Artearen historiako eraso ezagun batzuk

2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Lan askori egin diote eraso artearen historian. Lan batzuei, behin baino gehiagotan ere bai. Askotariko arrazoiak daude eraso horien atzean:

Velazquezen 'Venus ispilukoa'
Mary Richardson sufragistak egin zion eraso Diego Velazquezen Venus ispilukoa koadroari. 1914an izan zen. Londresko National Gallery museoan zegoen ikusgai, eta zazpi labankada eman zizkion Richardsonek koadroari, haren kide Emmeline Pakhurst buruzagi sufragistaren atxiloketa salatzeko.

Michelangeloren 'Pietatea'
Lazlo Toth hungariarrak beso bat, begi bat eta sudurraren zati bat puskatu zizkion Michelangeloren Pietatea eskulturari 1972an, mailu batekin. Lana panel batekin babestuta dago geroztik.

Rembrandten 'Gaueko erronda'
Hiru aldiz eraso egin diote Rembrandten Gaueko erronda-ri: itsas armadako sukaldari batek labanaz (1911), langabezian gelditutako irakasle batek labanaz (1975), eta ospitale psikiatriko batetik ihes egindako paziente batek azido sulfurikoz (1990).

Eriksenen 'Sirenatxoa'
Eraso gehien jasan dituen eskultura da Edward Eriksenen Sirenatxoa. Kopenhagueko (Danimarka) ikurra da, eta Hans Christian Andersen omentzeko egina. Birritan moztu diote burua (1964 eta 1998), besoa ere bai behin (1984), lehergailu bat ere jarri zioten (2003), burka bat jantzi (2004), eta eskuan jostailu sexual bat soldatu (2006).

Duchampen 'Iturria'
Bi aldiz eraso egin diote Marcel Duchampen Iturria-ri, eta erasotzailea berbera izan da bietan: Pierre Pinoncelli. 1993an, txiza egin zuen pixontzi horretan, Nimesen (Frantzia). 2006an, Parisko Pompidou zentroko pixontziari eraso egin zion, mailu batekin. Pinoncellik adierazi zuen Duchampen lan erradikal hori «instituzionalizatu» egin zela, eta berak «freskoago eta berriago» bihurtu zuela.

Cy Twoblyren lanari emandako musua
Cy Twombly artista estatubatuarrak izenik gabeko triptiko bat zuen ikusgai Avignongo (Frantzia) Lambert Bilduman (2007). Rindy Sam artistak, «pasioari eutsi ezinda», mihise zuriari musu bat ematea erabaki zuen. «Musu bat baino ez zen izan, maitasun ekintza bat», azaldu zuen artistak epaiketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.