Roger Penrose britainiarrak (1931) Reinhard Genzel alemaniarrak (1952) eta Andrea Ghez estatubatuarrak (1965) jasoko dute aurtengo Fisikako Nobel saria. Sariaren antolatzaile Suediako Zientzien Errege Akademiak atzo jakinarazi zuenez, Penrosek jasoko du sariaren erdia, zulo beltzen eraketa erlatibitatearen teoria orokorraren «iragarpen sendoa» dela aurkitzeagatik. Beste bi ikerlariek sariaren beste erdia konpartituko dute, «gure galaxiaren erdian» objektu trinko «supermasibo bat», zulo beltz bat, aurkitzeagatik.
Sarituei hamar milioi koroa suediar emango dizkiete aurten: 960.000 bat euro. Kopuru horren erdia jasoko du Penrosek, eta beste erdia Genzelen eta Ghezen artean banatuko dute. Sari banaketa abenduaren 10ean da egitekoa, Stockholmen (Suedia).
Suediako hiriburuan atzo egindako ekitaldian akademiaren idazkariak nabarmendu zuenez, 2020ko Fisikako Nobel sariak zerikusia du «unibertsoaren sekreturik ilunenekin». Haren arabera, Penrosek «metodo zientifiko burutsuak» asmatu zituen Albert Einsteinek duela ehun urte baino gehiago formulatutako erlatibitatearen teoria orokorrean «sakontzeko». Eta, akademiaren ustez, sarituak frogatu du teoria horrek zulo beltzen eraketa bultzatzen duela: «Espazio-denborako munstro horiek, haietan sartzen den guztia harrapatzen dutenak».
Hain zuzen, Ghez zientzialariak zulo beltzen ezagutzaren garrantzia nabarmendu zuen telematikoki egindako agerraldian. «Unibertsoko eraikuntza bloke ezinbestekoak dira». Kazetarien galderei erantzunez esan zuen ez dakitela zer dagoen horien barruan. «Intriga horrek berak bultzatzen gaitu fisikaren mundua ulertzeko ahaleginean».
Laugarren emakumezkoa
1901ean hasi ziren Fisikako Nobel saria ematen, eta Ghez da hori irabazi duen laugarren emakumezkoa, Marie Curieren (1903), Maria Goeppert-Mayerren (1963) eta Donna Stricklanden (2018) ondoren. «Espero dut hau beste emakumezko batzuentzat inspiragarria izatea, eremu honetan sar daitezen», adierazi zuen.
Fisikako Nobel saria eman diete zulo beltzak ikertu dituzten hiru zientzialariri
Roger Penrose, Reinhard Genzel eta Andrea Ghez saritu dituzte. Akademiarentzat, «unibertsoaren sekretu ilunenak» ikertu dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu