Oroimenean gordetzeko urtea

Mendeurrenaren atarian, urte historikoa izan du Osasunak. Inoizko zifrarik onenak lortuta igo da Lehen Mailara, eta, elitean, urratsak egin ditu salbazioa ahalik eta lasterrena lortzeko. Gainera, marka guztiak apurtu ditu Sadarren. Bere neurrira egindako taldea osatu du Arrasatek, Avila buru dela.

Oier kapitaina, Bigarren Mailako txapeldunaren koparekin. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Osasunaren urtea izan da 2019a. Dena nahieran atera zaio, hasieratik ia bukaeraraino. Lehenik, nagusitasunez igo zen Lehen Mailara; gero, onenen artean ere guztiz lehiakorra dela erakutsi du. Bidean, marka historikoak ezarri ditu Sadarren, eta harremana estutu du zaleekin. Horrek guztiak Jagoba Arrasateren zigilua darama. Bizkaitarrak jokamolde aproposa txertatu du Nafarroako taldean, eta, hala, modurik onenean ustiatu ditu Braulio Vazquezek eskura jarritako baliabideak. Piezarik egokienak topatu ditu kirol zuzendariak, eta entrenatzaileak puzzle aparta osatu du.

Amaieran, nafarrek hiru partida kateatu dituzte irabazi gabe, eta VARaren funtzionamenduak ernegatu egin ditu. Edonola ere, horrek ez du inolaz ere lausotzen bizi izandako zorion guztia. Sekula ez bezalako urte baten lekuko izan dira zale gorritxoak, eta, horregatik, pozarren bukatuko dute 2019a. Baita ilusioz ere, oso itxura ona baitu 2020ak. Ehun urte beteko ditu Osasunak, eta mendeurrena osoki Lehen Mailan ospatzen saiatuko da, aurten marraztutako ildotik jarraituta.

IGOGAILUAN GORA
Txapeldun Bigarren Mailan

Iruindarrek igotzeko kanporaketa postuetatik kanpo hasi zuten urtea. Edonola ere, bosgarren jarri ziren lehen partidaren ostean, Cadizi 2-1 irabazita. Gero, 4-1 galdu zuten Las Palmasen zelaian, baina kolpe horrek ez zuen gorritxoen gorakada eten. Hurrengo sei partidetatik bost irabazi eta bat berdindu zuten, eta, hala, lidertza eskuratu 27. jardunaldian. Bada, bertan iraun zuten denboraldia amaitu arte, aurkariei inolako aukerarik eman gabe. Hori horrela, hiru neurketako aurrerapenarekin igo ziren Lehen Mailara, 39. jardunaldian Granadak Albaceteren zelaian irabazi eta gero. Bi aste geroago bihurtu ziren txapeldun, Cordobaren zelaian 2-3 gailenduta, eta Oierrek azkeneko partidaren ondotik altxatu zuen garaikurra Iruñeko zerura.

Osasunak inoizko denboraldirik onena osatu zuen Bigarren Mailan: 87 puntu batu zituen guztira. Horietatik gehienak 2019an lortu zituen, hamazazpi partida irabazi, lau berdindu eta soilik bi galduta. Emakumezkoen taldea ere aparretan ibili zen, eta Lehenengo B Maila sortu berrira igo zen. Gorenera iristeko aukera ere izan zuen, baina kale egin zuen kanporaketetan.

ELITEAN, LEHIAKOR
Bide onean doa

Lehen Mailara itzulita, eliteko azken egonaldiko mamuak hurbildu zitzaizkion Nafarroako taldeari. Bada, dagoeneko uxatu ditu guztiak. Izan ere, iragan sasoiko inertziari eutsi dio, jokoari nahiz emaitzei dagokienez: talde bizi, ausart eta oldarkorra du orain ere, eta 23 punturekin iritsi da oporretara. Hots, salbazioa lortzeko puntuen erdiak baino gehiago lortu ditu jada, eta oraindik jardunaldi bat falta da lehen itzulia amaitzeko. Modurik onenean ekin zion ligari, Leganesen zelaian 0-1 irabazita, eta geroztik beste lau neurketatan gailendu da. Galdutako lehiak ere bost izan ditu, eta berdindurikoak, berriz, zortzi. Ororen gainetik, lehiakorra izan da Osasuna, eta markagailuak iraultzeko sekulako gaitasuna erakutsi du. Eta onena da oraindik hobetzeko tartea daukala.

SADARREN SOSTENGUA
Harresi gorria eraiki du

Arrakasta horiek guztiek Sadar izan dute oinarri. Iruñeko estadioak galdutako mistika berreskuratu du, eta Osasunak inoiz ez bezala gozatu du bertan. Bi marka berri ezarri ditu: hamazazpi garaipen lortu ditu erreskadan, eta horrekin batera, 31 lehia kateatu ditu galdu gabe. Athleticek apurtu zuen bolada historikoa, azaroaren 24an. Gorritxoek 21 partida jokatu dituzte aurten etxean, eta 49 puntu lortu, hamabost garaipen, lau berdinketa eta bi porrotekin. Emaitzek ez ezik, taldearen jardunak ere asebete egin ditu zaleak. Nafarrek joko zirraragarria egin dute Sadarren, eta harmailetan aspaldi ez bezalako giroa arnastu da. Sinbiosia izan da jokalarien eta zaleen artean.

