PLAN BAT MARIJAIAREKIN. Carlos Ruiz. Pentsioduna

« Kulturarekiko geneukan ikuskera aldatu zuten jaiek»

Duela 40 urtetik ez du hutsik egiten Ruizek Bilboko Aste Nagusian. Pentsiodunen kolektiboa jai ereduan integratuta dagoela dio. Haserre daude erakundeek festak «pribatizatu» nahi dituztelako.

Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Aldarrikapenez beteriko urte beroa daramate pentsiodunek. Urtarrilaz geroztik, mobilizazioak eta elkarretaratzeak egiten dituzte astero, pentsio duinak eskatzeko. Atzo bertan, manifestazioa egin zuten Bilboko Aste Nagusian. Hainbat kolektiboren bultzada eta babesa izaten ari dira ekitaldietan. Herritarren borondatearekin, halaxe sortu zen Bilboko Aste Nagusia ere, eta gertutik bizi izan zuen Carlos Ruiz pentsiodunen kolektiboko kideak (Santander, Espainia, 1949).

Nolakoa da zure Aste Nagusia?

Ohitura eta ordutegi berdintsuak izaten ditut ia urtero. Goizean, 12:00etatik 14:00etara bitarte egiten dut lehen osteratxoa. Gastronomia lehiaketak ikustea gustatzen zait, eta erreka ondoko txosnetatik ibilbidea egiten dut hiruzpalau zurito hartzeko. Arratsaldez, bestalde, 20:00 inguruan ateratzen naiz,su artifizialak ikusi arte. Ezohiko zerbait baldin badago ere joaten naiz, baina, batik bat, ordu horiek ditut egunero finkatuak Aste Nagusian.

Egitarauko ekitaldiren bat azpimarratuko al zenuke?

Santiago plazan eguerdiero izaten diren bertso saioetara joatea gustatzen zait, baita Plaza Barriko euskal dantzen ikuskizunak ikustea ere. Gastronomia lehiaketa batean ere parte hartu izan dut noizbait, eta txosnetan ere txandaren bat tokatu izan zait. Fisikoki ez da esfortzu handia, eta Bilboko jaiak erreferente mundiala izan daitezen laguntzen dut horrela. Horrez gainera, neure burua entretenitzen dut, urtean zehar egiten ditudan ekintzetatik aldentzen naiz.

Pentsiodunak egungo jai ereduan integratuak al zaudete?

Baietz esango nuke, nahiz eta kolektibo gisa ez gauden konpartsa batean integratuta. Aste Nagusian guztiontzako ordutegiak daude, eta, pentsiodunak goizeko ordutegiko kolektiborik jendetsuena gara. Batzuk, adibidez, 09:00etan ateratzen dira kalera, garbitzaileek nola lan egiten duten ikustera. Beste batzuei, berriz, eguerdi aldera tabernetan lagunekin zein familiarekin pintxoak eta poteak hartzea gustatzen zaie. Badaude, kultur ekitaldietan parte hartzen dutenak ere. Gauak, aldiz, ez dira guretzat, iluntzetik aurrera musika mota aldatzen da; goizekoa lasaiagoa da, etagauekoa, aldiz, zaratatsuagoa, eta guk ez dugu gaur egungo musikaren inguruko ikuskera hori. Orduan etxeratzen gara.

Aste Nagusiaren 40.urteurrena ospatzen da aurten. Gogoratzen al dituzu hasierako urte haiek?

Nola ez. Lehenengo urte hartako jaietan Txintxarri deitzen zen konpartsako kide izan nintzen. Hasiera hark kulturarekiko geneukan ikuskera aldatu zuen. Aste Nagusia, lehen urteetan, interes komuneko zerbait zen. Halaber, ez genuen baloratzen bere osotasunean neurri horretako jauzia egiteak zer zekarren.

Aste Nagusiaren alderdi bat baino gehiago ikusteko aukera izango zenuen.

Urte hauetan guztietan hainbat aldaketa izan dira. Baina 1983. urteko uholdeetan kolpe gogorra hartu genuen, galera ekonomiko handiko egoera gainditu behar izan genuen. Konpartsek zuten energia Zazpikaleak berreskuratzen laguntzeko ezinbestekoa izan zen. Are gehiago, gizartearekiko geneukan lotura asko sendotu zen.

Nola aldatu dira jaiak hasiera hartatik?

Administrazioaren aldetik, gehienbat Udalaren aldetik, Aste Nagusia pribatizatzeko ahaleginak egon dira, eta parte bat pribatua izatea ere lortu da. Izaera arina eta azalekoa eman nahi diote. Halaber, egungo Aste Nagusia ez da hasiera hartan zen bezain herrikoia. Jaiak jendeak dituen grinen aldarrikapenerako eremua izan behar dira, adierazpen askatasuna ezinbestekoa da.

Zer eskatuko zenioke Marijaiari?

Marijaia hiriko ikur zen, eta kultur ondare garrantzitsu bat bihurtuda. Baina iruditzen zait jarduera pribatua dela oraindik ere. Hori horrela, modu onean eta debalde, behin betiko, herri honetako kultur jardueretara lotzeko eskatuko nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.