PPk Blancoren omenaldia baliatu du hurbiltzeen kontra egiteko

Ermuko Udalaren ekitaldian alderdi politiko guztiek hartu dute parte. Saenz de Santamariak dio «lehentasuna» ezin direla izan euskal presoak, baizik «haien beldurrez ihes egin zutenak»

Mari Mar Blanco, Soraya Saenz de Santamaria eta Alfonso Alonso, atzo, PPk Miguel Angel Blanco zenari Ermuan egindako omenaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ermua
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Miguel Angel Blanco eta Sotero Mazo herritarrak omentzeko ekitaldia egin zuten atzo Ermuko (Bizkaia) San Pelaio plazan. Iaz bezala, alderdi politiko guztietako ordezkariak izan ziren bertan, oraingoan ordezkaritza apalagoarekin bada ere. Terrorismoaren biktimen omenez Agustin Ibarrolak eraikitako monolitoaren parean elkartu ziren. 21 urte igaro dira ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil zuenetik; eta 37 Sotero ile apaintzailearen hilketatik. Bi herritarrak oroituz hitz egin zuen Juan Carlos Abascal alkate izendatu berriak. Hildakoen senideak ere bertan izan ziren, eta lore eskaintza egin zuten omenaldia amaitzeko.

Alderdi ezberdinetako herriko zinegotziez gain, han izan ziren, besteak beste, PSE-EEko buru Idoia Mendia, Carlos Totorika Ermuko alkate ohia, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro eta Espainiako Gobernuaren ordezkari izendatu berri Jesus Loza. Iaz eztabaida sortu zen, Julen Arzuaga Sortuko kidea ere bertan izan zelako lehen aldiz. PPko Alfonso Alonsori ez zitzaion ongi iruditu, eta «sobran» zegoela adierazi zuen orduan; polemika bizia sortu zen. Amaya Fernandez idazkari nagusia izan zen PPren ordezkaria udalak antolatutako atzoko omenaldian. Ez zen polemikarik izan oraingoan.

Abascal alkateak esan zuen Blancoren eta Soteroren hilketekin bizitzeko eskubidea urratu zuela ETAk, eta bietan «nazionalisten» ikuspegia «inposatzea» zela helburua. «Aberri etnizista bat ezarri nahi zuten, jatorri ezberdinen aniztasuna onartzen ez zuena», adierazi zuen. Terrorismoaren biktima izandako guztiak gogoratu zituen Abascalek, eta nabarmendu zuen Ermukoak ez zirela izan «kasu bakanak». «Biolentzia justifikatzen jarraitzen dutenen, hiltzaileak heroitzat dituztenen, eta pluraltasuna defendatzen dugunoi frankista deitzen digutenen aurrean egongo gara», ohartarazi zuen. Elkarbizitza lortzeko lanean jarraituko dutela adierazi zuen.

Ordubete geroago, San Pelaio plazaren beste txoko batean, PPk egin zuen bere ekitaldia. Miguel Angel Blancoren oroimenez egin zuten horiek ere, baina euskal presoen balizko hurbilketak gaitzesteko ere baliatu zuten. PPko goi kargudunak izan ziren han. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde ohia eta PPko presidente izateko hautagaia, Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea, Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Elkarteko lehendakari eta Miguel Angel Blancoren arreba, eta Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministro ohia, besteak beste. Soraya Saenz de Santamariaren hitzaldiak eta presoak hurbiltzearen aferak eman zuten zeresana.

Gogor mintzatu zen Saenz de Santamaria. Esan zuen lehentasuna ez dela euskal presoak gerturatzea, baizik eta «ETAren beldur zirelako erbestera joan ziren herritarrak etxera itzultzea ahalbidetzea». Milaka pertsonak Euskal Herritik alde egin behar izan zutela azaldu zuen, «jasotako mehatxu eta gorrotoarengatik». Orain preso daudenak lehen «pistola eskuan hartu eta xantaiaz» baliatzen zirenak direla salatu zuen Saenz de Santamariak. Horregatik, horiek gerturatu beharrean, horien beldurrez etxetik alde egin zutenak itzultzea lehenetsi behar dela uste du.

Ildo berean mintzatu zen Raquel Gonzalez Bizkaiko alderdi popularreko lehendakaria. Haren ustez, Pedro Sanchezen gobernua gaizki jorratzen ari da afera. «Biktimekin hotz eta lotsagabe jokatu du; ETAko presoekin, berriz, adeitsu eta tolerante», salatu du Gonzalezek. Mari Mar Blancoren ustez, ez da hartu behar euskal presoen aldeko neurririk: «ETAk ez baitu barkamenik eskatu, eta ez baitago justiziarekin lan egiteko prest».

Kontakizuna, egiteko

PPren ekitaldian hitza hartu zuten guztiak zeuden ados gauza batean: ez alderdiak, ez herriak ez duela gertatutakoa ahaztuko. Horretarako, baina, lan handia egin behar dela uste dute, «benetako» kontakizun bat osatzeko.

Alfonso Alonso eta Saenz de Santamaria ados agertu ziren garai berriak iritsi badira ere «gatazka» ez dela bukatu.Espainiako presidenteorde ohiak adierazi zuen ETA «garaitua» izan bada ere lana ez dela bukatuko harik eta ETAren diskurtsoa behin betiko amaitu arte. Alde horretatik, «garaituen eta garaileen» historia kontatu behar dela pentsatzen du Mari Mar Blancok, hori izango dela bidea zalantzarik eta gatazkarik gabeko kontakizun bat sortzeko. Azaldu zuen hezkuntzan lan egitea dela egokiena, ikastetxeetan irakatsi beharko dela gertatutakoa.

Alfonsok beste gai bat ere jarri zuen mahai gainean: urte politiko berria. «Zaila eta gogorra» izango dela azaldu zuen. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean proposatutako estatutu berriari egin zion erreferentzia, eta EAJren eta ezker abertzalearen elkar hartzeak eragindako kezka azaleratu zuen: «Bi horiek abiatutako eraso nazionalistak mundu osoarentzat lekurik ez duen Euskadi bat dakar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.