Prozesuan sinistea, giltzarri

Mikel Artetaren gidaritzapean, Arsenalek atzean utzi ditu garai zailak. Adrian Clarke Arsenaleko jokalari ohiaren ustez, zaleak eta taldea «batzea» izan da Artetaren orain arteko «lorpenik handiena».

Mikel Arteta, Arsenali zuzendutako partida batean. ANDY RAIN / EFE.
Iñaki Berastegi.
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Kostata, baina lortu du. Mikel Artetak (Donostia, 1982) futbolaren elitean jarri du berriroArsenal. Arsene Wenger entrenatzaile frantziarraren azken urteetatik depresioan murgilduta zegoen Londresko iparraldeko erraldoia.Unai Emeryk izan zuen Wengerren osteko aroa gidatzeko ardura, baina Artetaren eskutik heldu da benetako eraldaketa. Gunner-ak zorioneko sentitzen dira orain, taldearen jokamoldea gustagarria izateaz gain edonorekin lehiatzeko gai ikusten baitute beren burua.

«Klubak Emery kargugabetu zuenean, egoera oso txarra zen: moralez apal zegoen taldea, jokoaren kalitatea eskasa zen, eta geroz eta helduagoak ziren jokalariak ez zeuden motibatuta. Hala, klubak ikusi zuen hutsetik hasi behar zuela. Arteta ekarrita, uste zuten zaleen eta taldearen arteko konexioa berreskuratu zitekeela, eta, horrez gain, pentsatu zuten Arteta pertsonarik aproposena zela harrobiko jokalariei aukera emateko». Adrian Clarke Arsenaleko jokalari ohi eta hainbat hedabidetako kolaboratzaileak horrela gogoratu du 2019ko abenduan izan zen entrenatzaile aldaketa.

Hiru urte geroago, Arsenal Premier Leagueko liderra da. «Prozesu motela izan da. Zaleei ere kosta egin zaie Artetaren lanarekin eta ideiarekin bat egitea. Hasieran, jokamoldea ez zen erakargarriena, baina ez zuen talde handiei aurre egiteko beste modurik. Oso erabaki zailak hartu behar izan ditu, baina orain ikusi da buruan zer asmo zuen, eta taldeak nola jokatzea nahi zuen; maite dute».

Artetaren lana eta gaitasuna «ezbaian» egon da askotan. «2020an FA kopa irabazteak denbora gehiago eman zion lanean jarraitzeko. Garaipen hark erakutsi zuen entrenatzaile ona zela, baina denbora gehiago eta beste jokalari batzuk behar zituela berak egin nahi zuena egiteko». Final hartako hasierako hamaikakoa aztertuta, Granit Xhakak baino ez du egun garrantzi handia taldean. «Argi zuen gosea zuten jokalari gazteekin lan egin nahi zuela, eta, horretarako, izarrak ziren jokalariei alde egiten utzi behar izan zien». Alexandre Lacazetteri, Nicolas Peperi eta, bereziki, Pierre-Emerick Aubameyangi. «Hartu dituen erabaki batzuei esker, zaleen eta aldagelaren erabateko konfiantza eta errespetua bereganatu ditu. Aubameyangek, 2020ko koparen ostean, kontratu ikaragarria sinatu zuen. Hura sinatu ostean, ordea, Arteta jabetu zen Gabongo aurrelaria aldatu egin zela, eta ez zela berak nahi zuen horretarako baliagarria izango aurrerantzean».

Energia eta kalitate handia

Eta prozesu horrek, azkenerako, fruitua eman du. «Teknikoki goi mailako futbola egiten duen talde bat du esku artean. Oso jokamolde zehaztua dauka, eta, ziurrenik, dagoen talderik entretenigarriena da. Jokoa ulertzeko gaitasuna duten eta entrenatzaileak esaten diena entzuteko prest dauden atletak dauzka orain. Energia eta kalitate handia du taldeak».

Pep Guardiolaren Manchester Cityrekin asko alderatu dute Arsenal hau. «Antzekoak dira, bai. Ezberdintasun nagusia da, nire ustez, Arsenalek apur bat zuzenago jokatzen duela. Adibidez, jokaldi bera egiteko Manchester Cityk 800 pase egiten baditu, Arsenalek 500 edo 600 egingo lituzke. Artetak beti esan izan du jokalariei aurrera jokatzeko eskatzen diela, eta agian, alde horretatik, Manchester City baino hobea da Arsenal». Pep Guardiolaren teknikarien taldeko kide zela jaso zuen Artetak Arsenal entrenatzeko eskaintza.

Joan den denboraldiarekin alderatuta, presio egiteko gaitasuna da Clarken ustez taldeak «gehien» hobetu duena. «Atzelari azkarrak behar zituen horretarako, eta, orain, badauzka. Ikaragarri hobetu dute». Mentalitatean ere aldaketa «nabarmena» ikusi dio taldeari. «Aurreko sasoian ez ziren gai markagailuari buelta emateko. Orduan sentitutako etsipena erregai gisa erabiltzeko eskatu die Artetak».

Wengerren 'itzulera'

Egoera asko aldatu izanaren adierazle da Wenger Emirates estadiora partida bat ikustera itzuli izana. 1.695 egun igaro behar izan dira hori gertatzeko. «Nahiko sinbolikoa izan dela uste dut. Wengerrek Mikeli denbora eman nahi izan dio kluba eta taldea bere egiteko. Jada ez da Wengerren Arsenal, Artetarena baizik. Zazpi-zortzi denboraldi zail izan ditu klubak, baina denboraldi bakar batean egoera goitik behera aldatu da».

Mentalitate indartsuagoa eta jokamolde zehatz bat eman dizkion arren, Clarkek dio beste bat dela Artetaren «lorpenik handiena». «Zaleen eta taldearen arteko konexioa berreskuratu du. Wengerren azken urteetatik, zaleak banatuta zeuden, eta, orain, familia bat dirudi: Artetak lortu du hori. Arsenal Emirates estadiora lekualdatu zenetik ez da nabaritu hain giro baikorrik».

Beraz, «arrakastaren parte handi bat» Artetari zor zaiola uste du. «Europako entrenatzaile gazte onenetako bat dela erakutsi du. Entrenatzaile argia da, eta beste batzuek baino modu konplexuagoa du futbola ikusteko». Premier League irabazita ginga jartzea baino ez zaio falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.