EBZk mantendu egin ditu tasak, hazkunde ahula aurreikusi duelako

Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak aurrez idatzitako gidoiarekin jarraituko du, eta ez ditu igoko interes tasak. Ez, gutxienez, datorren udara arte. «Edo beharrezkoa denera arte», Mario Draghi EBZko presidentearen esanetan; betiere euroguneko inflazioa %2tik behera baina zenbaki horretatik gertu egotea bermatzeko. Joan den azaroan euroguneko inflazioa %1,9bazen ere, abenduan %1,6ra jaitsi zen.

Atzo Frankfurten egindako bileran EBZko kontseilariek erabaki zuten bere horretan mantentzea interes tasak(%0) eta gordailuen interes tasa (-%0,4). Draghik esplikatu zuen eurogunearen hazkunde ekonomikoa bankuak aurreikusi baino ahulagoa izango dela, «aktore geopolitikoek eta protekzionismoak sortutako ziurgabetasunak bere horretan jarraitzen dutelako». Abenduko bileran EBZk %2tik %1,9ra jaitsi zuen eurogunearen hazkunde aurreikuspena 2018rako, eta %1,8tik %1,7ra 2019rako.

«Denbora kontua»

Draghik adierazi zuen egoera ekonomikoaren diagnostikoan bat etorri direla EBZko kontseilari guztiak, eta, euroguneko hazkunde ekonomikoa ahula denez, erabaki dute orain arte bezala eustea diru politikaren estimuluei. «Oraindik tresna kutxa osoa daukagu erabilgarri», erantsi zuen.

EBZk abenduan eten zuen APP programa, zeinarekin azken lau urteetan 2,5 bilioi euroren dopina sartu baitio euroguneko ekonomiari, estatuek jaulkitako zorra erosiz. Programa eten arren, EBZk berriz inbertituko ditu pilatutako bonuak, epe luze batez, baita behin interes tipoak igotzen hasi eta gero ere.

Euroguneko hazkundea ahula izango dela aurreikusi arren, Draghik baikor begiratzen dio etorkizun hurbilari. Ez du espero atzeraldirik, eta hazkundea sendotzeko faktoreak badaudelakoan dago: «Soldatak igotzen ari dira, finantzaketa baldintzak mesedegarriak dira. Denbora kontua da prezioak igotzen hastea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.