Irati Zabala. Eskalatzailea

«Harkaitzean aurkitu dut behar nuen motibazioa»

Oraindik oso gaztea den arren, euskal selekzioko eskalatzailerik beteranoenetakoa da Irati Zabala oiartzuarra. Eskalatzeaz gain, Donostiako The Factory Boulder eskalada gunean dihardu irakasle modura gaur egun. Pasioz eta ilusioz bizi du eskalada.

IRATI ZABALA.
Unai Ugartemendia.
Oñati
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan buru-belarri ibili da harkaitzean eskalatzen Irati Zabala (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999). Iazko denboraldia nahasia izan zen, atseden hartu zuen txapelketetatik. Berriro ere itzultzeko prest dago. Irribarretsu azaldu da hitzordura, Araotzeko eskalada gunera (Oñati, Gipuzkoa). Gustura nabari zaio.

Noiz hasi zinen eskaladan?

Ez nintzen gaur egungo umeak hasten diren bezain azkar hasi! 13 urte- edo izango nituen lehenbizikoz eskalatu nuenean. Oiartzunen rokodromo bat dugu, eta tarteka lagun batekin joaten hasi nintzen. Jakin genuen eskaladako ikastaro bat eman behar zutela, eta hara joan ginen izena ematera. Motibazioz gainezka ibiltzen den neska bat naiz, eta horretan ere horrela hasi nintzen.

Gaur egun ematen du 13 urterekin eskalatzen hastea berandu dela...

Bai, bai; gaur egun oso berandu da [barreak]. Entrenatzaile moduan ere ibiltzen naiz, eta 7 edo 8 urteko umeak ditut rokodromoan; beraz, pentsa... Geroz eta goizago hasten da jendea eskaladaren munduan.

Oiartzunen denbora askoan ibili al zinen?

Bai, bertan urte batzuk eman nituen. Politak izan ziren. Eskola zaharreko eskalatzaileen modura entrenatzen ginen, eta mendiari oso lotuta geunden. Ondoren, Pio Barojako [Donostia] rokodromoan ere probatu nuen. Gero etorri zen Gasteizko egonaldia. Han, Irati Andarekin hasi nintzen entrenatzen. Orduan ekin nien arrokako proiektuei eta lehiaketei.

Zerk erakarri zintuen eskaladatik?

Kirolean orokorrean ondo moldatu izan naiz beti. Baina eskaladak dituen erronkek asko erakarri ninduten. Mendia ere beti izan dut gustuko, eta, behin eskalatzen hasita, irrika handia sortu zitzaidan. Geroztik, hemen nabil.

Euskal selekzioaren deia ere iritsi zen ondoren. Nola hartu zenuen

Izugarrizko ilusioarekin hartu nuen lehen deia. 18 urte nituen, eta esango nuke nahiko berandu iritsi nintzela euskal selekziora. Orduan Gorka Karapeto azpeitiarra zen selekzioko hautatzailea. 20 urtez azpikoekin hasi nintzen lehiatzen. Nahiz eta maila horretan lehiatu, gorengo mailan parte hartzeko aukera ere izaten genuen. Halere, esan dezaket ni eskola zaharrekoa naizela. Lehiatzen ere ibiltzen nintzen, baina askotan joaten ginen harkaitzera. Lehia ere beti bizi izan dut lagunarteko kontu bat balitz bezala.

Euskal selekzioarekin egin beharreko estreinaldia atzeratu egin behar izan omen zenuen.

Bai, halaxe izan zen. Oinean lesio bat neukan, eta ezin izan nintzen euskal selekzioan nahi bezain pronto hasi. Hilabete batzuk itxaron behar izan nuen. Gogoan daukat Bartzelonan jokatutako Espainiako Txapelketa batean lehiatu nintzela aurreneko aldiz selekzioarekin, blokeko modalitatean. Finalera pasatu nintzen, eta oso oroitzapen polita daukat egun hartaz. Hasieran urduri xamar sentitu nintzen, baina oso gustura ibili nintzen. Txapelketa horren ostean, zailtasuneko Espainiako Kopan parte hartu nuen. Garai haietan ez neukan ezer galtzeko, eta horrek, aldi berean, lasaiago lehiatzeko aukera ematen zidan. Gainera, zailtasuneko lehen bi proba haietan, podiumera iritsi nintzen. Lehen lehiaketa haietan, ume txiki baten ilusioarekin ibili nintzen hara eta hona.

