Aritz Zerain. Mintzolako Ahozko Lantegiko koordinatzailea

«Bertsolaritzak hizkuntzari lagundu diezaioke»

Azken egunetan buru-belarri ari da lanean boluntarioez eta Mintzolako kideez osatutako lantaldea, Zerainek koordinatuta. Astelehenean hasiko da hainbat hilabetez prestatzen aritu diren topaketa.

Villabona
2016ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
2003an egin zen nazioarteko lehen eta azken nazioarteko topaketa Euskal Herrian. Orain, Mintzolak eta Donostia 2016ek elkarlanean, eta boluntario eta bertso eskolen laguntzarekin, KantuInprobisatuaren Nazioarteko Topaketa antolatu dute. 2014ko abendutik ari dira lan horretan murgilduta.

Zergatik erabaki zenuten topaketa antolatzea?

1990eko hamarkadan hartutako erabaki baten segida da. Munduko toki askotan bertsolaritzarenantzeko adierazpide desberdinak daudela ikusi, eta mundura ateratzea erabaki genuen. 2003ko Donostiako nazioarteko topaketa egin eta gero, jarraitu dugu kanpo harremanak izaten, baina lan ildoa ez da oso jarraitua izan. Mintzola fundazioa sortu zen arte, etena egon zen, eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren testuinguruan aukera ona ikusi genuen bigarren topaketa hau antolatzeko.

Zein da helburua?

Munduan dagoen sarea ehuntzea, elkar ezagutzea eta bata bestearengandik ikastea. Datu base bat sortzea ere bagenuen helburu, munduan zen kantu inprobisatu dauden jakiteko.

Nola aukeratu dituzue topaketan egongo diren adierazpideak?

Ia ehun adierazpide ezagutzen ditugu orain, munduko kantu inprobisatuen mapa egin ondoren. Hainbat kontinentetan daude, baina Europan zentratzea erabaki dugu Donostia 2016rako. Kantu ezagunak eta ezezagunak batu nahi izan ditugu.

Arratsaldeko saioek izango dute lotura hitzaldietako gaiekin?

Kasu guztietan ez, baina generoaren gaia, adibidez, zuzen-zuzenean landuko da, baita hizkuntza gutxituena ere.

Nola landuko da generoaren gaia?

Emakumearen presentziaren inguruan arituko dira hizlariak. Generoaren gaia egunerokoan lantzen dugu Mintzolan, eta pixka bat sakondu nahi genuen; guretzat ezezagunak dira beste leku batzuetako egoerak. Ordezkaritza guztietan lortu ditugu emakumeak, baina kasu batzuetan zaila izan da. Topaketa honetan izango da soilik emakumez osatutako lehen nazioarteko saioa.

Zein iritzi izaten dute bertsolaritzaren inguruan beste inprobisatzaileek?

Harrituta geratzen dira hemen dugun antolaketarekin, transmisio handia ikusten dute. Belaunaldiz belaunaldi berritzen da bertsolaritza, eta beste leku batzuetan hori falta da. Kantu inprobisatu asko norbanako batzuen esku geratu dira, eta ez da transmisiorik egon. Eredu gisa hartzen dute, eta bertsolaritzan zer ikasi badagoela ikusten dute kanpoko inprobisatzaileek.

Kantu inprobisatua kultura askotan ikusten da. Zer ezaugarri komun dituzte kultura horiek?

Ahozko tradizioa dute kultura horiek; idazketa orain dela gutxi garatu dute, eta, aurretik, ahozkotasunean oinarritu izan dira. Askotan, gainera, hizkuntza gutxitua duten kulturetan ikusten den fenomenoa da.

Horregatik sartu dituzue hainbeste hizkuntza gutxitu programazioan?

Bai. Gure proiektua bertsolaritza zaindu eta sustatzea da, eta, horrekin batera, hizkuntzari ekarpena egitea. Bertsolaritza euskararen biziberritze eta normalizaziorako tresna garrantzitsua dela uste dugu. Beste herrialdeetan ere antzematen da; hizkuntzarekin batera doan fenomenoa da. Hizkuntza galtzen ari den neurrian, kantu inprobisatua ere galtzen ari da kultura batzuetan. Adierazpide hauek indartuz, beraz, hizkuntzari lagundu diezaiokegula uste dugu. Horregatik aukeratu genuen gai gisa ere.

Nola kudeatuko duzue beste hizkuntzen ezagutzarik eza?

Bertsoak itzultzean esanahia galdu egiten da. Muga hori beti izango dugu, baina garrantzi handiagoa eman diogu sentsazioak transmititzeari, nahiz eta ez ulertu. Behin kantatu eta gero pantailan laburpen txiki bat agertzen da, esandakoa itzulita. Oholtzan bertan gertatzen dena erakutsi nahi da, eta horrek lagundu egiten du inprobisazioa nolako prozesu zaila den ulertzen.

Zein desberdintasun nabarmentzen dira adierazpideen artean?

Toki gehienetan musika erabiltzen dute, eta, horretan, segur aski, bertsolariak izango dira berezienak. Inprobisazio maila ere desberdina izaten da; gehienak bat-batekoak izaten dira, eta beste batzuek denbora behar dute errezitatu aurretik. Metrika eta gai aldetik ere oso desberdinak izan daitezke. Sardiniakoek, adibidez, gai orokorragoak lantzen dituzte, eta, askotan, harritu egiten dira hemen lantzen ditugun gaien zehaztasunarekin; gai sozialak lantzen dituzte bertsolariek, eta haiek, berriz, kontzeptualagoak dira.

Oraingoz, harrera ona izan du topaketak?

Apirilean saioak egin genituen zazpi herritan, eta oso gustura geratu ginen. Jardunaldi akademikoetako matrikula ere ondo joan da, eta ari gara pixkanaka sarrerak saltzen egun hauetan. Ez du publiko izugarria erakarriko baina interesa piztu du, gai berria da denentzako.

Saioetarako sarrerak webgune honetan erosi daitezke:

bertsosarrerak.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.