Basogintza eredu berri baterantz

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.

Goizuetako Artikutza basoa (Nafarroa). JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai etxenausia
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Leku bakoitzera hoberen egokitzen diren espezieek egingo dute baso perfektua. Horregatik, ezinezkoa da espezie konkretuen errezeta magiko bat ematea, hainbat faktore hartu behar batira kontuan». Markel Arriolabengoa Martiarena Errez kooperatibako kideak Euskal Herrian bestelako basogintza eredu bat garatzea du helburu. Askotarikoa eta lekuan lekuko espezieez osatutako baso misto irregularrak dituena. Emango diren aldaketei aurre egin, eta egonkortasunez erantzuteko gai izango diren ekosistemak sortzeko ahalegina egiten dute kooperatibako kideek.

2018. urteko martxoan sortu zuten Errez kooperatiba, eta bost kidek osatzen dute egun. Hasieran ikerketa, hezkuntza eta basogintza lantzen bazituzten ere, pixkanaka basogintzaren arloa nagusitu da haien eguneroko jardunean. Izan ere, taldeak basogintzan ematen diren ekoizpen ereduak birpentsatzeko eta proposamen berriak baliatzeko aukera ikusi du. Uste dute azken urteotako gaitz eta izurriteen gorakadak, basoko lehengaiak modu jasangarrian ekoizteko beharrak eta ekosistemen egoera kaskarrek agerian utzi duela «basogintza eredu eraginkorragoen beharra». Eginkizun horretan «pisu berezia» ematen diote ikerketari.

Aldakorra da Euskal Herriko paisaia, klima oso ezberdinak dauden eremuak baitaude. Ondorioz, arbola espezieen aberastasun genetikoa oso handia da. Baso zabalak egoteko aukera ematen du isurialde atlantikoko klima epelak –Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere–. Isurialde mediterraneoan, berriz, klima gogorragoa da, baina malda gutxiagoko eremuak izanik, lanerako egokiagoak dira. Arriolabengoak azaldu duenez, XX. mendearen erdialdean, baserritarrek hazkuntza azkarreko espezieez basotu zituzten erabilerarik gabe geratu ziren zelai asko, eta errenta ekonomiko altuak ateratzen hasi ziren; izan ere, basogintza intentsiboa aurrera eramateko baldintzak eman ziren: «Intsinis pinua landatzen hasi ziren asko, eta aberastasun genetiko urria duten basoak dira».

Kanpoko espezieak landatzen badira, pinuak adibidez, espezie horrek garatu ahal izateko abantaila ekologiko handiak izan ditzake hasieran, baina «sistema sinplifikatu eta hauskor bat» sortzeko arriskua areagotuko dela frogatu izan dute ikerlariek: «Ziurgabetasun maila baxua denean, apustu ekonomiko ona izaten da, baina ziurgabetasunak gora egiten duenean, –klima larrialdia, globalizazioa, gaixotasun eta izurriteen gorakada...– porroterako aukerak areagotzen dira».

Arazo hori bera da isurialde atlantikoan oso baso osasuntsuak ez egotearen arrazoi nagusienetako bat, Errez kooperatibako kidearen hitzetan: «Kalteak nabariak dira gaur egun, baina, epe luzean, galera ekonomikoak nabarmenagoak izan daitezke». Isurialde mediterraneoan, «zorionez», basoak osasuntsuago daudela uste du.

Uraren kalitatea hobetzeko

Europako hainbat esperientziaren berri izan ondoren, Errez kooperatibak Euskal Herriko eremu bakoitzean hoberen egokitzen diren espezieek osatutako basoak sortzeko konpromisoa hartu zuen. Egun, baso asko zaurgarriegiak diren ekosistemak dira, eta ez dute eskaini dezaketen guztia eskaintzen. «Esaterako, ez dute zur eta egur ekoizpen oparoa bermatzen, CO2 finkapena handitzea eragozten dute, ez da biodibertsitatearen babesa indartzen, ez dira aisialdirako leku egokienak, eta uraren zikloa erregularra izatea eragozten dute», azaldu du Arriolabengoak.

Bide horretan, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreak aztertzen dituen Neiker enpresa Euskal Herriko mendi eta basoetatik jaisten diren erreketako ur edangarria aztertzen ari da. Nahia Gartzia Bengoetxea da ikerketa horretan buru-belarri dabiltzan ikertzaileetako bat: «Edaten dugun ura mendietatik eta basoetatik dator. Beraz, hor egiten dugunaren arabera, jasoko dugun kantitatea eta kalitatea aldatu egin daiteke. Basoetatik igarotzen den ura ahalik eta garbien iristea bermatu nahi dugu».

