Espainiako Kopako finala

Derbietako lehia, bere gorenera

Realak eta Athleticek jokatuko duten finalaren atarian, arlo psikologikoaren garrantzia azpimarratu dute Aitor Lopez Rekartek eta Aitor Larrazabalek. Badakite zerbait gaiaz: dozenaka derbi jokatutakoak dira biak, Realarekin eta Athleticekin, hurrenez hurren.

Aitor Larrazabal Athleticeko elastikoarekin. OSKAR MATXIN / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kolore eta soinu eztanda batean bildutako 22 jokalari, grina betean lehian ari direla. Jakinda jokatzen dena ez dela beste edozein partidaren baliokide. Edozein derbitako argazkia izan daiteke, historikoki hala izan direlako Realaren eta Athleticen arteko neurketak. Oraingoan ere, halakoxe traza izango zukeen larunbatean Sevillako (Espainia) La Cartuja futbol zelaian jokatu behar dutenak. Harmailak hutsik egongo dira, ordea, baina zaleen falta ez da izango derbia berezi egingo duen aldagai bakarra. Bada beste bat, partidari sekula izan ez duen berezitasuna gehituko diona: Espainiako Kopako finala izango da, eta garaipena eskuratzen duenak betidaniko aurkariaren kontra lortutako garaikur bat eramango du.

Ikusi gehiago: artikulu bilduma.

Bestela ere lehiakorrak izaten dira Realaren eta Athleticen arteko norgehiagokak, baina borroka hori bere gorenera helduko da larunbatean. Bi taldeak lehen aldiz ariko dira elkarren aurka gisa horretako partida batean. Derbien mazedoniari garaikurraren osagaia gehituko zaio.

Aitor Larrazabal (Bilbo, 1971) Athleticeko jokalari ohiak eta Aitor Lopez Rekarte (Arrasate, Gipuzkoa, 1975) Realekoak ondotxo dakite zer diren derbiak jokatzea. Lehendabizikoak hamalau sasoitan jantzi zuen bilbotarren elastikoa, eta bigarrenak, hamarretan donostiarrena. Urte horietan guztietan elkarren aurka aritu ziren: «Partida bat jokatzeak beti du presioa, gauzak ondo egin nahi izaten direlako», esan du Larrazabalek. Irabazi nahiak lehiakortasuna ekarri ohi du segidan: «Derbiak neurketa lehiakorrak dira, eta oraingoan ere hala izango da. Gainera, final bat da, ez du atzera-bueltarik, eta gehienentzat orain artean jokatu duten neurketa garrantzitsuena izango da», argudiatu du zuri-gorri izandakoak.

Rekartek makina bat bider jokatu du Athleticen aurka, baina oraingo aldiaren berezitasunei erreparatu die: «Nik jokatutakoekin alderatuta, aldea dago final batean ez direla hiru puntu jokatzen, eta ikuspegi hori ezin da ahaztu». Arlo fisikoari ere egin dio erreferentzia. Arrasatearrak azaldu duenez, finalek izan ohi dute hartatik, eta baita mentaletik ere. «Finaletan, ez da ohikoa talde bat bestearen oso gainetik geratzea. Alde horretatik, fisikoak dira, baina finalak eta derbiak mentalki irabazten dira. Jokatzeko eraz gain, ardatza da nola prestatzen den arlo hori».

Arlo psikologikoa hizpide hartuta, Larrazabalek uste du «partida galtzeko beldurrik ez izatea» izango dela gakoetako bat: «Alderdi garrantzitsua izango da psikologikoa; akats bat izateak partida ez irabaztea ekar lezake, eta presio hori izugarria izan daiteke». Halaber, gogoak eragindako antsietateari ere erreferentzia egin dio bilbotarrak: «Talde bietan jokalari gazteak egonda, eragina izan dezake».

Hasiera batean, Athletic bolada onean helduko da finalera, Larrazabalen ustez, eta zuri-gorriek bere jokatzeko erari eutsiko diotela azpimarratu du. «Planteamendua ez du askorik aldatuko», Baina zein izango da planteamendu hori? «Marcelinori [Garcia Toral, entrenatzailea] gustatzen zaio presioa goian egitea, baloiak lapurtzeko. Realak ondo jokatzen du, eta baloia ondo mugitzen du. Zein taldek akats gutxiago egin, hor egongo da aldea».

Aldiz, erasoko jokoa da txuri-urdinen indargune nagusia, eta donostiarrak hori baliatzen saiatuko dira Espainiako Kopa etxeratzeko. Alde horretatik, Lopez Rekartek azaldu du Reala sendo ikusi nahi duela finalean: «Ikusmina sortu duen partida bat da, eta testuingurua ere kontuan hartu behar da. Partaidetza handia sortu da Gipuzkoan, Gurekin egitasmoarekin. Horiek garrantzitsuak dira».

Athleticek jadanik jokatu du final bat aurten, eta apirilaren 17an Bartzelonaren kontra ariko da beste batean. Aldiz, Realak larunbatekoa du begi bistako bakarra. Alde horretatik, Lopez Rekartek dio azken partida garrantzitsuetan «maila ona» erakutsi dutela zuri-gorriek, aurrera egitea lortu dutenez gero: «Erakutsi dute indartsu daudela halako lehiaketetan, eta jakin-mina dago Realak zer maila emango duen ikusteko. Ilusio hori badago, eta taldeak ondo prestatuko duen konfiantza ere bai».