Lehia zalea al zara?

Beste eskalatzaileekin ez daukat inongo lehiarik, oso inozoa naiz alde horretatik. Hori bai, neure buruarekin oso exijentea naiz! Asko gustatzen zait neure burua estutzea, eta hobetzen jarraitzeko gogo handia daukat. Gustatzen zait sentitzea entrenamenduetan dena eman izan dudala.

Emakumeen euskal selekziotik igarotakoak dira, besteak beste, Leire Agirre, Josune Bereziartu, Irati Anda, Ane Mujika, Itziar Zabala… Atzetik etorri zaretenoi presiorik sortu dizue horrek?

Izen handiak dira denak ere. Izugarrizko maila zutela erakutsi zuten, eta niretzat oso erreferente onak izan dira. Haien izenek ez didate presio berezirik sortzen; alderantziz, miresmena sortzen didate. Haietako batzuekin entrenatzen ibiltzeko aukera izan nuen, eta gertuko sentitu nituen; batik bat, Anda, Mujika eta Zabala. Leire Agirrerekin ere harkaitzean kointziditu izan dut, eta ilusio berezia egiten dit oraindik ere eskalatzen ikusteak.

Iazko urtea oso arraroa izan zen zuentzat. Aurtengo zein asmorekin hasi zenuen denboraldia?

Iazko urtea oso zaila izan zen niretzat. Eskalatzailea izateaz gain, entrenatzailea ere banaiz, eta, alde horretatik, oso zaila egin zitzaidan bi aldeak ondo bereiztea. Ez nekien ongi zein aldetan nengoen. Une batzuetan sentitu nuen buruak atsedena behar zuela.

Aipatu zenuen dena ondo egiteko presioa sentitu zenuela. Hainbesterako izan zen?

Bai, hala izan zen. Ingurukoen presioa sentitu nuen gehienbat. Zaila da hori eramaten. Entrenatzaile naizenez, gaur egun nire inguruan haur asko daude. Ume baten ilusioa baino gauza delikatuagorik ez dago. Alde batean hori sentitu nuen. Distantzia hartu behar nuen, eta gogoeta bat egin jakiteko zergatik eskaintzen diodan hainbeste kirol honi. Iaz, denbora batean, dena eman nuen lehiaketetan. Baina neure buruari agindu nion atsedena emango niola ondoren. Izugarrizko esperientzia izan zen iazkoa, ikaragarri bizitu nuen denboraldia, hilabete batzuetan ez nintzelako gehiago lehiatuko. Emaitza aldetik, nire urterik onena izan zen. Espainiako Kopan hirugarren amaitu nuen sailkapen orokorrean. Horren ondoren, Olinpiar Jokoetan egingo dituzten proben antzeko txapelketa bat antolatu zuten. Bertan egoteko gonbita jaso nuen, baina txapelketa hark sasoiz kanpo harrapatu ninduen. Geroztik, lehiatu gabe pasatu ditudan hilabete hauek ederki etorri zaizkit. Harkaitzean ibiltzeko aprobetxatu dut denbora gehiena.

Zer ematen dizu harkaitzean eskalatzeak?

Sentsazio guztiz ezberdinak dira harkaitzean sentitzen ditudanak. Izugarrizko askatasuna ematen du harkaitzak, eta mugak bakoitzak jartzen ditu. Nahi duzun guztia estutzen uzten du. Bistaz eskalatzea ikaragarria da: zentzumen guztiak adi-adi izan behar dituzu. Erronkak jartzea gustatzen zait, bai boulderrean, bai kirol eskaladan. Dena den, onena plana bera da: lagunarteko giroa, bidaiak, proiektuak, abenturak... Ederra da hori.

Azken urteetan eskalatzaile gutxi aurkezten dira gorengo mailako txapelketetara. Arazo horren inguruan gogoetarik egin al duzu?

