Erresuma Batua. Mayren dimisioa

Herrialde zatitu bat eta gauzatu gabeko 'brexit'-a utziko ditu atzean

Mayk ofizialki utzi dio kontserbadoreen buruzagi izateari, eta lehen ministro karguan jarraituko du alderdiak ordezkoa hautatzen duen arte. Agintari berriak DUPen babesa negoziatu beharko du

Theresa Mayk maiatzaren 24an eman zuen dimisioaren berri, Downing Streeteko 10. zenbakiaren aurrean. Hunkituta eta negarrez itzuli zen eraikinera; atzo, ordea, ez zuen agerraldirik egin. NEIL HALL / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Harrabotsaren ostean, isiltasuna dator. Eta, Theresa Mayren kasuan, diskrezioa ere bai. Ia oharkabean pasatu du azken eguna Alderdi Kontserbadorearen buruzagitzan, ekaitza pasatu baitzaio dagoeneko; nahi zuen, baina ezin izan du jarraitu. Atzera begira dezake jada, lasaitasunean, utzi duen paisaia politikoa ez baitzaio itzuliko: Erresuma Batua erabat zatituta dago, eta brexit-a, oraindik gauzatu gabe. Baina May, gaurtik aurrera, beste lekuko bat izango da.

Bi urte, hamar hilabete eta 25 egun iraun ditu karguan, baina ezin izan du helburua bete, eta utzi duen ondare politikoa ez da Erresuma Batuaren historiako ezagunenetakoa izango da. Europako Batasunean (EB) geratzearen alde bozkatu zuen 2016ko erreferendumean, eta herrialdea EBtik ateratzea egokitu zitzaion lehen ministro kargura iritsi zenean. Brexit means brexit (brexit-ek brexit esan nahi du), baina ezin izan du praktikara eraman bere esaldirik ezagunena. Erresuma Batua Alderdi Kontserbadoreak bultzatuta sartu zen talde komunitarioan, 1973an garai hartan Europako Ekonomia Erkidegoa zen— eta, paradoxikoki, alderdi horretan izan dituzte barne gatazkarik handienak estatu kide izateagatik. Euroeszeptiko tory-ak asko dira, eta eragin handia dute; horretaz jakitun da David Cameron, haien presioaren ondorioz deitu baitzuen duela hiru urteko galdeketara. Lehen ministro kargua utzi behar izan zuen, eta Mayri gauza bera gertatu zaio. Europak beste kontserbadore bat irentsi du; bigarrena, hiru urteko epean. Eta baliteke haren ordezkoa hirugarrena izatea.

Mayk lehen ministro karguan jarraituko du uztail amaierara arte, alderdiak haren ordezkoa hautatzen duen arte. Agintaria beste bat izango da, ziurrenik hasiera-hasieratik brexit-aren aldekoa, baina arazoak bere horretan jarraituko du Downing Streeteko 10.ak maizter ezberdina izanda ere: Londresek eta Bruselak adostu dute itun bat, eta EBk ez du berriz negoziatzeko asmorik. Komunen Ganbera prest dago akordiorik gabeko irteera blokeatzeko; gaur-gaurkoz, horretarako dago gehiengo bakarra.

Uztailetik aurrera lehen ministro izango denak Mayren hutsegiteetatik ikasi beharko du: konpromisoa beharrezkoa dela, eta ezinbestekoa dela gainontzeko indar politikoekin hitz egitea eta negoziatzea. Mayk ez zuen halakorik egin berandu izan zen arte, eta planak aldrebestu zizkion 2017ko hauteskunde orokorretan Cameronek lorturiko gehiengo osoa galtzeak; haren agintaldi kaotikoaren adierazle izan dira 38 ministrok utzi dutela gobernua boterean egon den bitartean, eta Komunen Ganberak hirutan esan diola ezetz Bruselarekin adostu duen akordioari. Horietako lehena inoizko porrot parlamentariorik handiena izan zen, 230 botoko aldearekin galdu baitzuen.

Mayren ordezkoaren lehen zeregina izango da berriz negoziatzea Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) babesa. 2017an gehiengo osoa galdu ostean, DUPen Komunen Ganberako hamar diputatuak gobernuaren euskarria izan dira, eta uztailean amaitzen da adostasuna; baldintza izan zen Ipar Irlandara milioi bat euroko funtsa bideratzea, baina oraingoan Irlandako mugarako protokoloa—backstop-a— egon liteke negoziazioen erdian.

Alderdi unionistak protokolo horren «alternatibak» eskatu izan ditu, tory euroeszeptikoek bezala, eta agintariak zerbait eskaini beharko die, bere gobernuak bizirik irautea helburu.

Johnson eta bozak

Mayren dimisioaren egunean, beste bi albistek izan zuten oihartzunik handiena, ziurrenik agintariak ez zuelako prentsa oharrik bidali, ezta adierazpen publikorik egin ere atzoko egunaren inguruan.

Batetik, Londresko Auzitegi Nagusiak uko egin zion Boris Johnson Atzerri ministro ohia auzipetzeko eskariari, brexit-aren erreferendumaren kanpainan ustez gezurra esan zuelako auzian. Johnsonek hainbatetan adierazi zuen Erresuma Batuak astero 396 milioi euro ematen zizkiola EBri, eta hori arrazoitzat aurkeztu zuen talde komunitariorik ateratzeko. Salatzaileak, Marcus Ball izeneko ekintzaileak, «kargu publiko batean jokaera txarra» izatea egotzi zion, argudiatuta Johnsonek nahita esan zuela gezur hori. Baina, zama horretatik libre aterata, Johnson faboritoa arazorik gabe lehiatuko da May ordezkatzeko.

Bestetik, Komunen Ganberarako bozak izan zituzten herenegun Ingalaterra erdialdeko Peterborough barrutian, eta atzo eman zuten emaitzen berri: Alderdi Laboristak lortu zuen diputatuari eustea, Brexit Alderdiak emaitza onak lortu zituen arren—bigarrena izan zen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.