Lana goratzeko arrazoiak

Hain justu, gizartean sortutako ilusioa azpimarratu du Lopez Rekartek: «Euskal taldeen arteko finala izateak sortzen duen lehiakortasun hori badu, adiskidetasunetik. Uste dut bai Realeko zaleak, baita Athleticekoak ere, harro gaudela gure taldeak egiten ari direna ikusita, emaitzaz harago: jokalariez, entrenatzaileez... Horrekin geratu behar dugu».

Realak eta Athleticek elkarren aurka jokatuko duten 180. norgehiagoka ofiziala izango da larunbatekoa. Aldi horietan guztietan ez dute finalik jokatu elkarren aurka. Sevillakoa izango da estreinako aldia: «Zoriontzekoa da», azpimarratu du Aitor Lopez Rekartek: «Bakoitzak bere taldeak irabaztea nahi du, baina taldeen mailari ere erreparatu behar zaio”.

Halako une batean zalerik ez egotea da finaleko gauzarik «tristeena», Larrazabalen esanetan. Hark zehaztu duenez, ordea: «Garaia halakoa da, eta horrela da». Izan ere, derbietako giro hura gogoan du: «Partiden aurretik zaleek izaten zuten hura izaten dut gogoan, eta zelai barruan ere harreman ona izan dugu beti, errespetuzkoa. Gure artean ondo moldatu gara kasurik gehienetan».

Bi taldeetako jokalarien arteko tratua goraipatu du Lopez Rekartek ere: «Gaur egun kanpotik ikusten dut, eta antzeman dezaket hala izan daitekeela. Gure garaian harreman oso ona geneukan». Horrek egiten du euskal derbia berezi, eskuin hegalean aritzen zenak azpimarratu duenez: «Batzuk forofoagoak dira, eta ezin dute bestea irabazten ikusi. Baina uste dut beti izan duela harreman onaren ezaugarria. Gure derbiaren ezberdintasuna hori da».

Oraingoan, La Cartuja hutsik dagoela jokatuko dute partida. Ohiko derbiekin alderatuta oso ezberdina izango da hori, nahiz eta elkarren aurkako azken partida ere ikuslerik gabe jokatu zuten. Finalari distira kenduko dio horrek, Larrazabalen esanetan. Antzeko ustea du Lopez Rekartek ere: «Horrela, jokalariak bere nortasunean oinarritu beharko du, eta talde bakoitzak bere ereduari segitu beharko dio. Saiatuko dira partidari hori gehitzen».

Dena dela, zaleen falta hori Realak eta Athleticek nabarituko dutela azaldu du Lopez Rekartek. Txuri-urdinen jokalari ohiak ondorengoa azaldu du: «Laguntasun eta gertutasun horren falta asko sumatzen da, eta, alde horretatik, berezia izango da, edozein talderi gertatuko zaion arren. Testuingurua halakoa da, ordea, eta mentalki garrantzitsua jokalariak eta motibatzea. Zaleak parte hartzen ari diren jarduerak horregatik egiten ari dira, gertutasun hori ondo finkatzeko».

Jokatuko luketen partida

Bai Larrazabalek eta bai Rekartek aitortu dute «gustura» jokatuko luketela final hau. Athleticeko jokalari izandakoak final bat ez jokatu izanaren pena du: «Galtzea edo irabaztea beste kontu bat da, baina jokatzeko aukerarik ez dut izan. Hamalau denboralditan horrenbeste partida jokatu, eta finalik ez izatea lastima da. Gainera, ikusita oraingoa Realaren kontra dela... Oso polita iruditzen zait».

Ez da harritzekoa. Euskal futbolaren historian iltzatuta geratuko den data izango da apirilaren 3a. Galdu ezinezko ekitaldi bat, bi kluben jirakoek, zaleek eta jokatuko dutenek sekula ahaztuko ez dutena. «Inbidia handia dut, geroz eta handiagoa», aitortu du Lopez Rekartek ere. «Oso bizipen berezia da. Gure garaian gauza esanguratsua izango zen, baina orain kanpoko esparru honetatik saiatuko gara Reala bultzatzen».

Egoerak hala behartuta, zaleek etxetik ikusi beharko dute neurketa. Lopez Rekartek ere hala egingo du, familia giroan: «Bakoitzak bere erara biziko du. Saiatuko gara gozatzen; ezjakintasuna badago, eta horrek beldur pixka bat sortzen du, baina saiatuko gara egun polita izan dadin».

Realaren garaipen batek borobilduko luke eguna Rekarterentzat. «Exijentea» dela esan du, eta txuri-urdinak «irmo» aritzea gustatuko litzaiokeela: «Final batean ez da erraza emaitza estranbotikoak mahaiaren gainean jartzea, baina 3 eta 1 esango dut». Aldiz, zuri-gorrien garaipena iragarri du Larrazabalek. Hark dio San Mamesekoek 2-1 irabaztea gustatuko litzaiokeela: «Ni Athleticeko jokalari ohia naiz, eta klubeko bazkidea. Haiek irabaztea nahi dut, jakina».

Bi-biak adi egongo dira neurketaren egunean. Bakoitzak bere aldera egin du, eta gustatuko litzaieke behinola jantzitako elastikoaren koloreak soinean dituztenak igoko balira garaikur bila. Garaikur bat jokoan, eta zientoka bizipen haren inguruan. Denak, Lopez Rekarte eta Larrazabal barne, larunbatean zer gerta zain daude jada. Derbiek biltzen duten lehia bere gorenera helduko da aurki, eta bakarrak dastatuko du loria. Txuri-urdin ala zuri-gorri, euskal futbolaren historian iltzatuta geratuko den eguna izango da zalantzarik gabe larunbatekoa, garaileen koloreez landa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.