Ane Eslava.
Sanferminak Iruñean. PERTSONA NORMALEN FESTA

Udaltzainen entzierroa

2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Enrique Maia alkateak «pertsona normalen sanferminak» aldarrikatu zituenetik, normalegia da dena festetan. Batez ere, entzierroak: oso aspergarriak dira; ez dago emoziorik. Gertatu den gauzarik zirraragarriena izan da egun batean udaltzainak sartu zirela ibilbidean, bi lagun identifikatzera. Eta korrikalariak nazkatu egin dira azkenean: eserialdiak egiten hasi dira, egunero, suziriak jo aurretik, protesta gisa.

Alkate jauna adrenalina gosez diren korrikalarien iraultza baten beldur da, eta urgentziako bilkura batera deitu du. «Premiazkoa da gatazka hau konpontzea», adierazi die zinegotziei. Haietako batek, konfiantza goraldi batean, eskua altxatu, eta honako hau bota du: «Badakit! Dinosauroak jarriko ditugu zezenen ordez!». Aho zabalik geratu dira guztiak; horixe egingo dute. Sei Velociraptor eta sei Diplodocus kontratatu dituzte. Hasieran arrakasta zirudiena, baina, arrisku bilakatu da gero, dinosauroek beren buruarekin estropezu egiten baitute, pilaketak sortuz. Bilkura deitu dute berriz. «Beste ideia bat behar dut, arren», alkateak, etsita. «Aizue», beste zinegotzi batek: «Eta Indurain jantzitako sei txirrindulari jartzen baditugu Espaden gainean?». «Aurrera!».

Horrek ere porrot egin du, ordea. Txirrindulariak ez daude sasoian korrikalariak asetzeko, eta horiek sumintzen hasiak dira berriz. Hirugarren udalbatzara deitu dute. Bat-batean, zinegotzirik argienak, aulkitik zutituta, ideiarik bikainena bota du: «Jar ditzagun udaltzainak! Horrek ezin du huts egin!». Eta hala izan da: arrakasta osoa. Gaixoek gogor entrenatu behar izan dute, baina lortu dute. Orain, azkenean ere, iruindarrak trankil dabiltza kaletik, zezenak bakean daude, eta korrikalariak, pozik. Lasaitasunak agintzen du berriz Iruñean: normaltasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.