'Terrorismoa Espainian' unitate didaktiko berria aurkeztu dute

gotzon hermosilla
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Belaunaldi berriek ezagutzea «Espainiak nola sufritu duen terrorismoaren erruagatik, nola borrokatu den horren aurka, eta nola borrokatzen ari den oraindik ere»; hori da Espainiako Gobernuak aurkeztu duen unitate didaktiko berriaren helburua. Terrorismoa Espainian du izenburu, DBHko 4. mailako ikasleentzat da, eta Terrorismoaren memoria eta prebentzioa izeneko programaren lehenengo unitatea da —orotara, zazpi izango dira—.

Espainiako Gobernuko bi ministrok, Isabel Zelaa Hezkuntzakoak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, aurkeztu dute unitate didaktikoa. Nabarmendu dutenez, biktimen lekukotzak ere txertatu dituzte unitatearen edukietan, «balio handiko tresna pedagogikoa delako eta bizikidetzarako hezkuntzari ekarpen handia egiten diotelako, irizpide pedagogikoek bermatuta baldin badago», Zelaak azaldu duenez.

GAL, zerrendatik kanpo

Unitateak lau atal ditu. Lehenengoan, «terrorismoaren definizioa» agertzen da, haren ezaugarriak, eta «Espainian aritu diren talde terroristen sailkapena» ideologiaren arabera. Sailkapen horretan lau multzo agertzen dira: «nazionalista erradikalak», eskuin muturra, ezker muturra eta jihadismoa. Multzo bakoitzeko «talde nagusiak» zerrendatzen dira, baina, esaterako, GAL ez da zerrenda horietan agertzen.

Hurrengo hiru atalak kronologikoki antolatuta daude, eta frankismoa, trantsizioa eta 1982tik aurrerako aroa jorratzen dituzte, hurrenez hurren. Frankismoaren atalean, testuak azaltzen du «terrorismoaren agerpena» ez dagoela ezinbestean loturik «Espainian diktadura bat egoteari», inguruko herrialde demokratiko batzuetan ere talde armatuak agertu zirelako.

Azken atalean, 1982tik aurrerako garaia aztertzen duenean,GALen jarduera aipatzen da, eta «hautetsi, polizia eta guardia zibil batzuk horretan nahasita» egon zirela zehazten da. Espainiako Poliziak ETAren kontra egindako borroka aipatzen denean, berriz, hura «legea errespetatuz» egin zela agertzen da testuan.

Horren osagarri, zenbait biktimaren testigantzak, proposatutako ariketak, irudiak eta antzekoak ere agertzen dira unitate didaktikoan. Eranskin moduan, informazio gehigarria eskuratzeko baliabide batzuk proposatzen dira; batez ere, sarean aurki daitekeen dokumentazioa eta ikus-entzunezko materiala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.