasurako; emakumea, gizona edo haur bat hiltzean, bereizten ditugu doinuak.... Toke bakoitzak bere mezua du. Tokiko kanpaiek soinu bedera daukate, ez daude bi berdin. Sei kilometrotara entzuten dira haizea kontra ez bada».

Gogoan du nola, behin, bat gaixotu zela, eta, kasu horretan egiten zen bezala, apaiza abisatu zutela. Orduan, kanpai joaldi bat egin zuten. Ondotik, egoerak makurrera egiten bazuen, bertze «agoniako joaldia» egiten zen. Hondarrean, hiltzen bazen, hil kanpaia. Kasu horretan, alta, elkar gaizki entelegatu bide zuten; hil kanpaiak jo baitzituzten, eria batere zendua ez zelarik: «Gizon horrek bere hil kanpaiak entzun zituen! Arratsaldean hil zen».

Abasolo ortziralero doa Arientzako elizarat, 19:00etan, bertan ezkilak jotzeko, oren batez. Astero jotzeaz gain, besta egunez ere egiten du: «Berritzaileak izango gara, ez baitugu egunerokotasunik. Joaldi asko jotzen ditugu, hamabost bat, Burgosko [Espainia] bat, Ondarroako [Bizkaia] bat, Arruazuko [Nafarroa] bat... Batzuk oso errazak dira, beste batzuek badaukate beraiena...».

Abasolok ongi bereizten ditu ezkilak eta erlijioa, tokeen erdiak ez baitira elizari lotuak: berrien emateko balio baitzuen: «Kanpaiena Elizaren aurreko kontua da. Elizak bereganatu zuen bere deialdietarako. Gertatzen dena da kanpaietara joatea zaila dela, elizak itxita daudelako. Batzuek ez dute zerikusirik ukan nahi Elizarekin, eta ez doaz. Bestetik, Elizak dio: «Hau gurea da»». Haiek ez dute arazorik alde horretatik, elizaren gakoak baitauzkate: «Beldurrez hasi ginen, baina ongi, errespetua dago».

LORENA ZALAKAIN LOPEZ
Oiartzungo ezkila jolea
«Herriarentzat da; ohore bat da jarraitzea 300 urteko doinuak jotzen!»

Oiartzungo (Gipuzkoa) ezkila jolea da Zalakain 2006ko Eguberriz geroztik. Unescoren albisteak loriatu du: «Albiste bikaina da, zain nintzen. Bere momentuan gu ere hasi ginen eskaera egiten, baina paper pila bat zen, eta ez zidan ematen. Babes handia da gure doinuentzat, esperantza pixka bat ematen du ez dela galduko. Jole bakanetakoak gara gu».Kasualitatez hasi zen kanpai jotzen Zalakain, kanpandorrea bisitatzeko gomita jaso zuen, eta, argazkilaritza laket duenez, pentsatu zuen gain hartatik bista politak izanen zirela argazkien egiteko: «Lagun batek esan zidan kolpe bat emateko hor, eta hortxe geratu nintzen».

Orain bospasei lagun biltzen dira Oiartzungo kanpandorrean ezkilak eskuz jotzeko. Azpimarratu du haiez bertze, Gipuzkoan, arras jende gutxi ari dela ezkila eskuz jotzen: Hondarribiko San Martzialean, Altzoko ermitan eta Aretxabaletan. Ez dute elkarterik.

Garbi du ezkila jotze mekanizatuek ez dutela nehola ere eskuzkoa ordezten: «Mekanizatuak jo dezake gure doinua, baina hanka motz gelditzen da, ez delako iristen gure abiadurara, motorra ez delako gai horretarako. 1706az geroztik jotzen dira doinu hauek, galtzera utzi behar ditugu?». Bakoitzak bere estiloa du, norberak ematen dio bere puntua, nahiz eta denok berdintsu egiten dugun».

Zalakainek normaltzat dauka emazte gisa ezkila jole izatea, hastapenetik bi emazte eta bi gizon izan baitira Oiartzunen: «Gure kasuan bi eta bi ginen; orduan, ez zait sekula arraroa egin emakumea izatea; hori bai, nik bakarrik ezagutzen nuen gure kanpandorrea. Soinueneak mintegiak antolatu zituelarik, orduan bai ikusi nituen besteak. Niretzat, gauza naturala zen».

