Albistea entzun

Uholdeari aurre, uholde batekin

Larunbateko uholdeen ondorioz, zalantza izan zen Herri Urrats egingo ahalko zen edo ez, baina antolatzaileek aitzina egitea lortu zuten. Beste formatu batean egin zuten jaialdia, eta lagun ugari joan ziren; hala ere, galtze ekonomiko «izugarriak» izan ditu Seaskak, eta beste elkartasun deialdi bat zabaldu du.
<b>1. Kontzertuak. </b>Jendetza bildu zen azkenean kontzertuetan. Argazkian, Zetak taldea oholtza gainean, Pello Reparaz abeslaria buru duela.
1. Kontzertuak. Jendetza bildu zen azkenean kontzertuetan. Argazkian, Zetak taldea oholtza gainean, Pello Reparaz abeslaria buru duela. PATXI BELTZAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Garazi Aduriz Zuñeda -

2023ko maiatzak 16 - Senpere

Bi urteko etenaldiaren ondotik egin zen iazkoa. Senpereko aintziraren inguruetara egindako itzulera zen, «normaltasunerako» itzulera. Aurten ere, berbera zen intentzioa: « Senpereko aintziraren ingurua betetzea». Alta, eguraldiak ez zien utzi antolatzaileei Herri Urrats amestu hori egia bilakatzen. Ikastolen besta usaiako zazpi guneetan ospatu ordez, Araba gunean iragan behar izan zuen ospakizun osoak, uholdeak zirela medio. Baldintza «zail» horietan «uste baino jende gehiago» bertaratu zela azpimarratu zuen atzo Koldo Rodriguez Akarregi Herri Urratseko koordinatzaileak. Hala ere, azpimarratu zuen kalte ekonomikoak «saihetsezinak» izan zirela, eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dutela.

Ikusi gehiago: Nola eman sostengua Herri Urratsi

Hain zuzen, Herri Urratsen bezperan izan ziren euriteek uholdeak eragin zituzten Senpereko hainbat lekutan, hala nola herriko aintzira inguruan, Herri Urrats ospatu behar zen lekuan. «Hori ikusirik, herriko alkatearen eta suprefeturaren asmoa ekimena bertan behera geldi zedin zen», azaldu zuen Rodriguezek. Alta, ez zen horrela gertatu: «Ura gutxitzen hasi zenean, nahiko erabilgarri bihurtu zen gunea; horrela, segurtasun itzuli bat egitea onartu zuten suprefeturako zerbitzuek». Seaskak, Senpereko auzapezak, suprefeturako zerbitzuek eta larrialdi zerbitzuek Herri Urrats moldatzea erabaki zuten, «jendearen segurtasuna bermatua izateko gisan». Igandean, 12:00etatik aurrera hasi eta Araba gunera mugatu behar izan zuten ekitaldia.

«Eskertzekoa da Herri Urratseko bulegoak egin duen berrantolaketa lana, baita gurasoen erantzun positiboa eta konpromisoa ere», adierazi zuen Rodriguez koordinatzaileak. Izan ere, 3.000 gurasoren parte hartzerik gabe igandekoa «ezinezkoa» izango zela ukan zuen gogoan.

Hain zuzen, Mañu Erbiti Baionako Etxepare lizeoko gurasoak azaldu zuen Herri Urratsek gurasoengan ere baduela eragin berezia: «Guraso berri anitz heldu dira Seaskara, eta parte hartze honetan lotura konkretu bat sortzen dute Seaskarekiko». Elorri Garat Kanboko Errobi ikastolako gurasoak ere azaldu zuen gurasoei «beren harritxoa ekartzea» ahalbidetzen duela. Nola Erbiti hala Garat garbiketa lanak egiten aritu ziren atzo, beste hainbat gurasorekin batera. «Herri Urratseko lantaldeak egokitzeko gaitasun handia ukan du. Besta ederra izan zen. Txaloak haientzat», azpimarratu zuen Garatek.

Ikusi gehiago: Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria: «Ikastolen eta euskararen garapena eguraldiaren arabera egiten da oraindik»

Izan ere, larunbataren antzera, igandea ere euritsu hasi zen. Gune bat berean hainbat proposamen aurkitu zitezkeen. Nahiz eta nahi baino proposamen ahulagoa izan, haurrentzako jolasak zeuden alde batetik. Bestetik, kontzertuen gunea, karpaz inguraturik. Horietako baten azpian zikiroa ikus zitekeen, eta besteetan, ostatuak.

Neomak taldeak eman zion hasiera 40. Herri Urrats jaiari. «Egunarentzat bereziki prestatu zuten ikustaldia jotzen hasi ziren, baina baldintza txarrengatik eten behar izan zuten; espero dugu datorren urtean ere gure gonbidapenari helduko diotela», azaldu zuen Rodriguezek: «Guretzat apustu garrantzitsua zen aurten emakumeen presentzia indartzea oholtza gainetan. Horregatik aukeratu genuen Neomak taldea hasierako programaziotik atxikitzea».

Programazio zabaletik aukerak egitea zaila izan zela adierazi zuen Rodriguezek. Zetak eta Su Ta Gar etortzea «ezinbestekotzat» jo zuten, azken bi urteetako kantuen sortzaileak batira. Xutik eta SFM, berriz, Ipar Euskal Herriko taldeen presentzia bermatzeko hautatu zituztela azaldu zuen. Kontzertuek sortutako «giro ezin hobea» atxiki zuen gogoan Rodriguezek, eta talde guztien «ulerkortasuna» eskertu zuen, ezeztatutako kontzertuak gogoan. Bi gauza positibo atxiki nahi izan zituen Rodriguezek: «Jendeak zeukan poza eta herri honek elkartasunerako daukan indarra».

Elkartasun uholdea

«Mantendu beharra genuen; jada bagenekien ekonomikoki izugarrizko galtzeak izango genituela, baina hor denon animoa zegoen jokoan», azaldu zuen Rodriguezek. Eta jendeak deiari erantzun zion: ehunka lagun bildu ziren Senpereko lakuaren ertzean. «Zaila izan da. Inpotentziaz negar egin genuen larunbatean. Igandean, berriz, elkartasun uholdeak hunkiturik egin genuen negar».

Kontzertu gunea jendez bete bazen ere, «kalte ekonomikoa» ez zen estalia izan: «Behar-beharrezkoa da Herri Urratsen jasotzen dugun sostengu ekonomiko hori, Seaskaren egunerokoari erantzuteko baita. Garrantzitsua da Ipar Euskal Herriko haur eta gazteak euskalduntzen jarraitu dezaten». Horrez gain, bosgarren kolegioa eraikitzen ari dira, eta Herri Urratsen irabaziak horretara bideratzea dute aurreikusia. Horretarako, «elkartasun kanpaina» bat ezarri dute abian: Herriurrats.eus webgunean argitaratu dituzte kontu-korronte zenbakiak dohaintzak egiteko. Bizum bidez ere egin daiteke ekarpena Hego Euskal Herrian. «Edozein proposamen da ongi etorria», azaldu du Rodriguezek.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...