Ate berriak kontrolerako

Administrazio publikoaren eta jarduera politikoaren kontrol tresna gisa sortu dira ustelkeriaren aurkako bulegoak. Nafarroan lege bat onartu dute, eta legealdi honetan jarri nahi dute abian. Prebentzioa izango du egiteko nagusia.

Edurne Begiristain.
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Administrazio publikoan eta jardun politikoan ustelkeria eta iruzur kasuak areagotu diren neurrian handitu da horiei aurre egiteko tresna eta baliabide berrien beharra. Gizartearen tolerantziarik eza eta jarrera kritikoa nabarmen zabaldu dira, eta, horrekin batera, baita herritarrei administrazio publikoaren kontrola eta gardentasuna bermatzeko bideak ere. Azken urteotan urratsak egin dira bide horretan, eta, besteak beste, hainbat herrialdetan ustelkeriari aurrea hartzeko bulegoak eta agentziak sortu dituzte. Euskal Herria ere ez da salbuespena izango. Nafarroak jada eman du pausoa, eta aurki zabalduko ditu ateak jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoak. Euskal Autonomia Erkidegoan oraindik ez dago halakorik, baina EH Bilduk duela gutxi erregistratu du organo hori eratzeko lege proposamena Eusko Legebiltzarrean. Ipar Euskal Herrian, oraingoz, ez dago bulegorik sortzeko proposamenik.

Nazio Batuen Erakundearen 2003ko ebazpenari jarraikiz sortu nahi dituzte bulegoak Hego Euskal Herrian; ebazpen horretan, NBEk kide diren estatuei ustelkeriari aurrea hartzeko erakundeak sortzea agintzen die. Ustelkeria borrokatzeko Europako hainbat itun eta hitzarmenetan ere jasota dago horrelako organismoak sortzeko beharra. Europako hainbat herrialdetan martxan jarri dituzte jada: Belgikan eta Frantzian, esaterako. Espainiak ez du halako organismo ofizialik, baina bai Herrialde Katalanek eta Galiziak. Madrilgo eta Bartzelonako udalek ere eurenak jarri dituzte martxan.

Europak eman zuen lehen pausoa bide horretan 1999an, OLAF Europako Batasuneko iruzurraren aurkako bulegoa eratuta. Europako Batzordearen barruan egonda ere, bulegoa autonomoa da, eta aldiro Europako Parlamentuari ematen dio bere jardunaren berri. Iruzurra ikertzeko baliabideak eskaintzen dizkie Europako Batasuneko herrialdeei eta erakundeei, eta sentsibilizazio kanpainak egiten ditu herritarren artean. Ikerketak abiatzeko eskumen osoa duen arren, bere egitekoen artean ez dago delituak epaitzea, baina, ikerketen ondorioz, diziplina eta zigor neurriak ezar ditzake. Besteak beste, diruaren erabilera okerrak, iruzurrezko aitorpenak eta kontratazio publiko irregularrak ikertzeaz arduratzen da: 2010. eta 2017. urteen artean 1.800 ikerketa inguru egin zituen, eta EBko estatuei 2.300 ebazpen inguru igorri zizkien neurriak har zitzatela eskatuz.

Publikoa eta autonomoa

Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan jaso zuten ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko beharra. Joan den maiatzean onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak bulegoa sortzea, gehiengo zabalez: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta PSNren aldeko botoa izan zuen, eta UPN eta PPNren abstentzioa. Besteak beste, bulegoaren eskuduntzekin agertu dituzte zalantzak eskuineko bi alderdiek, eta Nafarroako Kontu Ganberak zeregin berberak dituela argudiatu izan dute haren sorreraren aurka egiteko. Alabaina, Kontu Ganberak berak proposamenari oniritzia eman dio. Eskumen gatazka konponduta, bulegoaren lana haren osagarri izango da.

Bulegoaren xedea izango da erakunde publikoen «galera morala», foru ogasunaren «txirotze ekonomikoa» eta zerbitzu publikoen «kalitate galera» saihestea, legeak zehazten duenez. Nafarroan ustelkeriari aurre egiteko «kontrol tresna» gehiago behar direlako babestu du Geroa Baik bulegoaren sorrera, Patxi Leuza parlamentariak BERRIAri azaldu dioenez. Foru legea tramitatu duen lantaldean aritu da Leuza azken hilabeteotan, eta baikorra da bulegoaren lanarekin. «Politikariek ez dute gustuko hainbesteko kontrola egotea, baina hau da bidea, zalantzarik gabe».

Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa entitate publiko gisa sortuko da, eta nortasun juridiko eta independentzia organikoa eta funtzionala izango ditu. Lau printzipioen arabera lan egingo du: prebentzioa, ikerketa, ustelkeriaren aurka borrokatzeko neurrien kontrola eta ebaluazioa, eta salaketa jartzen duten pertsonen babesa. Prebentzioari dagokionez, kudeaketa publikoa eta gizarte zibilaren parte hartzea «gardentasunez» egitea bermatuko du bulegoak, administrazio publikoetan ustelkeria eta jardunbide okerrak gertatzeko arriskuak identifikatuko ditu, eta horiek desagerrarazteko proposamenak egingo ditu.

Leuzaren arabera, prebentzioarena izango da bulegoren zeregin nagusia, eta uste du Kontu Ganberaren lana osatzeko balio izango duela. Kontu Ganbera Nafarroako organo fiskalizatzailea da, eta ustelkeriaren aurkako bulegoak, berriz, ustelkeria eta jardunbide okerrak gertatzeko arriskuak identifikatuko dituela gogoratu du. «Profilaktiko baten modura, prebentzioan egingo du lan».

Horrez gain, beste zeregin nagusi bat izango du bulegoak: ikerketa. Ofizioz abiatuko ditu ikerketak, herritarrek, funtzionarioek edo erakundeek eta pertsona juridikoek zein pribatuek aurkeztutako salaketak aztertu ondoren. Hori bideratzeko postontzi bat jarriko du, herritarrek kexak, salaketak edo iradokizunak aurkeztu ditzaten. Nafarroako administrazio publikoaren agintarien, goi kargudunen eta sektore publikoko langileen jokabide irregularrak identifikatzeko ardura izango du, eta irregulartasun edo delitu zantzurik atzemanez gero, fiskaltzaren edo Kontu Ganberaren esku utziko du ikerketa.

Nafarroako hainbat ustelkeria kasu argitara atera dituen Kontuz elkarteko eledun Patxi Zamoraren iritziz,«aurrerapauso oso garrantzitsua» da bulegoa sortzea, eta ezinbesteko deritzo organo berri horrek ustelkeriari aurre egiteko «ahalik eta tresna gehienak» izateari. Legeak atal «interesgarri» ugari dituela dio Zamorak, eta horien artean azpimarratu du jokabide susmagarriak edo jarduera irregularrak salatzen dituzten pertsonak babestuko direla. Hari gertatutakoa berriro ez errepikatzeko bermea dela uste du Zamorak, bere lanpostutik kaleratu baitzuten Nafarroako Kutxaren inguruan egindako salaketen «mendeku» gisa. Haren aburuz, gaur egun dagoen «babesgabetasunari» amaiera emango dio bulegoak, salaketa egiten duenaren anonimotasuna berariaz araututa baitago foru legean.

Nafarroan bulegoa martxan jartzea da orain erronka. Lehen pausoa izango da parlamentuak zuzendaria aukeratzea, gehiengo osoz. Taldeek oraindik ez dute izenik jarri mahai gainean, baina behin urrats hori eginda, espero dute legealdiaren amaierako bulegoa martxan egotea.

EAEn falta den tresna

Nafarroan egindako lana eredu gisa hartuta egin du proposamena EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du ustelkeriaren aurkako borrokan baliabideak falta direla eta bulegoa «tresna eraginkor» bat izan daitekeela bide horretan. Onartu du ez dela «panazea» izango, beste baliabide askoz gehiago beharko direlako ustelkeriari aurre egiteko, baina administrazioaren funtzionamendu irregularrak antzemateko «mekanismo egokia» delakoan dago. Azken helburua argia dela dio: «Ustelkeriarik ez duen lurralde bat lortzea».

Koalizioak oinarri gisa hartu du Nafarroako legea, eta EAErako ezaugarri bertsuak dituen bulegoa sortzeko proposamena egin du. Aldaketa bakarra egin dio: arau-hausteen edo zigorren preskripzio epeak luzatu egin ditu Nafarroako legearekin alderatuta. Gainerakoan, Nafarroako bulegoaren ezaugarriak izango lituzke Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak. Izan ere, Ugartek uste du Nafarroako legea «egokia» dela teknikoki, «bideragarria» juridikoki eta politikoki ere, eta aurrera egiteko aukera handiak dituela.

Ustelkeriaren kontrako bulegoa organismo autonomoa izatea nahi du EH Bilduk, lana ahalik eta modu «independenteenean» egin dezan. Ugartek esan du herritarrei salaketak modu anonimoan jartzeko aukera bermatzea ere garrantzitsua dela, egun hori «ezinezkoa» delako.

Kontuz-eko eledunak, berriz, esan du «albiste ona» litzatekeela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ustelkeriaren kontrako bulego bat irekitzea, eta legebiltzarreko taldeak babestera animatu ditu. «Ahalik eta lege osatuena egin, orduan eta traba gehiago jarriko zaizkie iruzur egin nahi dutenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.