Oiartzungo elizak badu berezitasun bat: dauzkan hiru ezkilak lagun bakar batek jo ditzakeela: «Parean ditugun bi kanpaiak eskuekin jotzen ditugu, eta alboan dagoena hankarekin».

Aitortu du Eguberriz joko duelarik sentituko duela, agorrilaren 15az geroztik ez baita jotzera igan, prestaketa fisiko jakinik behar ez badu ere: «Badakit datorren astean gaizki pasatuko dudala. Abenduaren 24an modu batean jotzen dugu; urtarrilaren 6an, beste batean, tartean jo baitugu: 24an, 25en, 26an, 31n eta 1ean. Baina hurrengo astean esango dugu 'ostras!' hasteko eskailerak igotzeko!».

Badaki «betiko» oiartzuarrek preziatzen dutela ezkila jotzea, nahiz eta, batzuek, demagun urtarrilaren 1ean, ez maitatu, bezperako bestaren ondorioz.

Tarteka heltzen zaizkio oharrak, eta horrek bozkariatzen du: «entzun zaituztegu», edo «gustura aritu zarete gaur».

Argi bereizten ditu ezkila jotzea eta Eliza bera: «Mezatan ez gara geratzen; azkenean, musika tresna bat gehiago da, gustatzen zait, herriarentzako da, ohore bat da jarraitzea duela 300 urteko doinu batzuk jotzen!». Koruan dagoen plakan ezkila joleen zerrenda dago, 1706az geroztik. Zalakainena oraino izkiriatzeko dago.

JOAKIN CORCUERA
Iruñeko katedraleko ezkila jolea
«Goian pentsatzen dut arbasoengan; hizkuntza bat izan ziren kanpaiak»

Iruñeko katedraleko aitzinaldea berritzearekin batera hasi ziren berriz ere kanpaiak eskuz jotzen; deialdia egin zuten, eta hortxe bildu zen «friki» talde bat, bertzeak bertze, Joakin Corcuera. Obren karietara jin zen Valentziatik (Herrialde Katalanak) Francesc Llop ingeniaria, eta proposatu zuen ezkilak eskuz berriz jotzen hastea. Aitzin, Maria ezkila zen hamaika ezkiletatik jotzen zuten bakarra.

Unescoren erabakia gogo onez hartu du Corcuerak: «Guretzako da garrantzitsua, berri arras ona da, ezkila jole guziendako. Gure zaletasuna izugarri gustatzen zaigu, bultzada ikaragarria da hau, ezagupen handia, eta ofizialki gainera, eta mundu mailan».

Kanpandorre batzuetan ez bezala, Iruñeko katedralean, ezkila ttipi batean salbu, bertze hamarretan sistema mistoa paratu dute, erran nahi baita makinek eguneroko tokeak jotzeagatik ere, eskuz ere jo dezaketela, elkarri poxelurik egin gabe.

Ipar dorrean daude Maria «famatua», eta oreneko eta laurdenekoa. Lau kanpai handiak jotzeko, bi lagunen indarra beharrezkoa da, bina ezkila. Ttipiak, berriz, lagun bakarrak binaka jo ditzake: «Gabriela oso handia da, hiruzpalau behar gara; festa oso nagusietan baizik ez dugu jotzen, Frantzisko Xabierkoaren egunean eta sanferminetan, tona batetik gorakoa baita!»

Orotara, urtean 40-50 aldiz jotzen dituzte ezkilak, horren egiteko, orotariko jendez osatua den talde handia dute: «Zorionez, ez da sinestuna izan behar. Gure taldea oso heterogeneoa da, gure artean ez dugu aipatzen erlijioa, ez politika, ez eta futbola ere!».

Familia ezkila joleen ondorengoak badira, erlijioari atxikiak direnak, edo Corcuera bezalakoak: «Niri gustatzen zait, tradizio polita eta zaharra delako; han goian nagoenean, pentsatzen dut gure arbasoengan, nola hizkuntza bat izan diren kanpaiak, gauzak komunikatzeko. Modu batean, eguneroko bizia antolatzeko baliatzen zituzten, eta penagarria da hori galtzea».

Gazte batzuk badira ere, «nahi baino gutxiago» direla onartu du: «Gure esku da mantendu eta transmititzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.