Ekonomiaren egoera. NDFren prebisioak

Gerra komertziala hazkunde sasoia trabatzen hasi da

NDFk apaldu egin ditu munduko ekonomiari buruzko aurtengo eta hurrengo urteko aurreikuspenak, eta ohartarazi du bete egin direla apirilean iragarri zituen arriskuetako batzuk

Langile batzuk NDFren aurkezpenerako aretoa prestatzen, herenegun, Balin. MADE NAGI / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Goia jo du hazkundearen makinak. Azken bi urteotako baikortasuna desagertu egin da, eta erritmoa gelditu. NDF Nazioarteko Diru Funtsak argi du: aldeko haizeak utzi dio jarduna bultzatzeari, eta ezegonkortasuna hedatzen ari da, nagusiki esparru politikoan. Aldi berean, shock negatibo gehiagoren arriskua handitu da. Lehman Brothersen erorialdiaren hamargarren urtemugan, giroa ez dago ospakizun handietarako.

Funtsak World Economic Outlook txostenaren urriko edizioa argitaratu zuen atzo, Balin (Indonesia) egiten ari den urteko batzarra baliatuta. Apirilean egindako aurreikuspenekin alderatuta, hazkunde globalari bi hamarren kendu dizkio. Espero du aurten eta datorren urtean munduko ekonomia %3,7 handituko dela. 2012. urtetik 2016. urtera egondako hazkundea baino nabarmen handiagoa da, baina itzaltzen hasi da gorakada indartsu hori.

Ekonomia aurreratuek hamarren bat galduko dute. AEBek eutsiko diote tasa indartsu bati aurten, Trumpen administrazioak onartutako zerga murrizketari jarraituz, baina horren efektuak lausotu egingo dira datorren urtetik aurrera, eta goraldia hoztu egingo da. Murrizketa handiagoa da eurogunean eta, bereziki, blokeko ekonomia nagusien artean. Europan ez dira bete iragarritako helburuak lehen urte erdian. Hori dela eta, NDFk sei hamarren kendu dizkio aurtengo Alemaniako prebisioari, bost Frantziakoari, hiru Italiakoari, eta bat Espainiakoari. Euroguneko hazkundea %2 izango da aurten, eta %1,9 heldu den urtean.

Zuzenketa are handiagoa da goraldian edo garatzeko bidean diren herrialdeetan. Aurten bi hamarren eta heldu den urterako lau jaitsi zaizkie, multzo gisa hartuta. Aurreikuspenen murrizketa geografikoki oso sakabanatuta dago. Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako ekonomia handiei eragingo die (Argentina, Brasil eta Mexiko), Turkiari, Indonesiari, Irani eta Hego Afrikari. Txinako hazkunde kalkuluari ere bi hamarren jaitsi zaizkio heldu den urterako, baina espero da estatuak esku hartuko duela gehiago jaitsi ez dadin.

Oraingoz, NDFk ez du uste inbertitzaileen ihesa dagoenik goraldian dauden ekonomietan, eta ez du espero herrialde jakin batzuetan gertatu diren arazoak —Argentinan eta Turkian, batez ere— besterik gabe hedatuko direnik oinarri sendoagoak dituzten beste merkatu batzuetara. Arriskua badago, hala ere. Gaur egun, munduko BPGaren %40 inguru gorabidean edo garatzeko bidean diren herrialdeek sortzen dute, eta, horietan gainbehera sakon bat gertatuko balitz, «mehatxu handia» bihurtuko litzateke ekonomia aurreratuentzat.

AEBak, gerran galtzaile

Ezegonkortasun politikoak hozka egin dio hazkundeari. «Merkataritzak politika islatzen du, eta politikak konpondu gabe jarraitzen du herrialde askotan, arrisku gehiago sortuta», Maurice Obstfeld NDFko ekonomista buruaren hitzetan. Hazkundea zamatzen hasiak dira AEBek Txinaren aurka hartu dituzten neurri protekzionistak eta Pekinen erantzuna. NAFTA ordezkatzeko akordioak parlamentuen oniritzia behar du oraindik, eta brexit ordenatu baterako ituna lortu gabe segitzen dute Europako Batasunak eta Erresuma Batuak.

Merkataritza gerra orokor baten aukera aztertu du txostenak, aparteko atal batean. Ondorio argi bat atera du: NAFTAn bazkide dituen Mexiko eta Kanada izan ezik, AEBak izango lirateke galtzailerik handienak. Balizko hazkundean puntu bat galduko lukete, luzera begira. Euroguneak, aldiz, soilik hamarren bat. Hala eta guztiz ere, kalte globala azpimarratzea nahiago izan du funtsak. «Bi ekonomia handienak ez badira ados jartzen, mundu guztiak sufrituko du», Obstfelden ustez.

Oro har, higatuz doa azken hamarkadetan nazioarteko ekonomiari forma eman dioten erakunde eta akordio aldeanitzen sostengua. Unean uneko arazoez gainera, luzera begirako erronka handi batzuk azaleratu dira ekonomian. «Erronka handiena da ekonomia aurreratu batzuetan langileen diru sarreren hazkunde eskasa, itxurazko mugikortasun sozial txikiagoa, eta leku batzuetan egiturazko aldaketei eman zaien erantzun politiko desegokia», Obstfelden hitzetan.

Bestela esanda, nazioarteko egitura ekonomiko horrekiko mesfidantza handitzen ari da, eta langileen mesederako ezer egiten ez duten susmoa ere bai. Horrek esparru politikoan —AEBetatik Erresuma Batura, eta Filipinetatik Brasilera— sortu duen erreakzioarekin kezkatuta dago funtsa. «Politika barneratzaile gehiagorik gabe, aldeaniztasunarenak egin du. Eta aldeaniztasunik gabe, leku txiroagoa eta arriskutsuagoa izango da mundua». Hamar urte geroago, krisi ekonomikoaren azken mutazioa politikoa da.

Bertan goxo ez gelditzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.