Lan erreforma aldatzeari ekingo dio Espainiako Gobernuak aurki

Lege berriak onartzeko hurrengo seihilekoaren egutegian sartu du gaia. Podemosen eta PSOEren arteko itunak jasotako aldaketak egingo lirateke; ultraaktibitatea, besteak beste

Vicrila enpresako behargin bat lanean, Leioako lantegian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Moncloara eraman zuen lan erreformaren promesa betetzeke dago. PPren lan araudiak zutik dirau, eta honezkero garbi dago PSOEk, erreforma baliogabetu baino gehiago, ukitu egin nahi duela, are gehiago pandemiak agertoki ekonomikoa zenbat aldatu duen kontuan hartuta. Nadia Calviño Ekonomia ministroak ahoan bilorik gabe esan du ez dela erreforma ukitzeko garaia. Kontua da gobernuko bazkide Podemosen presioa bultzatzen ari dela balizko aldaketa, gobernukide izatearen funtsetako bat baita erreforman eragitea.

EH Bildurekin «lan erreforma osoa» baliogabetzeko ituna ere egin zuen Sanchezen gobernuak pandemiaren gordinean, alarma egoera aurrera ateratzeko botoen truke. Batera edo bestera, ematen du Espainiako Gobernuak urtea amaitu baino lehen ekingo diola Mariano Rajoyren alperrak pasatuta 2012an onartu zen lan erreforma horri. Ministroen Kontseiluak lege berriak egiteko datorren seihilekoaren egutegia onartu zuen atzo, eta bertan jasotzen da erreforma horren zenbait atalen aldaketa.

Yolanda Diaz Lan Ministroak urte hasieran egin zuen lehen aldaketa lan erreforman, gaixo baimen batekin dauden langileak ez daitezen izan kaleratze objektibo baten biktima. Baina kaleratze mota horiek galarazteko urratsak adostasun handia zuen eragileen artean, baita patronalarena ere. Podemoseko ministroaren benetako erronka erreformaren beste edukiak aldatzea izango da luze gabe, eta batez ere zenbateraino aldatuko diren negoziazio kolektiboan enpresari abantaila ematen dioten arau-gakoak.

Enpresaren abantaila kendu

Espainiako Gobernuak onartutako egutegiak eduki zehatz batzuk aipatzen ditu. Hasteko, gaur egun indarrean dagoen urtebeteko lan itunen ultraaktibitatea aldatuko litzateke. Gaur egun, lan hitzarmen bat iraungi eta urtebetera erortzen da aldeek ez badute akordio berri bat egiten. Horiek horrela, sindikatuek egiten dute presioa lan itun berria egiteko, berritu ezean hitzarmenaren babesik gabe geratzen baitira beharginak. Lehen, ultraaktibitatea mugagabea zen, eta ituna berritzeko premia enpresarena zen, lan baldintzak aldatzea komeni bazitzaion.

Urtebeteko iraungitze hori kenduko du gobernuak orain, baina ikusteko dago ultraaktibitate mugagabea finkatuko ote duen modu orokorrean, edo beste formularen batekin erakarri nahi ote duen patronala adostasunera. Ezin baita ahaztu ultraaktibitatearen tresnari esker izan dutela enpresek modua urte askoan —batez ere Atzeraldi Handiaren bigarren oldarraldian— soldatak apaltzeko eta, oro har, lan baldintzak okertzeko.

Joko arauak sakon aldatu ditzakeen beste aldaketa itunen lehentasunean kokatuko da. Espainiako sindikatuen eskaerak aintzat hartuz, enpresa itunei lehentasuna kendu eta sektorekoei eman nahi die Madrilek. Azken urteetan, Espainia osoko itun kaskarrago batean ez erortzeko modu bat zera izan da euskal langileentzat, enpresa itun bat lortzea baldin eta sektorekorik ez bada izan lurraldean. Confebask EAEko patronalak eta sindikatuek lanbide arteko esparru akordioa egin zuten euskal itunei lehentasuna emateko, eta baliteke itun esparru horrek inoiz baino garrantzi handiagoa hartzea aurrerantzean, Espainia osoarentzat egiten diren itun kolektiboei izkin egiteko. Edonola ere, euskal sindikatuentzat oso kaltegarria izan daiteke enpresa itunei lehentasuna kentzea eta sektorekoei ematea, baldin eta Espainiako sektoreko hitzarmenei ematen baldin bazaie lehentasun gorena.

Patronalak nahi ez badu?

Mahai gainean dagoen beste erabaki bat da enpresak ituna ez betetzeko duen aukera baliogabetzea. Orain, enpresak langileen ordezkarien oniritzirik gabe utz dezake ituna bete gabe, zerrendaturik dauden zenbait egoera aitzakia gisa hartuta; oso erraza da baldintza horiek betetzea. 2012an ORPRICE arbitratze organoa sortu zen, enpresek ituna ez betetzeko erabaki horiek argitzeko.

Espainiako Gobernuak azpikontratazioetan ere esku hartu nahi duela esan du. Baina esan du eduki hori eta beste guztiak elkarrizketa sozialean landu behar direla, sindikatuen eta patronalaren akordioa sustatuz. Orain arte, aldi baterako erregulazioen gaian, gutxieneko soldatan eta beste batzuetan adostasunez aritu da Sanchezen gobernua. Ikusteko dago zer gertatuko den patronalak oniritzia ematen ez duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.