Gotorlekuko nagusia

Iñigo Martinez zelaian ari da erakusten Athleticek bere alde egin zuen apustua. Athleticek inoiz egin duen defentsako lan onenaren zutabe nagusia da.

Iñigo Martinez Athleticeko jokalaria taldekideei aginduak ematen. Nortasun handiko jokalaria dela erakutsi du iritsi zenetik. ATHLETIC.
haritz gallastegi
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ibaiganen argi gorria piztu zen Aymeric Laportek Athletic uztea erabaki zuenean. Kolpea izan zen. Taldeak defentsako zutabe nagusia galdu zuen. Laportek gaztetasuna, nortasuna, eskarmentua eta talentua uztartzen zituen. Dena zuen. Horregatik zeukan liluratuta Pep Guardiola. Teknikari kataluniarrari asko kosta zitzaion, baina, azkenean, konbentzitu egin zuen Manchester Cityra joateko. Atzelariak 65 milioi euro utzi zituen diru kutxan, baina jakina da klub zuri-gorrian dirua ez dela arazo bakarra izaten taldea indartzeko. Berez, ia ezinezkoa zen zuloa tapatzea. Denbora gutxi izateaz gain, Athleticen azokan aukera gutxi zegoen. Aukera gutxi ez, bakarra zegoen: Iñigo Martinez. Athleticeko zuzendaritzak apustua egitea erabaki zuen. Realari 32 milioi euroko etete klausula ordaindu, eta jokalaria fitxatu zuen. Bi urte beteko dira laster, eta jada ez dago zalantzarik. Klubak bete-betean asmatu zuen ondarroarra fitxatzea erabaki zuenean.

Atzelariak ez du aldaketaren zama nabaritu, ezta klub zuri-gorriaren historiako fitxaketarik garestia izatearen ardura ere. Lehen egunetik eman du neurria. Jakina zen dohain oneko futbolaria zela, baina egun inork ez du zalantzan jartzen taldean daukan pisua. «Aurreikuspenak betetzen ari da. Klubak apustu handia egin zuen haren alde, eta oso ondo erantzun du. Zelaian nabarmentzen ari da», dio Oskar Tabuenkak. Athleticeko erdiko atzelari ohiak badaki beti ez dela samurra izaten San Mamesen presiopean jokatzea. Iñigoren kasuan, gainera, lupaz aztertu dute haren lana. Jokalaria ez da kikildu. Nortasun handiko futbolaria da, eta zelaia zapaltzen duen bakoitzean hazi egiten da. Horrek asko lagundu dio egindako aldaketari aurre egiten. Gainera, ondarroarren ezaugarriak oso gustuko dituzte jarraitzaileek. «Lider sena dauka. Oldarkorra da, eta grina handiz jokatzen du. Athleticen jokamoldera azkar eta ondo egokitu da».

Kirol arloan, Athleticen azken bi denboraldiak ez dira onenak izan jokalari batek barruan daukana erakusteko. Azken hamarkadetako aro aberatsena bizi ondoren, zailtasunak izan ditu onenen artean lehiatzeko. Kontu jakina zen Ernesto Valverderen lekukoa hartuko zuenak gauzak zail izango zituela. Jose Angel Zigandak eta Eduardo Berizzok ezin izan zuten taldea goian mantendu. Denbora tarte txikian, talde irabazlea zena talde galtzaile bilakatu zen. Aldaketa horrek bete-betean harrapatu zuen atzelaria. Hala ere, inork ez dauka jokalariak erakutsitakoaren kexarik. Ia beti taldearen gainetik aritu da. Gaizka Garitanoren aginduetara, berriz, defentsako nagusi bihurtu da. Hark agintzen du, ia pitzadurarik ez daukan atzealdean. Taldeak batuta jokatzeak mesede egin dio. «Athleticek asko hobetu du defentsan azken urtean. Lerro guztia egonkortu egin da, eta jokalari guztiak oso ondo ari dira elkar laguntzen. Iñigoren jokoa talde guztiaren ekarpenaren isla da».

Gola falta zaio

Athleticek haren aldeko apustua egin zuenean, lehen egunetik taldeari lagunduko zion futbolaribat fitxatzea zuen xede. Erdiko atzelariak 26 urte zituen taldez aldatu zuenean. Beraz, ez zen izan epe laburrerako pentsatutako erabakia soilik. Urte askorako erdiko atzelaria ekarri zuen Ibaiganek. Ondarroarra bere kirol ibilbideko garairik gozoenean dago, eta zorte apur batekin asko emango dio taldeari hurrengo hiruzpalau urteetan. «Futbolari batentzat adinik onenean dago. Eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen ditu. Kirol bizitzako garairik ederrenean dagoela esango nuke».

Iñigo hirugarren denboraldia ari da osatzen Athleticen. Guztira 62 norgehiagoketan jantzi du elastiko zuri-gorria. Askotan nabarmendu da, baina oraindik neurketa biribil bat jokatzea falta zaio. Horretarako, defentsan lan ona egitetik harago, gol bat sartzea falta zaio. Ate ingurua ondo zaindu, eta taldearentzat erasoko lehen pasea ematen duen defentsa izateaz gain, falta jaurtiketa batean edo korner batean asmatu ezinik dabil. Atzelaria izanagatik, gol sena erakutsi duen futbolaria baita. Realarekin denboraldi guztietan sartu zuen gutxienez gol bat. Tartean, denboraldi batean lau gol sartu zituen, eta beste bitan hiruna. Athleticen jokatzen duenetik ez du alerik sartu. Sarri ikusten zaio aurrera egiten, baina ez du baloia sareetara bidaltzeko aukerarik izan. Tabuenkak presaka ikusten du. «Gola sartzearekin obsesionatua dagoela ikusten zaio. Beti sartu izan ditu, eta Athleticekin lehena sartzeko irrikaz dago. Horrek ez dio mesederik egiten». Egonezin hori lehen gola sartzen duenean amaituko da. «Lasaitzen denean asmatuko du. Behin lehena sartzen duenean, dena errazagoa izango da.Oker jaurtitakoak sartzen hasiko da».

Athleticek eskertuko du atzelariaren ekarpena. Izan ere, azken urteotan eraginkortasuna galdu du geldikako jokaldietan. Dena dela, ez da Iñigok hurrengo urteetarako daukan zeregin bakarra. Inguruan dituen taldekideei hazten laguntzeko ardura ere izango du. Yeray Alvarez egonkortzen ari da hamaikakoan, eta Unai Nuñez gehiago jokatzeko irrikaz dago. Azken finean, Athleticen ondoen beteta dagoen postua da defentsaren erdialdea. «Nuñez ez da jokatzen ari, eta horrek urduri jarri du, baina Athleticentzat oso albiste ona da. Hiruren artean ondo beteko dute postua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.