Agian izan daiteke gaur egun oso- oso gazte hasten direlako lehiaketetan. Horrek ere beste alde bat dakar: alegia, lehiaketak ere oso gazte uzten dituztela. Izugarrizko pena ematen dit. Esaterako, nik orain 22 urte ditut, eta badirudi jada oso beteranoa naizela. Lehen aipatutako azken txapelketan ni izango nintzen helduenetakoa. Esatariak berak ere 'beterano' deitu zidan; beraz, pentsa. Lagunek barre ederrak egin zituzten horren kontura.

Horrek zer esan nahi du zuretzat?

Lehen aipatu ditugun eskalatzaileak ni baino helduagoak zirenean eman zuten beren onena euskal selekzioan. Egia da, eskalatzen oso umetan hasiz gero, oso azkar lor daitekeela errendimendu on bat izatea. Baina maila gorenean dabiltzan eskalatzaileak oso-oso gazteak izateak ere bere arriskuak ditu.

Gaur egun entrenatzaile zarela ere aipatu duzu. Orain hobeto ulertzen al dituzu eskalatzaileak?

Bai, askoz ere hobeto [barreak]. Orain gauzak oso ezberdin ikusten ditut. Esaterako, askotan hitz egin izan dut euskal selekzioko hautatzailearekin, Sergio Delgadorekin. Maiz egin izan dit errieta, esanez jartzeko arreta egiten ari naizen horretan, eta uzteko albo batera entrenatzailearen rola. Sarritan gogoratu izan dit txapelketa baten aurretik eskalatzaile moduan joan naizela, ez entrenatzaile moduan. Zaila da bien arteko marra ondo bereiztea. Oso fina izan daiteke marra hori.

Entrenatzaile askoren erronka nagusia izaten da bere kirolariak mailarik gorenera iristea. Zuen kasuan, Olinpiar Jokoak lirateke. Horren aldekoa al zara zu ere?

Haurrei presioa sartzearen oso aurkakoa naiz. Entrenatzen ditudan eskalatzaileek hobera egitea, horixe da nire lana, eta horretan ez dut zalantzarik. Baina beti saiatu izan naiz haiek nahi izatea hobekuntza edo errendimendu horretara iristea. Nik ez dut inoiz inor estutuko txapelketa baterako prestakuntzan. Entrenatzea eta hobetzea ondo dago, baina haiek ikusi behar dute noraino iritsi nahi duten.

Zer eman diote Olinpiar Jokoek eskaladari?

Alde batetik, kirol hau erakusleihoan jarri dute, eta, noski, dirua ere ekarri dute. Orain askoz ere baliabide gehiago daude. Rokodromoak asko ugaritu dira, txapelketak ere telebistaz ikus daitezke, eta gehienbat, lehen aipatutakoa, dirua iritsi dela. Nabari da azken Olinpiar Jokoetatik hona gauzak aldatzen ari direla, eta, oro har, jende gehiago dabilela eskalatzen, bai rokodromoetan, bai harkaitzean. Bestalde, eta ez dakit zergatik, baina mendiak ere geroz eta zikinago ikusten ditut. Orain jende asko joaten da harkaitzera eskalatzera, eta hori izan daiteke aipatutako ondorioetako bat. Orain arte eskalada nahiko kirol minoritarioa izan da, eta hori eskatzen dut nik: jendeak mendiaren balioak errespetatzea, behintzat.

Eskaladako txapelketendenboraldiak ere hilabete batzuk besterik ez du falta amaitzeko. Zein txapelketatan lehiatuko zara?

Azken hilabeteetan arrokan aritu naiz erabat, eta oso gustura ibili naiz. Asko ikasi dut, eta gorputza ere asko estutu dut. Orain, berriz, txapelketetarako prest sentitzen naiz. Espainiako txapelketaren batean lehiatuko naiz, ziur. Hala ere, harkaitzean aurkitu dut behar nuen motibazioa, eta horri eutsi nahi diot. Proiektu asko ditut buruan, eta haiei ekiteko ilusio handia daukat. Era batera edo bestera izango duzue nire berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.