Sorturen estatutuek bost urte. Iñigo Iruin. Abokatua

«Estatutuak apustu politiko berriaren puntu atzeraezina jartzera zetozen»

Hodei Iruretagoiena.
2016ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Rufi Etxeberriarekin batera, Iñigo Iruin abokatua irten zen jende aurrera Euskalduna jauregian, Sorturen estatutuak aurkezteko ekitaldian. Jurista gisa, «jostun lana» egin zutela azaldu dio BERRIAri: «Jostunak traje bat egin zuen, estatutu batzuk, ezker abertzalearen erabaki politiko baten neurrira». Espainiako auzitegiek baldintza zehatzak zituzten jarriak, Auzitegi Gorenak ASB Abertzale Sozialisten Batasunari buruz 2007an emandako ebazpenean. Beharrezkoa zen hortik abiatzea, Iruinek azaldu duenez: «Beharrezkoa zen kontrazantzu deitu zitzaiona; hau da, indarkeria errefusatu edo kondenatzeko jarrera agertzea. Baina, gainera, ezin zen orokorra izan, subjektua zehaztu behar zuen: kasu honetan, ETA erakundea».

Hala egin zuten. Hamar urteko legez kanporatze zikloaren ondoren, legezko antolakunde baten beharra azalarazi zuen 2010ean bukatutako eztabaida estrategikoak. «Azken batean, ETAren indarkeriaren aurrean hartu beharreko jarrera eratze arazo bat bihurtu zen ezker abertzalearentzat, eta hori konpondu behar zen legezko alderdi politiko bat izateko», azaldu du Iruinek. «Prozesu horrek guztiak bat egin zuen denboran ezker abertzalearen hausnarketa estrategikoarekin, eta Sorturen estatutuak aurkeztea apustu politiko berriaren puntu atzeraezina jartzera zetorren».

Izan ere, bazuen garrantzia Sortu legeztatzeak. Hala erakusten du, abokatuaren esanetan, auziak Auzitegi Konstituzionalean eta Gorenean eragin zuen «haustura eta zatiketak». «Ordura arte ikusi gabekoa zen». Hala erakusten du, esaterako, legeztatzearen aldeko boza eman zuten Konstituzionaleko epaileek jasan zuten presio mediatiko eta politikoak.

Alderdien Legea zehatz-mehatz bete zuten estatutuetan,ASBren aurkako sententzia abiapuntu hartuta, eta horrek eragin zuen, Iruinen esanetan, fiskaltzak eta estatuaren abokatuak legearen interpretazio «behartu eta hedatua» egitea. «Legean ez zeuden exijentziei heldu zieten: kondena eta halako hitzak erabili beharrari, eta ETA desegin artean legeztatzea ezinezkoa zela planteatzeari, adibidez». 2009an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esana zuen garrantzitsuena zer zen legez kanporatzea gainditzeko: estatutuen edukia, sustatzaileen ekintza eta jarrerak, eta ETAren indarkeria errefusatzea.

«Zaintzapeko askatasuna»

Hala ere, Espainiako Gobernuak auzitara jo zuen, eta Konstituzionalerainoko bidea egin behar izan zuten sustatzaileek. «Kontuan izan behar da egin nahi zutena zela alderdi bat legez kanporatzea, oraindik jardunik ez zuen arren. Egin nahi zen badaezpadako legez kanporatzea, susmoetan eta dokumentuetatik ateratako iritzietan oinarrituta».

2012ko ekainean iritsi zen, azkenean, Konstituzionalaren erabakia: legezkotzat jo zuen Sortu. Baina orduan ere «zaintzapeko askatasun» moduko bat ezarri nahi izan zuen Espainiako Gobernuak—PP zegoen ordurako—, abokatuak gogora ekarri duenez. «Horretarako, Konstituzionalak jarrera eta ekintza batzuk zerrendatu zituen, a posteriori legez kanporatze bat ekar zezaketenak». Dagoeneko, ordea, horretarako arrazoirik ez dagoela uste du Iruinek: «Gaur egun, legez kanporatzeen zikloa itxitzat jo daiteke. Ilegalizazioaren kausak zuzenean daude lotuta indarkeriazko jarduera duen erakunde bat egotearekin, eta hori jada ez da gertatzen duela lau urtetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.