Frogatu dute baso irregular batek babestuta mantentzen duela erreka inguruetako lurra, eta, horri esker, garbiago mantentzen da erreketako ura: «Ez badago babestuta eta lursail handi bat arbola gabe uzten badugu, lurreko partikulak errekara doaz». Beraz, euria egiten duenean lurra ez badago zuhaitzez babestuta, aukera gehiago daude errekatik jaisten den ura hain garbi ez iristeko. «Ondorioz, tratamendu gehiago aplikatu beharko zaizkio edangarria izan dadin», azaldu du Neiker enpresako ikertzaileak.

Baso berriak

Basogintza eredu intentsibo bat egin da orain arte. Halere, «denboraz gabiltza», eta posible da oraindik Euskal Herrian baso eredu berri bat ezartzea. «Gurearen moduko klima epeletan azkarra da ekosistemen funtzionamendua. Basoen transformazio lana egitea dagokigu guri, egungo egoeratik beste egoera batera eramango gaituena», azaldu du Errez kooperatibako kideak. Aldaketa batzuk bizkorrago gertatuko dira; beste asko, ordez, ez. Izan ere, «baso baten bizitzarekin alderatuta, laburra da pertsona baten bizitza», zehaztu du Arriolabengoak.

Funtsean, lekuan lekuko espezieez osatutako baso misto irregularrak sortzea eta kudeatzea du helburu Errez kooperatibak. Baso horiek espezie eta tamaina ezberdinetako zuhaitzek osatzen dituzte. Mozketa eredua ere ezberdina da. Izan ere, mozketak maiztasunez egiten dira, baina intentsitate baxuan. Hau da, bost-hamar urteko zikloetan zuhaitz gutxi batzuk ateratzen dira basotik. Hala, basoak egitura egonkorra mantentzen du beti, baso heldu baten itxura izaten du, eta beti dago zuhaitzez estalirik. Modu horretan, gainontzeko ekosistema zerbitzuak indartzen dira.

Arriolabengoak argitu du badaudela« baso perfektua» lortzeko bete beharreko oinarri batzuk, baina prozesua ezberdina izango dela leku bakoitzean: «Ahal dela, tokiko genetika izan behar dute, eta tamaina ezberdinetako arbolek zein espezieen nahasketak basoa aberastuko dute». Horrela, ezegonkortasunen bat gertatuko balitz —izurrite bat, lehorteak, klima aldaketa bortitzak...—, basoak «moldatzeko eta aurrera egiteko» gaitasun handiagoa izango luke, Gartziak erantsi duenez: «Lekuan lekuko basogintza egin behar da. Egokitu, eta hainbat faktore hartu behar dira kontuan hori gauzatzekoan: lurzorua, klima, erabilera, malda...».

Jarraitzeko indarrez

Tantai Baso Jabe kooperatiba sortu dute Arriolabengoak eta haren lankideek, Errez kooperatibak hasitakoari jarraipena emateko eta indartzeko. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba berri horren helburua izango da aipatutako basogintza ereduaren aldeko apustua indartzea eta jabetza txikien bideragarritasuna hobetzea. Basoen jabeak, langileak zein laguntzaileak izango dira kooperatibako bazkide. Basoen jabeek beren lurrak kudeatzeko aholkuak eta baliabideak jasoko dituzte, eta, beren basoen egoera edozein delarik ere, bertako espezieez osatutako baso irregularrak sortzeko konpromisoa hartuko dute. Are, Arriolabengoak gaineratu du «presio gaitasun gehiago» irabaziko dutela kooperatiba berriari esker.

Ezin da gutxietsi basoek duten garrantzia eta eskaintzen duten guztia: lehengaiak, egurra, paisaia ederrak, lurzoruaren babesa... Karbono gordailuak ere badira. «Itsasoen ondoren, karbono gehien gordetzen duten ekosistemak dira. Oso garrantzitsuak dira klima erregulatzeko», nabarmendu du Gartziak. Baina hori guztia bete dadin, Arriolabengoak argi dauka zer egin behar den: «Zerbitzu ezberdinak eman behar dituen baso irregularrak behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.