Harresi gorria bihurtu da Sadar. Izen hori bera du estadioa eraberritzeko proiektuak. Otsailean egin zen bozketan, Sadar osorik zaharberritzea erabaki zuten bazkideek. Halaber, bost proiekturen artean bat hautatu behar izan zuten. Dagoeneko hasi dira berriztatze lanak, eta datorren sasoirako bukatuta egotea espero da. Hamasei milioi euro ordainduko ditu klubak, 24.500 ikuslerentzako tokia izango duen zelaia edukitzeko.

ARRASATEREN ESKUA
Gidatu eta kudeatu

Oso zaila den zerbait lortu du Jagoba Arrasatek: zale den-denak ados jartzea. Izan ere, eszeptikoenak ere konbentzitu egin ditu teknikari bizkaitarrak, zelaian nahiz zelaitik at egindako lanarekin. Taldea lehiatzeko makina bilakatu du, jokamolde erasokor eta grinatsua ezarrita. Oso gutxitan jokatu du Osasunak horren ongi. Eta talde barruan, oso kudeatzaile ona izan da. Jokalari guztien engaiamendua lortu du; neurri handi batean, aukerak ia denei eman dizkielako, eta izana izenaren aurretik jarri duelako. Hala, hainbatetan egin du apustu harrobiko jokalarien alde. Hor dago, esate baterako, Jon Monkaiolaren kasua. Agintari gorritxoek garbi ikusi dute Arrasate dela Osasunak izan dezakeen entrenatzailerik onena, eta 2022ra arte luzatu diote kontratua.

BERRIEN EKARPENA
Chimy Avila, ikusgarri

Lehen Mailara igotzea erronka handia izaten da kirol zuzendarientzat. Bete-betean asmatu behar dute baliabide gutxirekin. Bada, horixe egin du Braulio Vazquezek, batez ere Chimy Avila fitxatuta. Argentinarra aho bete hortz ari da uzten mundu guztia. Zortzi gol sartu ditu dagoeneko, eta hortik harago, borrokarako gaitasun ia mugagabea erakutsi du. Osasunan jokatzeko jaioa dela dirudi. Hainbat talde ditu atzetik, baina klubak eta jokalariak berak garbi utzi dute ez dela neguko merkatuan irtengo. 25 milioiko etete klausula du.

Pervis Estupiñan ere bikain ari da. Ekuadortarra Watfordek utzita dabil, eta bere egin du defentsako ezker hegala. Orain arteko hemezortzi partidak jokatu ditu, denak ere titular gisa. Ez du lehiakiderik izan, eta hori konpontzeko, Vazquezek Toni Lato ekarri berri du Valentziatik, utzita. Gainontzeko fitxaketei dagokienez, Brasanac geroz eta hobeto ari da zelai erdian, eta Adrian Lopez ere behetik gora doa. Roncagliak, Navasek eta Cardonak, ordea, hobetu beharra dute.

BIZKARREZUR SENDOA
Lehendik zeudenen urratsa

Fitxaketekin asmatzeaz gainera, funtsezkoa zen iragan sasoian giltzarri izandako jokalariek beste pauso bat egitea. Eta hala gertatu da. Atean, sasoi hasiera ona osatu zuen Ruben Martinezek, eta, Getaferen zelaian min hartu ostean, behar bezala ordeztu dute Sergio Herrerak eta Juan Perezek. Defentsan, berriz, indarrean jarraitzen dute Nacho Vidalek eta David Garciak, eta sekulako hobekuntza izan du Aridanek. Oierrek lider lanak maisuki egiten ditu euskarrian, eta Ruben Garciak eta Roberto Torresek emankor segitzen dute; bost eta lau gol daramatzate, hurrenez hurren. Villarrek eta Brandonek, aldiz, garrantzia galdu dute.

HARROBIAREN GARRANTZIA
Kontratu berritze ugari

Taxoarek ezinbestekoa izaten jarraitzen du Osasunarentzat. Horren jakitun dira agintariak, eta horregatik, haztegiko zortzi jokalariren kontratuak berritu dituzte: Endika Irigoienek 2020ra arte sinatu du; 2021 arte Roberto Torresek, Oierrek, eta Unai eta David Garciak; 2022ra arte Otegik eta Juan Perezek; eta 2024ra arte Monkaiolak. Erdilariaz gain, Barberok eta Iñaki Alvarezek ere debuta egin dute lehen taldean. Biek Espainiako Kopako lehenengo kanporaketan jaso zuten aukera, Hirugarren Mailako Lorcaren zelaian.

TEKNOLOGIAZ KEXU
Akats larriak azkenaldian

VAR sistema aurreko denboraldian sartu zen indarrean Lehen Mailan, eta Osasunak sasoi honetan ezagutu du. Hasieran, harmoniazko harremana izan zuen bideo epailearekin. Teknologia justizia egiteko tresna bezala ikusi zuten nafarrek, besteak beste, Leganes eta Real Madrilen zelaian jokaturiko partiden ostean. Ordea, azken hiru lehietan VARaren alde ilunarekin egin dute topo. Sevilla eta Atletico Madrilen aurka, penalti garbiak izan ziren nafarren alde, markagailua berdinduta zela, baina epaileak ez zituen ikusi, eta VARak ez ikusi egin zuen. Realaren aurka, berriz, hautsak harrotu zituen area barruan Le Normandek eta Meridak izandako talkak. Jokaldia ez zen aurreko lehietakoa bezain garbia izan, baina, akaso, errepikapena ikusteko esan beharko zioketen epaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.