Unibertsitate ikasleei lanuzterako eskubidea aitortu die LOSU legeak

Espainiako Kongresuak behin betiko onartu du unibertsitate lege berria. Kontratazioan behin-behinekotasuna mugatuko du, eta bizitza osoko formakuntza sustatuko du

Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroa, atzo, Espainiako Kongresuan. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko unibertsitateek lege berri baten pean aritu beharko dute aurrerantzean. Izan ere, Espainiako Kongresuak atzo onartu zuen LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa. Hala, zenbait berrikuntza iritsiko dira Hego Euskal Herriko unibertsitateetako ikasgeletara eta aginte organoetara. Esaterako, behin-behineko kontratuak ezingo dira %8 baino gehiago izan, eta ikasleek lanuzte akademikorako eskubidea izango dute.

Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente zela orain 22 urte onartutako azken unibertsitate legea ordezkatuko du LOSUk. Haren alde bozkatu dute PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk eta ERCk —182 boto—. EAJk babesa ematea erabaki du, «aurrerapen esanguratsuak» daudela iritzita, gehienbat eskumenen arloan. Aurka egin dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek —157 boto—, eta abstentziora jo dute zortzi ordezkarik, tartean EH Bildukoek. Koalizio abertzaleak Espainiako Senatuan egin dizkioten zuzenketak babestu ditu, baina ez legea bere osotasunean.

Luzeak izan dira tramiteak. Hiru urtean aritu dira negoziatzen, eta, tartean, Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroa ere aldatu dute: Manuel Castellsek hasitako lana Joan Subiratsek amaitu du. Azkenean, abendu amaieran onartu zuten legea Espainiako Kongresuan, eta Senatuan zenbait zuzenketa eginda, Kongresuak jada behin betiko onartu du. Orain, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatzea falta da; hori egiten dutenetik hogei egunera sartuko da indarrean. Hauek dira gako nagusiak.

INBERTSIOA

Legeak izan duen ibilbide malkartsuan, desadostasun nagusietako bat finantzaketa izan da.Hasieran, testuan jasota zegoen BPG barne produktu gordinaren %1 unibertsitateetara bideratu behar zela eta, helburu hori erdiesteko, beharrezkoa zela Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen artean plan bat egitea; azken dokumentuan, berriz, 2030erako helburu hori dutela soilik ageri da. Diru gehiena autonomia erkidegoek ipintzen dute, eta horrek eragin du ezinegona.

PREZIOAK

Unibertsitate tasei muga jarriko diete: ezingo dira igo; mantendu edo jaitsi soilik egin ahal izango dituzte.

HIZKUNTZA

Testuaren arabera, euskara, katalana edo galiziera sustatzeko, ez da soilik hizkuntza hori zabaldu eta ikasiko: transmisio akademikorako hizkuntza «nagusi» gisa erabiliko da.

AGINTE ORGANOAK

Lege berriaren arabera, unibertsitate bateko errektore izan nahi duenak ez du zertan katedratiko izan beharko. Alegia, funtzionarioei ere aukera hori zabalduko diete, betiere baldintzak betetzen badituzte: ikerketan hiru seiurteko pasatu izana; hiru bosturteko irakaskuntzan; eta gutxienez lau urtean aritutakoak izan unibertsitate kudeaketako pertsona bakarreko karguren batean.

Gainera, unibertsitateko klaustroek, estatutuak onartu eta unibertsitate politikak diseinatu ez ezik, «bereziki garrantzitsuak diren beste gai batzuez»ere eztabaidatu ahal izango dute. Klaustro horietan gutxienez %25 ikasleen ordezkariak izango dira, eta %51, irakasleenak eta ikertzaileenak.

LAN BALDINTZAK

Legeak behin-behinekotasuna murriztea du xede. Horretarako, zehaztu dute behin-behineko kontratuak ezingo direla %8 baino gehiago izan —egun, %40 inguru dira—. Halaber, irakasle elkartuak direnei kontratu mugagabea egingo diete. Egonkortasuna sustatze aldera, karrera akademikoan ere berrikuntzak egingo dituzte: doktore laguntzaile gisara hasiko dira karrera akademikoan, sei urterako kontratu batekin, eta lehiaketa publiko bidez sartuko dira bertara. Behin epe hori igarota, egonkortasuna lortzeko aukera izango dute, bi bidetatik: unibertsitate titularraren figuraren bidez edo lan kontratudun iraunkorraren figurarekin.

IKASLEEN ESKUBIDEAK

Lehenengo aldiz jaso dute ikasleek lanuzte akademikorako eskubidea edukiko dutela. Horrenbestez, ez dute arriskurik izango arrazoi horrengatik eskoletara edo azterketaren batera aurkezten ez badira.

Ikasketei dagokienez, bizitzan zehar etengabe trebatzen jarraitzea sustatu nahi dute. Horretarako, ikasketa laburragoak ere eskainiko dituzte, tartean, «mikroegiaztagiriak» eta «mikromoduluak». Gainera, formakuntza iraunkorrera sartu nahi baina unibertsitate ikasketarik ez dutenek ere aukera izango dute, lan esperientziaren bidez egiaztatzen badute unibertsitate formakuntza jasota edukiko lituzketen konpetentziak dituztela.

Horietaz gain, bestelako neurriren bat ere hartuko dute. Adibidez, unibertsitate publikoei atxikita dauden ikastetxe nagusiek ezingo dituzte ikasleak sexuaren arabera bereizi. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak atxikita dauzkaten ikastetxe nagusi guztiak mistoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.