gorka julio
IRLEN SAREA

Aukeraketak

2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Aukeratzeko momentua sufrikario bihurtu dugu ikus-entzunezko kontsumoa egiten dugun lehen munduko herritar askok. Sufrikarioaren atzean sumisiorako pultsio bat dagoenaren susmoak urduritzen nau orain.

Aukera asko izatea izan da askatasunaren sinbolo, batzuetan askatasunarekin berarekin mimetizatzeraino. Produktuak supermerkatuan, zerbitzuak merkatuan, pertsonak Tinder eta Grindr sareetan... Beti da pozgarria aniztasuna, bereziki oparotasunaren sinboloa denean. Orduan, zergatik gogaitzen gaitu aukeratu beharrak?

Aukera aniztasunaren aurrean, aukeratzeko ezintasuna edo blokeo bat ere ematen da. Telebista digitalak aukera berri asko eskaintzen ditu orain. Aukera horien artean, pasatako saioak ikusteko parada edo ikusi nahi duzuna momentuan erabakitzekoa dago. Apenas erabiltzen ditugu aukera horiek, teletexto zahar bat diruditelako akaso Interneteko ikus-entzunezko plataformen ondoan.

Plataforma horietan nabaria da arazoa. Aukera anitzen artean aukeratzeak aztoratzen gaitu. Ezin aukeratzeak denek berdina aukeratzera eramaten gaituela ere esan daiteke. Katalogoen parte handiena mainstream bihurtuko diren horientzako kobertura balitz bezala. Aukeratzeko ezintasunak gehiengoaren aukera aukeratzera eramaten gaitu. Arriskurik ez hartzeko, emandako ebaluazioen arabera aukeratzen ditugu filmak edota serieak. Ez dugu akatsik egin nahi, ez dugu gaizki aukeratu nahi; erabaki hori hartzea aukeratzea ez balitz moduan.

Produktibo izatearekin ere harreman zuzena izan dezake, erabakiak hartu beharra «denbora galtzea» bezala identifikatzearekin zehazki. Neoliberalismoak horrela egin gaituela dirudi, eta bidean demokrazia bera zalantzan jarriz.

Errespetatzen dudana ez-aukeratze kontzientea da. Bi aukeren artean soilik lerratzea eskatzen dizutenean, bereziki. Gerra alienazio eta alineazio (lerrokatze) garaiotan, gerraren aurka, baina bandorik ez aukeratzean, adibidez. Ez-aukeratzea, kasu horretan, aukeraketa kontziente bihurtzen da.

Oker egon nahi dut, baina gehiengo batek guregatik aukeratuko duten pertsona eta gauzak nahi dituzte, eta nahiko dituzte. Pertsona bat, batzuk edo algoritmo sorta bat izango den berdin du, sumisiorako bidea hartu dugula dirudi, ikusi eta entzun nahi ez badugu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.