gorka julio
IRLEN SAREA

Abstrakzioa askatu

2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Abstrakzioa ezinbestekoa da mundua ulertzeko. Abstrakzioak —dagoen aniztasunetik— bide labur bat eskaini eta gure ulermen mailatik ulergarri zaigun errealitatera gerturatzen edo urruntzen gaitu. Mundu konplexu horretan, XXI. mendeko borroka abstrakzioa askatzeko borroka da.

Ordenagailu bat bere barne funtzionamendu guztia ezagutu gabe erabiltzen dugu. Ezin diogu ordenagailuari berak ulertu dezakeen moduan hitz egin zuzenean, horretarako hainbat abstrakzio erabili behar ditugu. Erabiltzaile soil batek mahaigaina, karpetak, zaborrontzia... bulego mundutik jaso ditugun abstrakzio edo metafora bisualak erabiliko ditu. Programatzaile batek, aldiz, makinatik gertuago egonik ere, berarentzako ulergarriak diren lengoaiak erabiltzen ditu.

Informazioari forma eman eta berau eraldatuz sortzen ditugu abstrakzioak. Ez dira intangibleak, oso errealak dira eta aldaketa errealak sortzen dituzte. Haien bidez, errealitate zehatz batzuetara edo ulermen maila batzuetara gerturatu edo urruntzen gara. Gauza gehiago edo gutxiago egiteko aukera izango dugu. Abstrakzioa kontrolatzen duenak mundua kontrola dezake. Informaziotik abstrakzioak eraiki ditzaketenek etorkizuna modelatu dezakete. Informazioa gutxi batzuen esku badago, informazio hori kontrolatzeko gaitasuna dutenek egingo dute. Hori lortzeko baina, informazio hori, abstrakzio bihurtzeko gaitasuna dutenak ezinbesteko bihurtzen dira.

Adibidez: hodeia Internet eta azpiegitura guzti horiek irudikatzeko metafora edo abstrakzioa da. Kableak, zerbitzariak, energia kontsumoa, hori guztia kudeatzen duten pertsonak... izatetik, datorren fenomeno atmosferiko, ukiezin, urrun eta ia jainkotiar bihurtzen da. Horrela, gure jarrera berekiko sumisioarena da; datuak hodeira igotzea soilik dagokigu, han ondo egongo direla sinistera behartuak, eta beste ezer egiteko aukerarik gabe.

Baina hodeiari Etxe deitu izan bagenio? Bakoitzak bere etxea izatean pentsatuko luke? Etxe komuna nola eraiki imajinatu, akaso? Nire datuetara (etxera) zein sartu edo ez erabakitzeko aukeran pentsatuko genuke, agian? Google nire etxea bezalakontzienteki hautatuko nuke orduan? Hau da, abstrakzioaren indarra mundu ezberdinak irudikatzeko potentzia da, eta horregatik askatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.